Oihane Ruiz Menendez. Arkitektoa

«Indibidualismoak hiriaren ideia nagusia suntsitzen du»

Gaur egungo hiri eredua alderantzikatu eta publiko-pribatu dikotomia hausteko beharra aldarrikatu du Oihane Ruiz Menendezek. Kolektibotasunaren eta autogestioaren aldekoa da arkitektoa.
JON URBE/ FOKU

Olatz Esteban Ezkati -

2019ko uztailak 12
Atzo izan zen, Usurbilen (Gipuzkoa), UEUk eta Jakinek antolatutako Maitasuna politikoa da ikastaroa. Bertan, Oihane Ruiz Menendez (Bilbo, 1974) arkitektoak hitzaldi bat eman zuen: azaldu zuen maitasunaren ideologia eta hirigintza lotuta daudela.

Zure hitzaldiak Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak zuen izenburua. Zer da maitasunaren ideologia?

Maitasunaren ideologiaren bidez adierazten dugu sistema patriarkalak emakumeok kokatzen gaituela familiaren eta gizartearen barruan funtzio batzuk betetzeko. Estruktura psikologiko bat da, emakumeak espazio pribatuan jartzen dituena, pertsona zaurgarri bezala, besteak zaintzeko jarreran. Psikiatra batek esaten zuen bi klub daudela gizartean: nik nahi dut klubean, gizonak; eta maita nazaten nahi dut klubean, emakumeak. Feminitatea da maita nazaten nahi dut, eta horren atzean dena emateko prest nago: nire bizitza, nire denbora, nire lana, nire espazioa. Maitasunaren ideologia hor kokatzen da.

Zer harreman dago hirigintzaren eta maitasunaren ideologia horren artean?

Hirigintzak gaur egun lan produktiboari bakarrik begiratzen dio. Azkenean, hori da eremu publikoa, eta hor subjektu nagusia gizona da. Eta gizartearen eredua gizonak egin nahi duen hori da. Hirigintzan, adibidez, autoaren presentzia: neurtzen baldin badugu autoak zenbat espazio okupatzen duen herri edo hiri batean, eta zenbat geratzen den beste guztientzat, jabetuko gara desoreka handi bat dagoela. Hiri handietan auto gutxi daude; espazio gehiena, beraz, gutxien erabiltzen denari ematen zaio. Hor botere harreman bat dago, orain arte gizonak ibili izan baitira autoan.

Esan daiteke, beraz, hiriak gizonentzat eraikiak daudela?

Nik uste dut hiri modernoaren eskemak gizonen pentsamenduaren hegemoniari erantzuten diola, bai. Eta lan erreproduktiboa ez du bermatzen, ez du kontuan hartzen. Zaintza ez dago, ez da existitzen; zaintza espontaneoki gertatzen da, dohainik, eta ez dakigu zer eremutan. Umeen jolastokiak, adibidez, niri oso adierazgarriak iruditzen zaizkit: nire ama kalera ateratzen zen eta plaza guztiak jolasteko eremu bat ziren, baina orain nire seme-alabek jolasteko dituzten eremuak heziketakoak dira bakarrik.

Zer ekarri du espazioen banaketa mugatu horrek?

Hor asko galdu da. Gizarteak galdu du, baina batez ere umeek. Autonomia lantzeko espazio garrantzitsu bat galdu dute. Eremu mugatu horietan ez dago haien esku jolasa asmatzea, beste jolas bat proposatzea edo espazioa beste modu batean arakatzea. Gainera, jolasak oso indibidualak dira. Zabua eta txirrista ume batentzat bakarrik dira; jolas kolektiboak ezin dira egin eremu horien barruan.

Hitzaldian kolektibotasunaren aldeko aldarri bat egin duzu. Hori al da beste hiri eredu bat sortzeko bidea?

