Rafael Vilasanjuan. Txertaketarako Munduko Aliantzako kidea

«Gizateriaren bi heren txerto gabe geratu dira urte oso batez»

Txertoak «komunitate zaurgarrienetara» iristea izan du helburu Vilasanjuanek COVIDaren garaian. Azaldu du herrialde aberatsek «gogo biziz» bereganatu dituztela, eta horrek oztopo ugari ekarri dituela.

JON URBE/FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lanbidez kazetaria den arren, 3.000 eragile eta elkarte baino gehiago ordezkatzen ditu gaur egun Rafael Vilasanjuanek (Bartzelona, 1961) GAVI Txertaketarako Munduko Aliantzan. «Koronabirusak gehien astindu dituen herrialdeetako ahotsa erakundera ekartzea» izan da haren egitekoa pandemian zehar, txertoak «komunitate zaurgarrienetara» hel daitezen. Donostian izan zen duela aste batzuk, Epidemiologia Elkartearen biltzarrean, Txertoaren nazionalismoak, tokiko borondatetik premia globalera hitzaldia ematen.

Badirudi egoera lasaitu dela COVIDari dagokionez. Nola ikusten duzu zuk?

Gaixotasunen garapena estabilizatu da, txertoari eta garatu ditugun estrategiei esker, baina birusak hor jarraitzen du oraindik. Edonoiz beste aldaera bat etor daiteke, eta baliteke orain ditugun txertoak ez izatea eraginkorrak aldaera horri aurre egiteko. Hala balitz, txerto berriak beharko genituzke. Hori bai, orain jada ekoizpen prozesua oso kontrolatuta daukagu, eta, beraz, denbora gutxian sortu ahalko genituzke. Adi egon behar dugu, txertoa izateak ez baitu esan nahi kutsatuko ez garenik.

Zeintzuk izan dira, txertoei dagokienez, aurkitu dituzuen zailtasun nabarmenenak?

Oztopo ugari izan ditugu. Batetik, herrialde aberatsek gogo biziz bereganatu dituzte txertoak. Ondorioz, gizateriaren bi heren txerto gabe geratu dira urte oso batez, eta horrek ekarri du omikronaren gisako aldaera berriak sortzea. Negazionisten mugimendua ere oztopo nabarmena izan da, herritarrei zalantza sortu dielako.

AstraZenecak ospe txarra hartu zuen, efizientzia txikia duela zabaldu zelako. Egia da?

AstraZenecarena beste txertoak bezain baliagarria da, efizientzia handikoa. Pandemiaren garai batean, AstraZenecak ez zituen behar beste proba egin 65 urtetik gorako pertsonetan, eta Alemanian filtratu zen adin horretatik gorakoetan efizientzia %8koa zela. Hau da, ez zuela ia efizientziarik. Kuriosoa da, hala ere, Alemaniak interesa duela beste txerto batzuk kaleratzean. Atera zuten informazioa faltsua da, gerora frogatu den moduan; hedabide batek atera zuen, politikari batekin izandako hartu-eman batzuen ondoren.

Hala ere, informazio horrek muga nabarmenak ekarri zizkion txertoari.

Bai. Espainian, adibidez, txerto hori 55 urtetik beherakoetan soilik jartzen hasi ziren, eta, 65 urtetik gorakoetan ere jarri izan balitz, Espainiako eta Europako zati batzuetako txertaketa nabarmen bizkortuko zukeen. Baina horren ordez, zer gertatu da? Txerto hori jada erosita eta ordainduta zegoenez baina jarri ez denez, errenta baxua duten herrialdeetara eraman dutela, Afrikara edo Latinoamerikara, esaterako.

Hegoaldeko herrialdeei inork nahi ez zituen txertoak eman dizkiete?

Europak erosketa konpultsibo bat egin zuen, txertorik gabe geratzeko beldurragatik. Behar zuena halako hiru edo halako lau erosi zuen. Beraz, gero erabili ez dituen horiek eman dizkie hegoaldeko herrialdeei. Herrialde horietan esaten dute: «Zergatik daukate hona datozen [Mendebaldeko] guztiek Pfizer edo Moderna jarrita eta niri inork ez daukan txerto hori eman nahi didate?». Normala da horrek deskonfiantza sortzea.

