Iñaki Martinez de Luna. Garabideko lehendakaria

«Jakin behar da zergatik dauden hizkuntza gutxituak»

Abadia saria irabazi berri du Garabide elkarteak, euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxituen biziberritzearen alde egindako lanagatik. 2005etik daramate hainbat komunitaterekin lanean.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hiru urte daramatza Iñaki Martinez de Lunak (Gasteiz, 1950) Garabide elkarteko lehendakari lanetan. Hiru urte munduko hainbat komunitaterekin elkarlanean bai euskararen eta bai bertze hizkuntza gutxitu batzuen biziberritze prozesuetan murgilduta. Lankidetza linguistiko horietako gehienak modu «inprobisatuan» hasi badira ere, bi aldeek jakintza trukatu ahal izan dute.

Nola hasi zen Garabide?

Garabidek bi hankatako proiektuak ditu. Bata hizkuntza gutxituekiko kezka eta ardura da. Hori euskararen aldeko girotik eta eremutik abiatu zen. Momentu batean gehienbat Jon Sarasuari bururatu zitzaion zergatik ez genien egiten ekarpen bat gure eskarmentutik antzeko egoeretan dauden beste hizkuntzei, eta hori da bigarren hanka: elkartasuna, besteekiko elkartasuna. Bi motibazio mota horiek uztartuz sortu zen Garabide.

Zer egin duzue geroztik?

Harremanak sortu ditugu beste hizkuntza komunitateekin; haiekin elkarlanean informazioan sakondu dugu; hemengo eskarmentua transmititu diegu; eta haien kezkak edo eskarmentuak jaso ditugu.

Zer beharretatik abiatzen dira komunitateen arteko harreman horiek?

Hasieran, harreman pertsonal hutsak izan ziren: leku batera joan, ikusi, eta hitz egin. Edo leku diferenteetan bizi diren euskaldunen bitartez. Oso modu ez-planifikatuan, inprobisatuan. Beranduago, [harreman horiek] hasten ziren bidaia baten ondorio bezala, han aurkitutako pertsonekin. Beste batzuetan, lekuan lekuko pertsonen kezken bitartez: Garabideren berri zuten, eta gurekin harremana egiteko aukera izan zuten.

Behin harremana eginda, zer prozesu egiten duzue hizkuntza bat biziberritzeko?

Lan mota diferenteak daude. Adibidez: lekuan lekuko komunitateak bisitatzea, edo ikastaroak antolatzea. Ikastaro batzuk hemen bertan antolatu izan dira[Euskal Herrian], komunitate ezberdinetatik etorritako pertsonekin. Batzuetan, hizkuntzekiko kezka dutenak dira, eta beste batzuetan, badute nolabaiteko ardura publiko edo instituzionala. Edukiak horren arabera aldatzen dira. Formakuntza ez ezik, haiekin egiten dena da Euskal Herrian euskara biziberritzeko egindako ahalegin eta ekimenen berri ematea. Zenbait bisita antolatzen diraikastoletara, hedabideetara, hizkuntza politikaz diharduten erakunde publikoetara...

Nola erantzuten dute horrelako jardueren aurrean?

Komunitate ezberdinetako pertsonetatik jasotzen duguna oso esker onekoa da. Bisitatzen digun leku guztietako jendea oso gustura gelditzen da. Haientzat hemen egiten diren eta orain arte egin diren ahaleginak eta urratsak izugarriak dira. Gu askotan ez gara horretaz jabetzen. Hemen beti modu ezkorrean interpretatzeko joera dugu, eta haiek gure autoestimua igoarazten digute. Konturatzen dira posible dela. Batzuetan, [beren herrialdeetan] badituzte oinarrizko baldintza batzuk. Bolivian eta Perun, adibidez, badago haien hizkuntzen aitortza formal bat. Baina askotan, hizkuntzen aldeko kontakizun bat falta zaie, motibazio formala eta landua: diskurtso bat. Hori askotan da haien gabezia.

Euskal Herrian badago euskararen aldeko kontakizunik?

Gabezia hori ari da agertzen. Garai batean, frankismoari aurre egite hutsa nahikoa zen euskararen alde egiteko. Gaur egun, belaunaldi berriek frankismoa lekutan daukate.

Eta nola egin dakioke aurre gabezia horri?

Euskararen baitako dinamika bat piztea beharrezkoa da; jada pizten ari da belaunaldi gazteen artean. Jakin behar da zergatik dauden hizkuntza gutxituak eta zergatik dauden hizkuntza nagusiak. Ez da kasualitatea, eta tartean beti dago boterea: botere politiko-militarren eskutik joaten dira hizkuntza nagusiak, eta hizkuntza gutxituen kontra jokatzen dute, botere ekonomiko-politiko-militarrik ez daukaten komunitateen kontra. Ez da kasualitatea gaur egun ingelesa mundu mailan egotea edo Napoleonen garaian Errusiako aristokraziak frantsesez egitea. Hori ezagutarazi behar da, euskararen egoera ez baita kasualitatea.

Gizarte osoaren lana da, beraz?

Euskararen ardura ez da erakunde publikoen esku bakarrik utzi behar: herrigintzak ez badu erantzuten, jendeak ez badu hizkuntzaren alde egiten, ez da nahikoa izango instituzioen ahalegina. Muturrera eramanda, niri beti bururatzen zait ideia bat: guk euskaraz ez badugu egiten, hurrengo belaunaldietarako desagertu egingo da euskara. Gu gara euskararen erantzule. Gogorra da, baina hori da errealitatea. Halakoez hausnartu beharra badago.

Eta nola lortu hausnarketa hori egitea?

Bi maila bereizi behar ditugu: euskararen bueltan gabiltzanak, eta euskaldunak izan gabe leku euskaldunetan bizi direnak. Bata hizkuntza komunitatea da, eta bestea gizartea da, oro har, hizkuntzarekin konpromisorik eta hurbiltasunik sentitzen ez duena. Hor badago erronka bat: euskararen aldeko dinamika, tartean Garabide, gero eta sendoagoa da, baina gizartearen eremu horretara iristea zaila da. Egoera hori bera da beste hizkuntza komunitateetan.

Horrez gain, zer bertze erronka dituzue etorkizunerako?

Eboluzio bat ari da gertatzen. Hasieran, planteamendua zen oinarrizko formakuntza eta prestakuntza eskaintzea. Horren harira, hainbat lekutan proiektu jakinak sortzen hasi ginen. Gaur egun, hori da gehien handitu den eskaera: proiektu jakinetarako erantzun oso zehatzak. Egin diren azkeneko formakuntzetan, bisita espezializatuak antolatu genituen: batzuek hedabideen premia zuten; beste batzuek, hezkuntza premiak; eta besteek, hezkuntza politikakoak. Espezializazio baterako pausoak ematea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.