Albistea entzun

Iker Apraiz. GKSko kidea

«Ezker abertzalea izan da lehena GKS isilarazteko lanean»

GKSk «ez du borondaterik» iazko udako jaietako liskarrak luzatzeko, baina ohartarazi du «defendatu» egin beharko duela «ezker abertzalearen jazarpena ez bada eteten».
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko urtarrilak 26 - Andoain

Larunbat honetarako manifestatzera deitu du GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak, Bilbon eta Iruñean, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Iker Apraiz GKSko kideak (Atxondo, Bizkaia, 1998) ziklo berri bati buruz hitz egin du, non langileek «baliabide propioak» sortu beharko dituzten «beren bizi baldintzak defendatzeko».

Azalduko duzu ziklo berriari buruzko diagnostiko hori?

Langileon bizi baldintzen kontura negozioa egiten ari dira enpresariak, eta, masa komunikabideen arabera, krisia fenomeno naturala da; guk ez dugu ulertzen horrela, baizik eta ziklo ekonomiko berri baten gisa, non enpresari handiek neurri gehiago inposatzen baitituzte beren irabaziak handitzeko. Gainera, egoera horri aurre egiteko baldintza politikoak kaskartzen dituzte, zigor kodea gogortzen, eta indar polizialak sendotzen.

Estatua ere jotzen duzue horren erruduntzat, ezta?

Egoera horren exekutoreak dira estatua eta estatu horretan parte hartzen duten alderdi politikoak. Horri aurre egiteko, enpresarien eta parlamentuetan parte hartzen duten politikarien eraginetik kanpo mobilizatu behar dugu, eta baliabide propioak sortu, ez bakarrik gure bizi baldintzak defendatzeko, baita indar politiko erreal bat egituratzeko ere kapitalismoari aurre egiteko.

Nola aldatuko du GKSk sistema kanpotik?

Langile klaseak politikan parte hartu behar du, baina ez politika instituzionalean, hortik kanpo baizik. Erakunde propioak eraikitzearen alde egiten dugu, etsaien aurrean botere kuotak eskuratu ahal izateko, betiere estatu sozialistaren norabidean.

Zenbat jende espero duzue manifestazioetan? Nolakoak beharko lukete arrakastatsu izateko?

Oso aro gogorra bizi dugu: mobilizatzea eskatzen duen testuinguru bat da. Ukaezina da. Horren aurrean mobilizatzea oso garrantzitsua da, baina, aldi berean, badakigu gure diskurtsoa ildo ofizialetik kanpo geratzen dela, eta sen onarekin kontrajarria aurkezten dutela ideologia nagusiek. Beraz, ulertzen dugu ezin dugula espero jendearen sekulako erreakziorik.

Mugimendu minoritario bat zaretela esaten ari zara?

Ohartzen garela oraindik ez duguna indar korrelazio positiborik, baina, aldi berean, diskurtso ofizialetatik kanpo kokatuta, milaka pertsona kontsigna sozialistaren alde mobilizatzea lorpen handia dela uste dugu.

GKS prest legoke bere helburuak doitzeko babes sozial handiagoa lortzeko?

Ez gutxieneko printzipio batzuk zaindu gabe. Horrek ez du esan nahi beste eragile batzuekin kolaboratu behar ez dugunik, baina badaude ukaezinak diren printzipio politiko batzuk.

Alderdi iraultzaile bat sortzeko asmoa agertu duzue. Urrats jakinak egin dituzue?

Ez da ulertu behar alderdi hitza gaur duen adieran. Ez dugu alderdi politiko bat sortu nahi parlamentuetan lehiatzeko. Alderdi iraultzaile bati buruz ari gara, antolakuntza tresna gisa, interes orokorra banakoen interesen gainetik jartzeko, eta nagusitasun politikoa eskuratzeko ahalik eta lurralde gehienetan.

Zer lurralderi buruz ari zara? Euskal Herria lurralde subjektu gisa motz geratzen zaio GKSri?

Euskal Herriko Mugimendu Sozialista Euskal Herri mailan antolatu da, baina argi ikusten dugu gutxienez Europa mailan antolatzen dela etsaia. Europako erakundeetan hartzen dira erabaki ekonomiko garrantzitsu asko; hor daude Europako Batasuna eta EBZ [Europako Banku Zentrala]. Aurrerapauso errealak emateko, antolakuntzak gutxienez Europa mailakoa behar du.

Helburu handien bidean, eragile politikoek kokatu behar izaten dute gizartean eragiten duten edukien inguruan ere. Zer iritzi duzue Hego Euskal Herrian ere eragiten duten Trans Legeaz eta Soilik baietz da baietz legeaz?

Errespetu handia diegu identitate guztiei, baina horrelako legeak ez dira gai tratatzen dituzten arazoei aterabide errealak emateko: hauteskunde propaganda hutsa dira askotan. Horrelako arazoei aurre egiteko, haien erroak identifikatu behar dira, eta konponbide integral bat eman. Hala ere, gai horiek Itaia emakume sozialisten antolakundeak sakon lantzen ditu, GKSk lantzen ez duen moduan.

Sarek presoen alde Bilbon antolatu duen mobilizazioa ez duzue babestu. Zergatik?

Presoen baldintzak hobetzea pozgarria da; edozein hobekuntza ongi etorria izan dadila, baina kritiko gara Sarerekin. Batetik, hamabost urtean egin dituen lorpenak nahiko eskasak dira, oraindik preso asko baitaude barruan; azken urtean ikusi dira aurrerapen batzuk, baina, perspektibarekin begiratuta, emaitza eskasa da. Gainera, estatuak jarritako baldintzak onartu behar izan dira, sarritan presoen izaera politikoa ukatuz, eta, are, etorkizuneko borrokarako baldintzak higatuz. Estatuaren xantaia onartzea ez da bidea; horregatik aldarrikatzen dugu guk amnistia.

Ez da estrategia egokia eskura dauden tresnak baliatzea urte askoan espetxean egon direnak gerturatzeko eta kaleratzeko?

Ez dugu gaizki-ulerturik eragin nahi. Positiboa da baliabideak egotea presoen egoera hobetzeko, baina, horretarako, estatuak jarritako baldintzak onartu dira, eta hori ez da biderik zuzenena.

EH Bildurekin duzuen konfrontazioa urrutirago iritsi zen iazko udan, herriko jaietako txosnak direla eta. Aurtengo uda bide beretik joango da?

Hasieratik izan ditugu ezker abertzalearekin sakoneko desadostasunak, baina hura izan da gurekin intolerantea eta intransigentea. Guk ez dugu inolako borondaterik liskar horiek luzatzeko, baina, ezker abertzaleak aurrera jarraitzen badu gure aurkako jazarpen kanpainarekin, guk defendatu egin beharko dugu.

Konfrontazio horrek balio izan dio GKSri GKS badela ikusarazteko?

Hedabideetan oihartzun handia eman diote horri, baina GKS hainbeste entzuteak ez du eragin horrek, baizik eta gure haustura diskurtsoak. Politika serioak eta itxaropentsuak eskaintzen ditugulako. Ezker abertzalea izan da aurrena lan egin duena GKS eta mugimendu sozialista zokoratzeko eta isilarazteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa bozkatu zen momentuan ©Marisol Ramirez/ FOKU

Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du Usansoloko auzian

Berria

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko 113. udal gisa onartu zuten Usansolo, galdeketaren ostean, eta estatuko abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du, prozesu honetan egindako bidea defendatzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

Bake Bideak eta Bakegileak taldeek antolatu mobilizazioa Ipar Euskal Herria blokeatzeko. ©Bob Edme/ Iparla

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...