EH Bilduren ustez, aurrekontu akordioa «oso aurreratua» dago EPrekin

Lehengo aldiz bildu dira Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu, aurrekontuak adosteko. Baietz bozkatzeko, «egiturazko aldaketak» nahi dituzte

EH Bilduko ordezkariak, aurrekontuak negoziatzen, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Egiturazko aldaketak» egitea. Hori jarri du baldintzatzat EH Bilduk 2020ko aurrekontuen alde bozkatzeko. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren bizitzak hobetzeko urrats handiak egin daitezke, baina egiturazko aldaketak egin behar dira», ziurtatu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Atzo izan zuten kontuak negoziatzeko lehen bilera Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin.

Hitz egiteko prest daude, baina Iriartek ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak akordioa «ia itxita» duela Elkarrekin Podemosekin. Bileraren ondoren egindako adierazpenetan, kontu horiek «egiturazko gabeziak» dituztela salatu du, eta ez dietela erantzuten herritarrek dituzten beharrei: «Aurrekontu hauek ez dira berdeagoak, feministagoak edo sozialagoak, eta ez diete herritarrek lanaren inguruan dituzten beharrei edo pentsiodunen eskaerei erantzuten».

Oraingoekin ados ez daudela-eta, koalizio abertzaleak ziurtatu du datorren egunetan bere aurrekontu proposamena aurkeztuko duela: «Ulertzen dugu ezin dugula erabat aldatu gobernu honen aurrekontua, baina badaude molda daitezkeen alor batzuk». Azpiazu hori aztertzeko prest agertu da, betiere Eusko Jaurlaritzaren konpetentzietan eta eremu ekonomikoan nahiz aurrekontuetan sartzen bada.

Sachez inbestitzearen truke

EH Bilduk ez du uste kasualitatea denik Elkarrekin Podemosen jarrera, eta egotzi diote «merkeagotu» egin dutela beren balizko babesa, herritarren interesei «kalte» eginda. Jarrera aldaketa ulertzeko, Espainiako Gorteetan jarri behar da arreta, Iriarteren iritziz; zehazki, PSOEk eta Podemosek gobernua osatzeko lortutako akordioari egin nahi izan dio erreferentzia: «Alderdi horiek EAEn dauzkaten ordezkariek eta EAJk gehiago begiratzen diote Pedro Sanchezen inbestidurari herritarren beharrei baino». Nabarmendu du EAEko aurrekontuak ezin direla «trukerako» erabili, Espainian gobernu berri bat osatzeko. «Sanchezen inbestidura jokoan dagoenean, nolabaiteko opari bat jausi zaio Eusko Jaurlaritzari», gaineratu du. Hain zuzen, gaur aurkeztu dituzte kredentzialak Espainiako Gorteetan EAJko hautetsiek. Aitor Estebanek ez du esan zer bozkatuko duten, baina adierazi dute egonkortasunaren alde egiteko borondatea daukatela.

Gaur, berriz, Eusko Jaurlaritza bigarrenez bilduko da Elkarrekin Podemosekin. Azpiazuk esan izan du beraiekin daudela akordioa lortzeko «baldintzarik egokienak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.