Idoia Biurrun. EHUko Biologia eta Ekologiako irakaslea

«Landare inbaditzaile berrien hedapena eten behar dugu»

Landare inbaditzaileek «kalte larriak» eragin ditzakete biodibertsitatean, Biurrunek ohartarazi duenez. Egun errotuta daudenak galaraztea, baina, zaila dela dio, eta horregatik uste du garrantzitsuena prebentzioa dela.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Procedings of the National Academy of Sciences of USA aldizkarian argitaratu den ikerketa batean parte hartu du Idoia Biurrun(Tolosa, Gipuzkoa, 1966) EHUko irakasleak, bere lantaldearekin batera. Europan jarri dute fokua, eta landare espezie inbaditzaileen inguruko hainbat gako argitu dituzte ikerlariek. Hain zuzen, ondorioztatu dute ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa funtsezkoak direla espezie inbaditzaileen ahalmena ulertzeko.

Landare inbaditzaileak nola ari dira eragiten ingurumenean?

Datu asko daude, baina oraindik ere gauza asko daude argitzeko. Duela 30 urte inguru hasi zen areagotzen gai honen inguruko kezka; izan ere, kontuan hartzekoa da landare inbaditzaileek sor ditzaketen kalteen inguruko kezka. Hain zuzen, IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak biodibertsitateari kalte egiten dioten mehatxu larrienen zerrendan bigarren tokian jarri ditu landare espezie inbaditzaileak, inbasio biologikoaren alorrean.

Zein kalte eragin ditzakete zehazki?

Biodibertsitatean eragin larria izan dezakete, dudarik gabe. Landare autoktonoekin lehiatzen dira, eta arriskuan dauden bertako landareak galtzeko arrisku handiagoa daukate inbaditzaileen eraginez. Horrez gain, ekosistemaren funtzionamendua aldatzen dute, eta oso konplexuak diren zenbait alorretan eragiten dute: landareetan, animalietan, mikroorganismoetan... biologikoki harremana dute guztiek. Organismo berriak sartzeak ekosistemaren funtzionamendua aldatzea dakar. Baina ikerketa batzuek hori aztertu duten arren, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zer ekar dezaketen. Eragin sozioekonomikoa ere izaten ari dira landare hauek, eta lanbide askotan kalteak sortu dituzte dagoeneko.

Landare exotiko guztiak dira inbaditzaileak?

Landare exotiko batek ez du zertan inbaditzailea izan. Milaka landare exotiko ditugu inguruan, eta batez ere globalizazioarekin asko ugaritu dira. Batzuek ez dute ekosisteman kalterik eragiten. Esaterako, gizakiok jateko landatzen ditugunak, normalean, ez dira inbaditzaileak izaten.

Nola hedatzen dira?

Mundua konektatuta dago, kontinenteen artean gauzak garraiatzen ditugu une oro. Espezie exotikoak bi modu nagusitan irits daitezke gurera. Bata, gizakiak nahita ekarrita, erabileraren bat emateko: industriarako, elikagai gisa, edota beste erabilera batzuetarako. Baina azken urteotan ikus daiteke apaingarri gisa ere erabiltzen direla. Horretan ere badago merkatua, eta ez du mugarik, legedia ez dagoelako ondo finkatuta. Beste asko, berriz, nahi gabe ekartzen ditugu. Adibidez, ozeanoak zeharkatzen dituzten itsasontziek kroskoan ekar ditzakete animaliak eta landareen haziak.

Zergatik ez dira espezie guztiak hedatzen?

Hautespen naturalak zuzenean eragiten du horretan. Hazi batzuek ingurumenera egokitzeko ahalmen handiagoa izan ohi dute; esaterako, hotzera egokitzeko ahalmena. Horrek aldaketa batzuk sortuko ditu landarean, klimara eta ingurura egokitzera eramango dutenak. Gizakiok gure patogenoei aurre egitean, kontrolik gabe hazteko ahalmena lortu dugu; landare inbaditzaileen kasuan, gauza bera gertatzen da.

Zenbat espezie inbaditzaile daude Euskal Herrian?

Oraintxe bertan 400 landare espezie exotiko daude Euskal Herrian, eta horietako batzuk inbaditzaileak izan daitezke. Hala jaso du Antonio Campos nire lankideak Eusko Jaurlaritzarekin batera argitaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Aloktono Inbaditzailearen diagnosia liburuan. Liburu hori oso garrantzitsua da Euskal Herriko egoera ulertzeko. Gurean, ibaietan eta itsasaldeko habitatetan aurkitzen dira landare inbaditzaile gehienak. Eta iritsi diren espezieen portzentaje handi bat tropikala denez, gehiago kostatzen zaie barrualdera egokitzea; horregatik daude inbaditzaile gutxiago Araban.

Zergatik landatzen dira oraindik espezie inbaditzaileak?

Gehienetan jendeak ez daki landare inbaditzaile bat landatzen ari den ala ez, baina hori zaintzea administrazioaren ardura da. Legeak zurruna izan behar du, gaur egungoarekin ez da nahikoa. Behintzat, eta zorionez, animalia inbaditzaileen zerrenda berritzea erabaki zuten iaz. Baina zoritxarrez, beti egongo dira interes sozioekonomikoak tartean.

COVID-19an izan dute eragina landare inbaditzaileek, ez?

Ekosistema aldatzen dute, eta horrek animalia eta mikroorganismo arrotzak sartzea errazten du, eta haien euskarri izan daitezke. Horrela, animalia eta organismo arrotzen sarreran laguntzen dute. Horregatik, landareen globalizazioaren kontrola oso garrantzitsua da.

Posible da egindakoari buelta eman eta konpontzea?

Arazoa konpontzea asko eskatzea da. Landare inbaditzaile berrien hedapena eten behar dugu, indarrak horretara bideratu. Horretarako, ekosistemak ongi kontserbatu behar dira; horrela, askoz zailagoa egingo zaie espezie inbaditzaileei gurean sartu eta hedatzea. Prebentzioa da garrantzitsuena.

Bada Euskal Herrian lehenbailehen haren hedapena eten behar den landarerik?

Jatorriz asiarra den Pterocarya Stenoptera zuhaitza; Nerbioi eta Ibaizabal ibaietan aurkitu da, Arrigorriaga eta Bilbo artean. Duela hamabost urte hasi zen hedatzen, eta ibaiertz osoan zabaldu da dagoeneko. Bilboko Abusu auzoko ibaiertzetik pasatzen denak ikus ditzake espezie horretako zuhaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.