Koronabirusa. Arantxa Gorostiaga. EHUko irakaslea

«Herritarren erdiek okerrera egin dute psikologikoki»

COVID-19ak eta konfinamenduak herritarrengan eragindako ondorioak aztertu dituzten ikerlarietako bat da Gorostiaga. Dioenez, herritar gehienak bere onera itzuliko dira, baina batzuek arreta psikologikoa beharko dute.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak zuzendutako ikerketa baten arabera, lau lagunetik hirurengan hazi egin da ziurgabetasuna konfinamenduan. Arantxa Gorostiaga EHUko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasleak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) esan du okerrago pasatu dutela emakumeek, gazteek eta lana galdu dutenek.

Hegoaldean alarma egoera eta itxialdia abiatzearekin batera jarri zenuten martxan ikerketa. Zer helbururekin?

Itxialdia hasi eta bi astera, ikertzaile batzuek pentsatu genuen inoiz ikusi gabeko egoera horrek ondorio psikologikoak ekarriko zituela herritarren artean, eta ondorio horiek ikertzea erabaki genuen. Hainbat unibertsitatetako adituak elkartu ginen, eta sare moduko bat osatu genuen lan egiteko.

Ikerketarako bi azterlan egin dituzue.

Bi fasetan bildu ditugu datuak. Lehen fasean, elkarrizketak egin ditugu: Espainiako Estatuko 40 pertsona elkarrizketatu ditugu, profil ezberdinetakoak, eta gaixotasunaren eta lanaren inguruan esperientzia ezberdinak izandakoak. Elkarrizketatuek adierazitakoa jaso dugu. Horrek lagundu egin digu inkesta bera diseinatzen eta lagin handiago batekin lan egiten. Estatuko erkidego guztietako 6.800 herritarrek osatutako lagina hartu dugu; lagin horrekin lortutako emaitza fidagarriak dira. Orain argazki orokorra atera dugu, baina bildutako datu horiek guztiak sakonki aztertzeko aukera dugu.

Ondorio argia atera daiteke ikerketatik: konfinamenduak ondoez psikologikoa eragin du herritar askorengan.

Herritarren erdiek sumatu dute beren egoera psikologikoak okerrera egin duela. Lau lagunetik hirurengan hazi egin da ziurgabetasuna, handitu egin da ingurukoak galtzeko beldurra, eta gaixotasun larriak pairatzeko kezka ere bai. Azpimarragarria da talde batzuek gehiago nabaritu dituztela ondorio horiek. Adibidez, emakumeen kasuan handiagoa izan da ondoeza gizonezkoen kasuan baino, etagaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak izan dituzten pertsonek ere gehiago nabaritu dituzte ondorio horiek. Gazteek gehiago sufritu dituzte hainbat egoera, eta lanpostua galdu dutenek ere okerrera egin dute. Ziurgabetasuna oso nabaria izan da bi talde horietan.

Aurreikusten al zenuen halako emaitzarik?

Espero genuen ondoeza egongo zela herritarren artean, baina ehunekoak espero baino handiagoak izan dira. Emakumeen kasuan, adibidez, datuak oso adierazgarriak dira. Andrazkoetan konfinamenduak intzidentzia handiagoa izan du psikologikoki, oro har, gizonezkoetan baino, ohikoagoak izaten direlako depresioa eta antsietaterekin lotutako sintomatologiak. Eta egoera honetan, agian, zaintza lana, telelana edo lanaren galera askoz ere gogorragoa izan da emakumeen kasuan. Gazteekin lotutako emaitzak ere ustekabekoak izan dira. Itxialdian gaizki pasatu dute, arduraz bizi izan dute, ondoeza handitu egin zaie, eta haserrea, suminkortasuna eta umore aldaketak izan dituzte. Ondorioztatu dezakegu, beraz, lanarekin edo ikasketekin lotutako kezkak areagotu egin zaizkiela epe honetan, eta etxetik ezin ateratzea eta lagunekin ezin egotea bereziki gogorra egin zaiela.

Herritar gehienek beren kabuz emango diote buelta egoera honi, baina bada laguntza profesionala beharko duen jendea.

Herritar gehienak beren onera itzuliko dira, baina pertsona batzuengan ondorio okerragoak utziko ditu egoera honek. Agian, batzuek laguntza psikologikoa beharko dute. Konfinamenduak iraun duen bitartean, batzuek laguntza hori jaso dute, eta hemendik aurrera ere behar hori egon egongo da. Adi egon beharko dugu, beraz, egoera horiekin: denborarekin ez bada ondoeza apaltzen edo eguneroko bizitzan ezin bada normaltasunez aurrera egin, laguntza behar den seinale izan daiteke.

Konfinamendu garaian, herritarren %3k soilik eskatu dute laguntza psikologikoa, txostenean jaso duzuenez.

Herritarrei kosta egiten zaie laguntza psikologikoa eskatzea. Elkarrizketa batzuetan herritarren ahotsa jaso dugu, eta batzuek esaten zuten gaizki pasatzen ari zirela eta aztertzen ari zirela psikologoarenera joatea alarma egoera amaitzen zenean. Alegia, gerorako utzi dute askok psikologoarengana joateko asmoa. Baina argi dago kasu batzuetan beharrezkoa zela behar horri lehenago heltzea. Garrantzitsua da psikologoarengana joateko beldur edo estigma hori kentzea, eta, alde horretatik, informazio kanpainak egin behar dira.

Herritarrentzat ez ezik, instituzioentzat ere bildu dituzue aholkuak txostenean.

Instituzioei aholku batzuk eman dizkiegu hainbat esparrutan: prebentziorako, plangintza integralak prestatzeko, arreta psikologikoa eskaintzeko informazio kanpainak lantzeko... Doluarekin lotutako arazoak ere oso presente izan behar dituzte, egoera oso gogorrak izan direlako. Heriotza asko izan dira, eta gure inguruan pertsona askok ezin izan dute dolua behar bezala landu. Ingurukoak edo familiakoak agurtzeko aukerarik ez da egon askotan, eta horrek arrastoa utz dezake pertsona horiengan. Uste duguinstituzioek ezagutzera eman beharko luketela nolakoa den doluaren prozesua.

Osasun alorreko profesional askok estres handia izan dute egoera honetan. Arreta berezia beharko dute?

Bai, ezinbestean. Oso une gogorrak pasatu dituzte, eta haiengan ere gera daiteke estres horren guztiaren arrastoa. Adi egon behar dute, eta, ondoeza nabarituz gero, laguntza eskatu. Psikologoen beharra ikusten dugu zenbait esparrutan: adibidez, zaharren egoitzak, zainketa intentsiboetako unitateak eta lehen arreta oso gune kritikoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.