Albistea entzun

Marta Olazabal. Zientzialaria

«Ez dakizunean zerbait biziki urgentea ote den, amaierarako uzten da»

Munduko hiri handienak ez dira ari eraginkorki prestatzen klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko. Hori da BC3ko kideak egindako azken lanetik atera duten ondorio nagusia. «Konpromisoa falta da».
ARITZ LOIOLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2021eko otsailak 17

Kaleratu duten azken ikerketaren ondorio nagusia kontuan hartuta, Marta Olazabal (Bilbo, 1981) eta Maria Ruiz de Gopegi (Bilbo, 1987) BC3ko (Basque Centre for Climate Change) ikerlariek ez dute oso baikor egoteko arrazoirik: munduko hiri handienak ez daude klima aldaketaren balizko inpaktuei era eraginkorrean aurre egiteko moduan. Milioi bat biztanletik gora duten kostaldeko 59 hirirekin osatu zuten lagina, eta ikerketaren emaitza Landscape and Urban Planning aldizkari entzutetsuan argitaratu zuten iazko azaroan. Hiriak klima aldaketarako behar bezala prestatzen ari ote diren aztertzen ari dira Clic proiektuan.

Olazabalek, baina, baikorra izan nahi du, «asko» gustatu zitzaizkiolako Klima Egokitzeko Goi Bileran duela aste batzuk mundu mailako alkateek, politikariek eta erakundeek egindako planteamenduak. «Pauso berri bat irudikatu da, eta hurrengo urteetan baliabide gehiago egongo dira eta konpromisoak ukigarriagoak izango dira».

Zeuen ikerketaren arabera, hiriek klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko dituzten planek ez dute emaitza eraginkorrik ekarriko epe ertain-luzera. Zergatik ez dira eraginkorrak?

Oro har, konpromiso falta bat dagoelako. Plan horietan ez daude definituta, esaterako, ez aurrekontuak, ez ardurak, ez legediak, ezta klima aldaketarako egokitzapenaren berri ematen duten adierazleak ere. Gehienbat aholkuak ematen dira.Bestalde, badago beste alderdi kezkagarri bat: garapen tekniko eta zientifikoaren gabezia.

Ondorioztatu daiteke, beraz, administrazioek plan horiek ez dituztela oso serio hartu.

Horrela esan genezake, bai. Ematen du oraindik ez dela lehentasun bat; esaterako, oraingoz ez duela aurrekonturik behar. Beharbada, udaletan ez dago gaitasun teknikorik erabakiak hartzeko eta ekintza zehatzagoak definitzeko. Hori ere oztopo bat da.

Udal askok ez dituzte halako planak?

Proiektuko aurreneko ikerketan, 2019an, ahalegindu ginen bilatzen itsasertzean dauden munduko 136 hirik dituzten egokitzapen politikak. Horiek aukeratu genituen milioi bat biztanletik gora dituztelako, eta ondorioztatu genuelako, horrenbestez, azpiegitura eta kapital ekonomiko pilaketak dituztela. Bada, horien %40 pasatxok bakarrik dituzte egokitzapen politikak; hau da, bigarren ikerketan, iaz, zehatzago aztertu genituen 59 hiri horiek.

Ikusi genuen, oro har, ekintza falta bat dagoela, eta egiten diren ekintza bakan horiek aurrera eramaten dituztela herrialde garatuetako hirietan: Europan, Ipar Amerikan, Australian...

Ekonomikoki indartsua izatea ezinbestekoa da plan horiek martxan jartzeko?

Noski. Kasu batzuetan ez dago politikarik, ez maila nazionalean, ezta eskualde mailan ere. Beraz, ez dago hiri handi horiei laguntzeko modurik. Beste lehentasun batzuk egon daitezke: osasuna, pobrezia, gatazka zibilak...

Londres eta Durban (Hegoafrika) aitzindariak izan ziren politikak aurrera eramateko orduan, 2006an. Planak nahiko berriak izateak azal dezake hain mantso garatzea?

Egia da klima aldaketaz hizketan hasi zenean, hiriek egin zituzten lehen planek helburu zutela atmosferara igorritako CO2 emisioak gutxitzea. Egokitzapena gero etorri zen, eta, horrekin, etorkizunean etorriko dena planifikatzeko erronka. Inork ez dizu esango «bihar uholde handiak izango dira», ez baitago daturik. Badakizu arazoak areagotuko direla, baina ez dakizu zein urgentziarekin jokatu behar duzun.

Erabakiak hartzeko orduan dagoen joera prokastinatzaile hori guk ere badugu; ez dakizunean zerbait biziki urgentea ote den, bukaerarako uzten duzu. Gutxi gorabehera, horrelako zerbait gertatzen ari da. 10-15 urteko eskarmentua dago jada, baina hori ez da asko politikarako.

