Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak ez du asmorik etxeratze agindua berriz ezartzeko

Osakidetzak eta Osasunbideak egindako azken testetan %5,2 izan dira positibo. COVID-19ak jotako 97 paziente daude erietxeetako ZIUetan

Iruñeko kaleak hutsik iluntzez, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
arantxa iraola
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Asteburuetan eta jaiegunetan, intzidentzia handiko tokietan, etxeratze agindua ezarrita egon da Nafarroan uda honetan, baina atzo Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek jakinarazi zuen ez dutela asmorik neurri hori berriz ezartzeko. Neurriak astez aste berrituz joan dira, Nafarroako Auzitegi Nagusiari propio horretarako baimena eskatuta, baina esan zuen dagoeneko ez dutela eskabide hori bideratuko. Izan ere, izurriarekin lotutako datuetan hobekuntza izan dela argudiatuta, orain neurriak arintzera egin behar dela adierazi zuen. Neurriak 01:00etik 06:00etara kalean ibiltzea galarazten du asteburuetan, jai egunetan, eta usadioz herrietan festak ospatzen diren egunetan eta jai horien bezperatan.

Nafarroak «arrisku handiko» eremu izateari utzi diola azaldu zuen atzo Txibitek, eta egoera berri horri erantzunez hartu behar direla orain neurriak. Esker ona adierazi nahi izan zien herritarrei, oro har hartu diren neurrien aurrean izan duten jarrera onarengatik, eta hobekuntza jarrera «arduratsu» horren ondorioz heldu dela esan zuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere hizpide izan zuen atzo izurria; «prebentzio neurriei» atxikita jarraitzeko eskatu zuen, eta, areago, horiek muturrera eramateko. Azaldu zuen hartara aste batzuen buruan oraingo pandemia egoera gainditu eta osasun krisia «egoera endemiko batean» egotea espero dutela.

427 positibo

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, izurria kontrolpean jartzen haste aldera, ezinbestekoa da egiten diren testen artean %5 baino gutxiago izatea positiboak. Eta ehuneko horretatik hurbil daude datuak, Hegoaldeko osasun sistemek egindako azken jakinarazpenen arabera: astelehenean 8.189 test egin zituzten denera, eta horietako 427k eman zuten positibo, alegia, testen %5,2 izan ziren.

Erietxeetan, hala ere, agerikoa da izurriaren zama. Osasunbideko erietxeetan COVID-19a duten 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta 25 larri daude, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroako Osasun Departamenduak jakinarazi du, halaber, bi pertsona hil direla gaitzak jota. Azken orduotan, gaitzak jotako 31 lagun eraman dituzte Osakidetzako zentroetara. Hala ere, COVID-19arekin gela arruntetan dauden pazienteen kopuruak behera egin du: 196 dira orain, eta abuztuaren 17an 256 ziren. ZIUetan daudenetan ez da aparteko jaitsierarik izan: 72 paziente daude, eta abuztuaren 17tik egun bakarrean izan dira 70 baino gutxiago. Abuztuaren 27an, hain zuzen ere, 69 izan ziren.

Zahar etxeetako egoerari dagokionez, azken astean Nafarroan bost egoiliar hil dira gaitzarekin, eta 23 lagun kutsatuta daude. Gipuzkoan, berriz, egoiliar bat hil eta bost erabiltzaile sendatu direla jakinarazi zuen atzo aldundiak; hamabost erabiltzaile kutsatuta daude. Bizkaian, azken astean bi egoiliar hil dira gaitzarekin; 63 erabiltzaile kutsatuta daude, eta beste sei erietxeetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.