Natalia Rodriguez Eugenio. Lurzoruaren Aldeko Munduko Aliantzako idazkaria

«Europako lurren bi heren degradazio prozesuan daude»

Airearen eta uraren garrantzia onartzea baino askoz zailagoa da lurzorua balioestea, ez baita «lehen begi kolpean» ikusten. Hala ere, hura babestea ezinbestekotzat jo du Rodriguezek, «bizitzaren jatorria» baita.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Lurzoruaren garrantziaz eta hura babesteko beharraz hausnartzen ari dira egunotan Bilboko Euskalduna Jauregian; Eusko Jaurlaritzak Soiluzioak kongresua antolatu du bertan. Natalia Rodriguez Eugenio (Santa Cruz Tenerifekoa, Kanaria uharteak, 1984) Lurzoruaren Aldeko Munduko Aliantzako idazkari eta lur eta ur ofizialak hitzaldia eman du. Eta ohartarazi du lurzorua ez babesteak gizakien osasunean eragin dezakeela.

Merezi duen arreta jartzen diogu lurzoruari?

Zoritxarrez, ez. Egia da arreta hobetu dela, baina oraindik asko dago egiteko. Funtsean, lurzorua bizitzaren jatorria da, eta ez zaio ematen merezi duen balioa.

Ingurumen politikek uraren edota airearen babesa izan ohi dute hizpide. Aldenduta al dago lurzorua?

Bai. Zorua ez da lehen begi kolpean ikusten, ez baldin bada errepide mozketaren batean. Lurzorua ez da gainazala: azpian dagoena da; hiru dimentsiotan ikusi beharra daukagu. Horregatik, askoz zailagoa da jendeak horren garrantzia ulertzea. Kutsaduraz ari garenean, ur kutsatua askoz nabariagoa da, usain txarra baitu edo ezin baitugu edan; baita aire kutsadura ere, azkura eragiten digulako. Lurzoruaren kutsaduraren ondorioak, berriz, ez dira hain nabarmenak. Kasu askotan, luzaragokoak edo kronikoak dira.

Zein da lurzoruaren egoera gaur egun?

2015ean egindako kalkuluen arabera, munduko lurzoruen heren bat degradatuta dago, txarto edo oso txarto. Are, Europan egindako azken kalkuluek adierazi dute lurren bi heren inguru degradazio prozesuan daudela, dela kutsadura, higadura... Hori oso kezkagarria da. Kalitate txar horrek eragina izango du ekosistemen eta gizakien osasunean, baita klima aldaketan ere.

Zer zerikusi du lurzoruaren artifizializazioak?

Lurzoruaren okupazioa deitzen diogu guk: lurzorua hartzea, esaterako, urbanizatzeko edo errepideak eraikitzeko. Hori lurzorua zigilatzea eta erabat galtzea da, gune hori ez delako berriro emankorra izango. Asfaltozko edo zementuzko geruzak jartzeak ia ezinezko egiten du emankortasuna edo biodibertsitatea leheneratzea. Guk errepideak ordutan eraikitzen ditugu, baina zoru horiek leheneratzeko milaka urte beharko ditugu. Horregatik, azpiegitura berriak jadanik degradatuta dauden lurzoruetan garatu beharko lirateke, eta ez lurzoru osasuntsuetan.

2050erako aurreikusten den hazkunde demografikoak lurzoruan eragina izango duela esan duzu. Zein?

Biztanleria hazten denean, jende horrek jan egin beharko du, etxe bat beharko du, azpiegiturak beharko ditu... Horrek lurzoruaren presioa ikaragarri areagotuko du. Hiriak hedatu eta lurzorua gehiago okupatzen badugu, funtsezkoa den baliabide natural hori galduko dugu. Biztanleriak gora egiten jarraitzen badu, Europan dagoeneko degradatuta dagoen lurzoruaren %60-70 hori, %100era iritsiko da.

Zeintzuk dira lurraren onurak?

Onura asko ditu lurzoruak. Adibidez, lurrak kutsatzaileentzako iragazki eta belaki gisa jarduten du: ura atxikitzen du, eta haren kutsatzaileak ere bai. Horrela, ur garbia lor dezakegu. Antibiotikoen iturri ere bada. Eta gure elikagaiak ere bertan jaiotzen dira. Begi bistakoak ez diren beste <<onura batzuk ere baditu. Besteak beste, klima erregulatzen du. Lurzoru osasuntsuek, ura iragazten eta atxikitzen dutenek, uholderik ez egotea ahalbidetzen dute. Lurzoru osasuntsu baten ondoan errepide asfaltatu bat baldin badago, urpean geratuko dena errepidea izango da, lurzorua ura xurgatzeko gai delako. Lurzoru osasuntsu eta ondo landuek klima aldaketa arintzen ere laguntzen dute.

Zer ondorio ditu lurzoruaren kalitateak gure osasunean?

Lurzoruak eragina du elikagaien ekoizpenean eta kalitatean. Landareek lurzoruan dagoen uretik hartzen dituzte mantenugaiak. Guk landareak jango ditugu, edo landare horiek hartuko dituzten animaliak jango ditugu. Kate oso bat da, lurrean hasten dena. Landareek mantenugaiak hartzen dituzten bezala, lurrean dauden kutsatzaileak ere hartzen dituzte. Lurzoru kutsatuetan elikagaiak ekoizten baldin baditugu, kutsatzaile horiek elikadura katean sartuko dira, eta horrek gaixotasunak eragingo ditu; batzuk oso larriak, gainera. Beherakoak eragin ditzake, edota diabetesa eta minbizia. Funtsezkoa da lurzoruaren osasuna mantentzea.

Osasuna mantentzeko, lurzoruaren erabilera iraunkorra aipatu duzu.

Estrategia asko biltzen dituen kontzeptu zabala da: agroekologia, kontserbaziorako nekazaritza, nekazaritza erregeneratiboa... Baina printzipioak beti dira berdinak. Lurzorua kudeatzea da, bertatik lortu nahi ditugun baliabideak lortzeko, baina hura degradatu gabe. Mundu osoan ezin da estrategia bera erabili; adibidez, agroekologiak ez du berdin funtzionatuko toki guztietan.

Eta zergatik da beharrezkoa genero ikuspegia txertatzea?

Genero rolak, bereziki nekazaritzan, oso markatuta daude. Batez ere garabidean diren herrialdeetan, emakumearen rola etagizonarena ez dira berdinak. Genero ikuspegia txertatzen duten politikak beharrezkoak dira. Esaterako, lurzoruaren erabilpen iraunkorrari buruzko heziketa jasotzeko orduan. Emakume askokez dute astirik edo ez dute aukerarik nekazaritza eskoletara joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.