Bai. Indibidualismoa da gizarte ez-sano baten ezaugarria. Indibidualismoak hiriaren ideia nagusia suntsitzen du: kolektiboan bizi garela, izaki kolektiboak garela. Hirian bizi bagara da kolektiboki bizi nahi dugulako, eta horrek berme asko ematen dizkigu aukera berdintasuna lortzeko. Gauza asko komunitatean bakarrik lor daitezke, eremu indibidualista hori nolabait gaindituta.

Zuk feminismoa eta hirigintza uztartu dituzu zure ibilbidean. Feminismoak ekarri du kolektibotasun horretarako joera?

Bai, bueno, hainbat feminismo daude. Esaten dugunean pertsonala politikoa dela, esaten ari gara gure egoera pertsonalak beste emakumeen egoera pertsonalaren estruktura berdina duela. Orduan, antolatu egiten gara, gertaera horiek guztiak, eremu pribatuan jarri nahi dituztenak, plazara ateratzen ditugu; eta plazara ateratzeko bidea da dinamika kolektiboak lantzea: dimentsio pertsonaletik ezin da. Emakume gehienak oso esplotazio baldintza bortitzetan bizi dira beren egunerokoan, eta hori eremu pribatuan gertatzen da.

Zaintza eremua publikora ekarri behar al da?

Zaintza, eremu kolektibora, bai. Lehen, auzoetan, sanoago egiten zen: ateratzen zinen plazara, eta, nahiz eta zure ama ez egon bertan, bazegoen hor kolektibitate bat zu zaintzen. Norberak ez luke sentitu behar seme-alaben edo gurasoen zaintza ardura indibidual bat bezala. Umeek edo helduek sentitu behar dute familia handi baten barruan daudela, eta aukera izan behar dute plazan egoteko, nahiz eta zuzeneko seniderik ez egon hurbil. Autonomia gehiago landu behar da.

Zer erronka nagusi dauka gaur egun hirigintzak?

Niretzat, erronka nagusia da publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia hori amaitzea. Dena publikora eraman behar dugu. Bestalde, autogestioak berme handi bat sortzen du emakumeen defentsan. Nik hori argi daukat: bakarrik dagoen emakume batek askoz ere baldintza txarragoak ditu indarkeria egoera batetik irteteko. Etxeetan lanean daudenen kasuan, adibidez, askok diote etxeetan bahituta daudela. Zaintza sareak beste modu batean eraiki behar dira. Ezin dugu eraman gure guraso edo umeen zaintza beste emakume batzuengana, haiek esplotatuz eta etxean bakartuz.

Feminizidioak ere ekarri dituzu hitzaldira, eta azaldu duzu %80 baino gehiago etxe barruan gertatzen direla, eta askotan ahazten dugula etxearen formak eta sinbologiak duten papera.

Bai; formak, baina batez ere sinbologiak. Niri iruditzen zait etxe pribatuaren ideia asko landu dela: nola kokatzen gaituzten emakumeok etxe barruan, sumisio paper batean, bestearentzako lan egiten, eta nor den etxeko nagusi. Gizonak ikusten du etxe hori leku seguru bat dela horrelako gauzak egiteko. Nik planteatu dut horrek lan ildo bat izan behar duela hirigintzan lanean gabiltzan emakume edo gizon feministontzat, eta erronka hori hartu behar dugula; aztertu zergatik gertatzen diren gauza horiek etxeetan, zer rol duen etxeak feminizidio edo indarkerien egituran.

Zer rol dute emakumeek hirigintzan gaur egun?

Hirigintzan aldaketa bat gertatzen ari da, baina hor alde handia dago Euskal Herriaren eta Madrilen artean. Euskal Herrian, zenbait udalerritan zabaltzen ari da hirigintzaren plaza hori. Ni Larrabetzun [Bizkaia] arkitekto modura lanean egon nintzenean, adibidez, hirigintzako kontseiluan gehienak emakumezkoak ziren. Etxe hutsen inbentarioa egin zenean ere emakumeak izan ziren. Zenbait herritan gertatzen ari da emakumeek gehiago parte hartzen dutela, baina gero, profesionalki, egia da, gehienak gizonezkoak dira. Eta hor emakumeok aurrerapauso bat eman behar dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna