Inaxio Oiarzabal. Sareko bozeramailea

«Herri honek erakutsi du baduela pazientzia»

Euskal presoen eskubideen aldeko plataformako kidearentzat, auzian «aurrepausoak» eman dira. Iruditzen zaio, halere, Espainiako Gobernuak ez dituela sortutako «espektatibak bete».
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko abuztuak 14

Izan Bidea dinamikaren barruan, Donostian, gaur (17:30), giza kate bat osatzeko deia egin du Sare euskal presoen eskubideen aldeko herri plataformak. Zutabe bat Saguesetik abiatuko da, eta bestea Haizearen Orrazitik. Lasta plazan dira elkartzekoak biak. Plataformaren bozeramaile Inaxio Oiarzabalek (Donostia, 1986) nabarmendu du dinamika hasi zutenetik 2.700 pertsona baino gehiago izan direla aplikazioaren bidez izena eman dutenak. «Hortik haratago, antolatutako ekimenetan askoz ere jende gehiagok parte hartu du».

Izan Bidea dinamika abiatu zenuten maiatz bukaeran, preso eta errefuxiatuen egoeraren irtenbidean aurrerapausoak emateko. Zein da zuen balorazioa orain arte egindakoaz?

Nahi dugu Izan Bidea dinamika izatea presoen etxeratze prozesuaren bidea; elkarbizitzaren eta bakearen bidea, jendarte osoak elkarrekin egitekoa. Azken urteotan hainbat kontsentsu lortu genituen; adibidez, kontsentsu zabal bat espetxe politikaren aldaketaren inguruan. Izan Bideak nahi du kontsentsu horietan pauso bat aurrera ematea, aktibazioan jauzi bat egitea. Dinamika honen erronka nagusia da, azkenean, Euskal Herriak duen biztanle kopurua adina kilometro egitea denon artean. Argi dugu halako ekimen batean parte hartzeko hainbat aukera zabaldu behar genituela, eta hori da Izan Bidearekin lor dezakeguna. Norberak bere kasa egin dezake, edo taldean, modu antolatuan.

Erronka da lortutako kontsentsuak mugimenduan jartzea. Oso pozik gaude, ikusten ari garelako bide zabalago bat egiten ari garela.

Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen aurreko legegintzaldian euskal preso guztiak euskal espetxeetara ekartzeko, eta Eusko Legebiltzarreko %88ek bat egin zuten eskaera horrekin —EAJk, EH Bilduk, EPk eta PSE-EEk—. Adostasun horiek zertan dira erabilgarriak?

Ibilbide bat egin dela esan genezake. Duela urte batzuk, presoak Euskal Herritik 350 kilometrora zeuden kartzeletara gerturatzearen aldeko apustua egiten zuen Eusko Jaurlaritzak. Baina gizarteak, alde horretatik, aurrerago egin du, eta azken urtean Eusko Jaurlaritzaren azken eskaera izan da euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea. Horrek erakusten du aurrerapauso handiak eman direla elkar ulertzean, eta ikusteko orduan zein beharrezkoa den presoen egoerari aterabide bat ematea elkarbizitza integral baterako. Uste dut gizarteak bultzatu duela gehiengo politikoa apustu hori egitera. Eta horrek, gero, oihartzuna dauka. Gizartetik egiten dugun bultzadari instituzioek laguntzen badiote, indar gehiagorekin egingo dugu. Espainiako Gobernuak ikusi behar du, azkenean, prozesu horri dagokionez hemen badagoela aldekotasun oso zabal bat.

2018ko maiatzaren 3an ETA desegin zenez geroztik PSOEk auziarekiko bere jarrera aldatu duela iruditzen zaizue? Aurrez, legebiltzarrean eskatzen zenean salbuespen politika amaitzeko, PSE-EEk ez zuen onartzen.

