Koldo Tellitu. Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Oso gogorra da euskal kulturan eta euskaran pairatzen ari garena»

Ikastolek pandemia egoerari aurre egiteko baliabide gehigarriak behar dituztela azpimarratu du Tellituk. Kursaalean antolatu duten ekitaldiaren bidez, herritarrak euskararen eta euskal kulturaren alde aktibatu nahi ditu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkarteak Ikastolak Herriari eskerrak emateko ekitaldia antolatu du, Donostiako Kursaal aretoan, gaur, 18:00etan. Euskal Herriko artista andana igoko da taula gainera, ikastolen festak bertan behera uzteak hutsik utzitako plazak betetzeko asmoz. Pandemia egoeran ikastolek bizi dutenaz eta Espainian eta EAEn prestatzen ari diren hezkuntza legeez mintzatu da Koldo Tellitu (Barakaldo, Bizkaia, 1966) Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Hezkuntza lege berria eztabaidatuko dute gaur Espainiako Kongresuan. Zer ondorio izan ditzake ikastolentzat?

Momentuz ezagutzen dugunaren arabera, arlo pedagogikoan eta kurrikularrean hobekuntza bat da, hori argi dago. Baina kontuan izan behar dugu nondik gatozen: LOMCEn agertzen zena hobetzea edo jite progresista bat ematea nahiko erraza zen. Era berean, azkenaldian hizkuntzaren inguruan sartu dituzten aldaketak ere interesgarriak dira, gure ustez. Baina, konpetentzien ikuspegitik, ez dago aldaketa handirik. [Espainiako] Estatuak beretzat gordetzen ditu hainbat eskumen; jerga juridikoan erabiltzen diren hainbat kontzeptu darabiltza, argi uzteko azken erabakia estatuak duela.

Jokin Bildarratz da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria. Harremanik izan duzue?

Izendatua izan zenean, harekin bildu ginen, eta legegintzaldi honetarako izanen dituen lehentasunak aurkeztu zizkigun. Gai nagusia izan zen ikastolek pandemiari aurre egiteko zituzten beharrak aztertzea, Jaurlaritzak proposamen tekniko bat egiteko. Oso aurreratua dago, eta espero dezagun laster onartzea.

Gainerakoan, gauza batzuetan bat egiten dugu. Hezkuntza akordioa eta legea aurrera eraman nahi ditu; denbora luzea daramagu hori eskatzen. Uste dugu prozesu bat zabaldu behar dela hezkuntza eragile guziekin hori aztertzeko. Era berean, Ikastolen Elkarteak euskararekiko duen kezkarekin bat egiten du. Gure hezkuntza sisteman, ikasleen maila eskasa da; hori frogatzen dute azken ebaluazio diagnostikoek. Behar berezi bat dago hezkuntzan euskararen normalizazioa aurrera eramateko. Azkenik, hezkuntzaren eraldaketa eta finantzaketa ere lehentasunetan dituela aipatu zigun. Uste dugu gai horiek luze gabe aztertu behar direla, akordio bat lotzeko.

2023rako aurreikusia du hezkuntza legea. Zer espero duzue?

Hezkuntza sistema birdefinitu behar da. Orain arte indarrean dauden legeek hezkuntza publikoa bakarrik arautzen dute, eta guretzat lehen gauza da lege hori hezkuntza sistema osorako izatea. Eta, horren barruan, argi geratzea zerbitzu publikoa zer den. Urteak daramatzagu erraten publikotasuna ezin dela lotu titulartasunarekin, eta administrazioarenak ez garen ikastetxeek ere aurrera eraman dezakegula zerbitzu publiko hori baldintza batzuk kontuan hartuta. Badakigu gai honen inguruan eztabaida dezente izanen dela, eta badakigu seguruenik ezinezkoa izanen dela gure planteamendua bere osotasunean jasotzea. Baina eztabaida hori sustatu nahi dugu, eta ea guztion artean hezkuntza sistema propio bat eratu dezakegun. Horrekin batera, guretzat helburu bat da hizkuntz ereduak desagertzea eta murgiltze sistema orokortzea. Euskararen normalizazioa lortzeko, ezinbestekoa da. Horrez gain, euskal kurrikulumaren aldeko apustu argia egitea, segregazioari aurre egiteko planteamendu bat jasotzea eta beste gai batzuk ere lantzea nahiko genuke.