Gainera, ez da soilik planak martxan jartzea, baizik eta horiek aldiro egokitu behar izatea.

Hori da. Orain ari gara ikusten duela hamar bat urte definitu ziren estrategiak, lausoagoak edo anbiguoagoak zirenak, nola orain, politiken bigarren olatuaren bidez, zehatzagoak ari diren bilakatzen. Alde horretatik, nolabaiteko garapen bat ikusten ari da.

Euskal Herriko hiriek ba al dute planik?

Hiriburu guztiek ez dauzkate planak argitaratuta, baina egokitzapen proiektuak eta estrategiak lantzen ari dira. Hiriburu horiek zortea edukitzen ari dira, bertan pilatzen direlako baliabideak, ikerketak erakarriz. Europak [Europako Batasunak], esaterako, inbertsioak egiten ditu hiri horiek presta daitezen; jakina, zentzua du, jendea eta azpiegiturak biltzen dituztelako. Ordea, ekintza falta dago herri txikiagoetan. Eusko Jaurlaritza baliabide batzuk garatzen ari da laguntzeko, baina oraindik formakuntza asko falta da.

Eta Euskal Herrian zeintzuk izango dira klima aldaketaren inpaktuak?

Askotan ulertzen da gu bizi garela eremu batean non ez dagoen, esaterako, ur gabeziarik; eta bai, zortea dugu klima epelago bat dugulako. Baina ari gara jasaten eta jasango ditugu inpaktuak; esaterako, itsas mailaren igoera. Euskal kostaldean ebidentzia asko daude. Kostaldeko fenomeno muturrekoak iraganean ere nozitu genituen, ohituta gaude, baina maizago gertatuko dira, eta handiagoak izango dira. Bero eta hotz boladak ere ez dira ahaztu behar, ez gaude-eta horietarako prestatuta. Elurrarekin eta izotzarekin, adibidez, errepideak ixten dituztenean, horrek eragiten ditu inpaktu ekonomikoak eta sozialak.

Izan ere, gauza bat da begi bistako inpaktua, eta beste bat lehen kolpean ikusten ez dena.

Bai. Batetik, inpaktu zuzenekoak daude, eta horrek kalte ekonomikoak dakartza; are, agian, kalte humanoak. Bero boladetan, esaterako, hilkortasuna eta gaixotasun jakin batzuk larriagotzen direlako. Azkenean, halakoek eragiten dituzte inpaktuak bata bestearen atzetik: osasun azpiegiturak batzuetan gainezka egitea; salgaien garraio egokirik ez egotea eta, horren ondorioz, hornidura arazoak edukitzea eremu batzuetan... Hau da, ez da soilik inpaktu fisiko zuzenekoa: askoz ere arazo gehiago eragiten dituzte beste inpaktu horiek.

Plan horiek egiteko oinarrizko eredurik ba al dago?

Badaude herrialdeek, hiriek edo nazioarteko erakundeek garatutako gidak; hau da, eredu asko daude. Zer gertatzen da? Murrizketa planekin ez bezala, egokitzapen planetan beharrezkoa da herriaren beraren diagnostiko bat. Horrek adieraziko luke zeintzuk diren herri horretan klima aldaketak eragingo lituzkeen inpaktu zehatzak, eta zeintzuk diren zaurgarritasun ekonomikoak, sozialak. Kasu batzuetan nekazaritza sektorea izango da, beste batzuetan turismoarena... Esaten da murrizketak globalagoak direla, eta egokitzapenak, tokikoagoak. Beraz, gidak erabilgarriak izan arren, herri bakoitzak bere diagnostikoa du. Planak lausoak dira oraingoz. Esaterako, badakigu azpiegitura berdea areagotzea ona dela oro har, baina igual ez da estrategia egokiena zenbait herrirentzat, beste zaurgarritasun batzuk eragin ditzakeelako. Egokitzapen planetan, aintzat hartu behar dira berezitasunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

COVID-19a: urtebete gure artean

Izurri arorako lezioa

Arantxa Iraola

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago.

Marienea barruko mural bat. ©Marienea

Eragiteko topagunea

Natalia Salazar Orbe - Bizkaiko Hitza

Hainbat herritan emakumeen etxeak sortzen ari dira. Portugaleten, esaterako, emakumeen ahalduntzea eta ahizpatasuna helburu nagusi dituen leku bat osatzen ari dira. Galdakaon, erreferentziazko toki bat eratu nahi dute.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. ©LUIS TEJIDO / EFE

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Edurne Begiristain-Mikel P.Ansa

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna