Nafarroan agertu da zika birusaren lehenengo kasua, kanpoan kutsatua

Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi du kasuaren berri. Ez da emakume haurdun bat; zika birusak umekien garunean dauka eragina

Aedes aegypti eltxoak kutsatzen du zika birusa. ESTEBAN BIBA / EFE.
Garikoitz Goikoetxea - Jone Amonarriz
2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Zika birusaren lehen kasua atzeman dute Euskal Herrian, Nafarroan. Espainiako Osasun Ministerioak eman du kutsatzearen berri. Aurreko asteetan, birusaren inguruko zurrunbiloaren erdian, osasun agintariek ez zuten baztertu Euskal Herrian kasuren bat agertzea, baina nabarmendu zuten izatekotan ere birusa kanpoan harrapatutako gaixoren batena izango zela, ez Euskal Herrian kutsatua. Hala izan da. Birusak jotako pertsona ez dagoela haurdun, informazio horixe bakarrik zabaldu du Osasun Ministerioak.

Espainiako Gobernuak eta erkidegoek protokolo bat egin dute zika birusari buruz. Besteak beste, erabaki dute ospitaleetan atzemandako kasuak Espainiako Gobernuari jakinaraztea, hark zenbaketa egiteko. Nafarroako kasuaren berri horrela eman du ministerioak. Gomendioak ere egin dituzte: haurdunei eskatu diete ez joateko birusa zabaldua dagoen herrialdeetara, eta odol emaileei eskatu diete odola ematera ez joateko 28 egunez, baldin eta zika hedatua dagoen herrialderen batean egon badira. Bestetik, atzo bertan, Espainiako Osasun Ministerioak beste jarraibide batzuk zehaztu zituen: haurdun daudela zikaz kutsatutako andreei ekografia egingo diete bi astean behin.

ZER DA ZIKA?

Infekzio bat da; oro har, arina. 1947an Ugandan (Afrika) aurkitu zuten. Ordutik, Asian, Ozeano Pazifikoko irletan eta Amerikan agertu da. Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerika astintzen ari da orain. Aedes aegypti eltxoak dira eragile; denge eta chikungunya gaitzak ere haiek barreiatzen dituzte. Ziztatuz gero, ganglio linfatikoetara eta odolera pasatzen da infekzioa. Baina infektatzen diren gehienek ez dute sintomarik izaten. 1950eko hamarkadan atzeman zuten arren, oso ikerketa gutxi egin dituzte zikaren inguruan.

LARRIA DA?

Ez du inor hil. Gripearekin parekatu izan dute adituek. Hala ere, OME Osasunaren Mundu Erakundea «oso kezkatuta» dago birusa Amerikan hedatzen ari delako eta mikrozefalia kasuak nabarmen igo direlako. Bien arteko lotura erabat argitzeko dago, baina ziurtzat jotzen dute birusaren eta haurren mikrozefalia kasuen artean lotura dagoela —umeak ohikoa baino burezur txikiagoarekin jaiotzen dira, eta arazo neurologikoak edukitzen dituzte—. Horregatik ari dira haurdun dauden emakumeei egiten jarraipen berezia. Brasilen, adibidez, 4.000 mikrozefalia kasu inguru azaldu dira. Nafarroako kasua ez dagokio andre hardun bati, hala ere.

ZEIN DIRA SINTOMAK?

Birusa harrapatu eta hamabi egun igaro aurretik agertzen dira lehen sintomak. Lau-zazpi egun irauten dute. Hala ere, gehienek ez dute zikaren sintomarik nabaritzen: bostetik lauk ez dute sumatzen. Sintomen artean ohikoenak: sukarra, ahultasuna, muskuluetako mina, esku eta hankak handitzea...

BADU TRATAMENDURIK?

Ez dago txertorik eta zikaren aurkako tratamendu berezirik. Ikerketa «itxaropentsuak» egiten ari dira birusari aurre egiteko, baina bi urtean behintzat ez dute espero txertoa lortzea. Atsedena eta likidoak hartzea gomendatzen dute.

NON ARI DA HEDATZEN?

Amerikan hedatu da, batez ere Brasilen eta Kolonbian. Afrikan ere bada, hein txikiagoan. Europan ere agertzen ari dira kasuak pixkanaka, gehienak Ameriketan izandako herritarrenak. Euskal Herrira ere kanpotik iritsi da zika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.