Koronabirusak baldintzatu du ikasturtea. Nola daramazue?

Printzipioz, nahiko ondo. Gure protokoloak eta planak administrazioarekin koordinazioan egin genituen. Egun ez dago zalantzarik aurrez aurreko hezkuntza ezinbestekoa dela ikasleentzat, eta azpimarratzekoa da gure langileen, ikasleen eta familien erantzuna. Horri esker lortu dugu kurtso hasiera arraro honetan ikastolak gune seguru bihurtzea. Eta pozik gaude ilusio eta inplikazio hori daudelako, baina horrek ere epemuga bat du: zaila izango da urte osoa horrela irautea; nekea antzematen dugu. Osasun neurri horiek betetzeak ekartzen duen lan kargari aurre egiteko baliabide gehigarriak behar ditugu.

Zer harreman izan duzue beste administrazioekin?

Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak egin zituzten, eta irailean izendatu dute Hezkuntza sailburu berria. Nafarroako Gobernuak hasieratik ipini zituen baliabide gehigarriak ikastolen eskuetan; erantzuna oso ona izan zen. Orain aztertzen ari gara ea nahikoa izango den ala ez. EAEn izango dugun erantzuna espero dugu egokia izango dela, baina ezin da ukatu berandu datorrela. Inoiz ez baino, berandu hobe.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, baliabide gehigarririk ez da egon, maskara batzuk izan ezik. Frantziaren planteamendua izan da aurrera egitea, eta aurrera egitea. Neurriak etengabe aldatu dira, eta horrek ez du laguntzen hezkuntza prozesua aurrera eramaten. Hasieran, klase osoa bidaltzen zuten etxera positibo bat zegoenean; orain, positiboa eman duena bakarrik. Orain dela gutxi, sei eta 11 urte artekoak maskara janztera behartu dituzte: lehen, ez zen hala.

Osasun egoera dela eta, ikastolen festak bertan behera utzi behar izan dituzue. Zer ondorio ditu ekonomikoki eta sozialki?

Era batera edo bestera bizirik egon dira jaiak, mota guzietako ekitaldien bidez. Ekonomikoki helburuetatik oso urruti geratu gara, eta hori bereziki gogorra izan da lurralde batzuetan, jaietako dirua oso garrantzitsua baita egiturazko gastuei aurre egiteko. Espero dezagun elkartasunaren bidez, ahal den neurrian, horri buelta ematea. Horrekin hasiko gara gaurko ekitaldian. Baina, arlo ekonomikoan ez ezik, harremanetan ere eragina izan du. Gure jaiak auzolanean antolatzen ditugu, eta, horien bidez, ikastolen eta herrietako eragileen arteko harremanak estutzen ditugu. Gainera, gure jaietan euskal kulturari plaza handia eskaintzen diogu, euskarari bozgorailu handi bat; hori ez dugu lortu, edo oso apal. Erabaki asko ziurgabetasunez hartu behar izan ditugu, eta denbora laburrean aldatu. Gogorra izan da.

Euskalgintzak dei bateratua egin du babesa eskatzeko.

Ezinbestekoa zen, euskaran eta euskal kulturan pairatzen ari garen egoera oso gogorra baita. Ezinbestekoa da elkarrekin eta elkar zainduz gauzak egitea. Horretan aritu behar dugu. Egia da pandemiaren ondorioz gizartea geldirik dagoela. Horregatik, ezinbestekoa zen euskalgintzaren deia, herriari errateko aktibatu egin behar dugula, bestela galerak izugarriak izan daitezkeela. Gaur eginen dugun ekitaldia horri buruzkoa da.

Zer helbururekin biduko zarete Donostiako Kursaalean?

Ikastolen jaiak euskararen eta euskal kulturaren plaza dira, eta gure jaietako programazioak irizpide horiek lehenetsiz osatzen ditugu. Aurreikusiak genituen hainbat ekitaldi bertan behera gelditu dira pandemiaren ondorioz, eta, beraz, Kontseiluak egindako deiaren ildotik aktibazio lan hori egin nahi izan dugu. Zapore gozoz amaitu nahi genuen 2020ko etapa, eta gure herriari ekitaldi handi bat eskaini nahi genion. Aurten ezin izan dugu gure jaien bitartez Euskal Herriarekin dugun konpromisoa bete, eta hori konpentsatzeko antolatu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.