Zer egiteko izan dute geopolitikak eta ekonomiak?

Ezinbestekoa. Ekonomia hondoratzearen beldurragatik izango ez balitz, ez genuke txertorik izango. Hala ere, bere alde negatiboa ere badauka. Herrialde bakoitzak beretzako konponbide bat bilatu nahi izan du, pandemia bat globala dela kontuan hartu gabe. Eta txertoen ekoizpena guztiz bereganatu dute Mendebaldeko herrialdeek.

Hegoaldeko herritarrak txertatzeak onurak dakartza mendebaldeko munduarentzat?

Bai, zuzeneko onurak gainera. Polioaren kasua horren adibide argia da. Espainian umeei polioaren txertoa jartzen diegu, baina hemen jada ez dago gaixotasun hori. Orduan, zergatik jarraitzen dugu txertatzen? Ba, Afganistanen, Sirian edo Nigerian, esaterako, oraindik bizirik dirauelako, eta oso erraz kutsatzen delako. Gaixotasun infekziosoetan ezin dugu begirada partzial bat izan; globala izan behar du, guganaino heltzea nahi ez badugu behintzat.

Hala ere, urte bat igaro zen Europan lehenengo txertoa ezarri zenetik Afrikan lehena ezarri arte.

Bai, eta denbora tarte oso luzea da. Presa handia zeukan txerto bat zen, eta, beraz, bazitekeen urtebetean txertoak garrantzi handia izateari utzi eta batere ez izatea: eta hori da orain gertatzen ari dena. Afrikan jendeak malariaren aurkako txertoa nahi du, ikusten dutelako haurrak horrekin hiltzen ari direla. Baina jada ez dute irudipenik COVIDa haientzat arazo handia izango dela.

Europa barruan ere egon da desberdintasunik txertoak lortzeko aukerei dagokienez?

Europako Batasunak lehen aldiz jardun du nazio bakar bat izango balitz bezala: guztiontzat erosi ditu txertoak. Txertaketaren lehen urtean, txerto propioa edukitzeko besteko inbertsioa egin zuen herrialde bakarra Alemania izan zen. Beste guztiontzat, txertoak erostea zen aukera bakarra. Eta ikusi dugu nola funtzionatzen duen erostearen kontuak: txerto hori erosteko, aurretik finantzatu behar duzu. Beraz, zer pentsatu zuen Europako Batasunak? Ez baditugu guztiontzako txertoak erosten, Europa barneko mugak itxi beharko ditugu txertaketa mailaren arabera. Beraz, guztiontzat erosi zituen, eta herrialde bakoitzeko biztanleriaren arabera proportzionalki banatu.

Txertoen banaketa ikuspegi ekonomiko edo geopolitiko batetik egin beharrean epidemiologia aintzat hartuta egin izan balitz, bidezkoagoa zatekeen?

Bai, baita efektiboagoa ere. Kontua da orain ez daukagula mekanismorik banaketa modu horretan egiteko. Txertoak herrialde guztietako biztanleriarengana helarazi bagenitu, baina herrialde bakoitzean biztanleriaren %50 edo %60 soilik txertatuta, eta, horrez gain, birusak gogorren jotzen zuen herrialdeetan ekiteko mekanismoak martxan jarri izan bagenitu, askoz errazago kontrolatuko genuke.

Zer irakaspen atera duzue etorkizunean etor daitezkeen pandemiei begira?

Batetik, borondate politikoa badago, txertoak badaudela. Beraz,jarraitu behar dugu behar den lekuetara txertoak helarazten. Bestalde, ikusi dugu beharrezkoa dela txertoak modu eraginkorrean banatuko dituen mekanismo zentral bat; GAVI berandu iritsi da, Mendebaldeko herrialdeek txertoak bereganatzeko izan duten irrikagatik. Ekoizpen osoa bereganatu izan ez balute, txertoak beste herrialde batzuetara lehenago eramango genituzkeen, eta horrela mutazio batzuk saihestea posible izango zatekeen, segur aski. Eta, batez ere, esango nuke prest egon behar dugula hurrengo pandemiarako, badakigulako iritsiko dela. Ez dakigu noiz, baina etorriko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.