Bai, zalantzarik gabe. EAEan ikusi da garapen bat PSE-EEren jarreran. Azken urteotan hainbat aurrerapauso eman dira. Aipatutakoez gain, nabarmendu nuke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan gaixo larrien kontuarekin lortutako adostasunak. Badago aurrera egiteko gogo bat, nahiz eta, gero, irmotasun eta ausardia pixka bat ere behar diren.

PSOE Espainiako Gobernuan dagoenetik, 2018ko ekainetik, 40 euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira, eta beste hamabi Euskal Herriratu. Zenbaki horiek kontuan hartzekoak dira?

Aldaketa bat nabaritu genuen PPren gobernutik PSOErenera, haiekin hitz egiteko aukera ahalbidetu zelako. Gero, PSOE gobernura iritsi zenean, gure harridurarako Madrilgo hainbat ahotsek esan zuten presoen kontuari aterabide bat emango zitzaiola, presoak Euskal Herrira hurbilduko zituztela. Zuhurtasunez hartu genuen. Gero ikusi da aipatutako datu horiek badirela aldaketa txiki bat, baina ez dira haiek esan zuten irmotasunarekin bete. Ikusita euskal gizartearen gehiengo zabal batek horren alde egiten duela, oraintxe bertan egin behar du. Egoerak hori eskatzen du.

Datuak hor daude, eta egia da gradu aldaketa batzuk eman direla, preso batzuk hirugarrenean daudela. Pozgarria da hori, ikusi delako badagoelako prozesu bat egiteko aukera; baina horrek ez du esan nahi beraiek berehalako batean horrelako erabaki bat hartzeko baldintzetan gaudenik.

Hau da, Euskal Herriratzeen eta gerturatzeen erritmoa bizkortzeko eskatzen diozue Madrili.

Zalantzarik gabe. Oraindik ia 240 preso daude Espainiar eta Frantziar estatuetan. Euskal Herritik 300 kilometrotara dauden kartzeletara egindako hurbilketak pozgarriak dira, baina ez dira nahikoa. Guk eskatzen dugu Euskal Herrira ekar ditzatela. Eta hilabetean hiru hurbilduta, urte asko beharko ziren oraindik guztia konpontzeko.

EH Bilduk du Espainiako gobernabidean eragiteko aukera. Horrek lagun diezaioke presoen auziari?

Bide honen alde egiten duten eta Madrilen presentzia duten EAEko eta Nafarroako taldeek eragiteko gaitasuna dute. Eskatu izan diegu gai hau lehentasun bezala jartzeko.

Bestalde, ETA desegin zenetik, hamar pertsona atxilotu dituzte Espainiako eta Frantziako polizia indarrek, eta horietako bost espetxean daude.

Harriduraz bizi izan ditugu azken atxiloketak. Aspalditik uste dugu hemen bizi izan den konfrontazioa eta biolentzia aspaldiko kontua dela, eta ez dugula gogora ekarri behar. Horrelako atxiloketek iraganera eramaten gaituzte. Baina beste fase batean, beste une batean gaude, eta, borondatea baldin badago, gauzak beste modu batean egiteko aukera dago.

Duela hiruzpalau urte eskas atzera eginda, imajinatzekoa zen auziaren oraingo egoera?

Norberaren espektatiben araberakoa da. Gure ustez, hobera egin du. Aldaketa funtsezko batzuk egon dira, eta horiek erakutsi digute badagoela bide bat egiteko. Baina kostatzen ari zaigu aurrera egitea eta aldaketa ematea. Baina beste askorentzat, presoen egoera konpontzeko bidea azkarrago egin beharko litzateke.

Pazientzia behar da?

Herri honek erakutsi du baduela pazientzia. Sufrikario hau egunerokoan bizi dutenek pazientzia behar dute, baina pazientziak baditu mugak. Izan ere, Madrilen ahots batzuek hain ozen esan zutenez aldaketa etorriko zela, espektatibak sortu ziren, eta horrek etsipen handia eragiten du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Langile batzuk kaleak desinfektatzen, atzo, Azkoienen (Nafarroa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna