PPk atea itxi dio Osakidetzako oposizioen iruzurra ikertzeari

EH Bilduk legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzea proposatu du, baina EAJren eta PSEren ezetzak eta PPren abstentzioak atzera bota dute

PPko, Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko parlamentariak. DAVID AGUILAR / EFE.
Ion Orzaiz.
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ez du ikertuko Osakidetzako oposizioetan salatutako iruzurra. Bigarren aldiz aztertu dute ikerketa batzorde bat martxan jartzeko eskaria, eta atzera bota dute berriro, EAJren eta PSE-EEren ezezko botoarekin eta PPren abstentzioarekin. Azken talde horren boza giltzarri izan da, PPrekin gehiengoa baitauka oposizioak parlamentuan. Ikerketa batzordearen formula egokia ez dela esanda bota du proposamena atzera PPk: argudiatu du arduradunek beren gain hartu dutela «erantzukizun politikoa» —dimisioa eman zuen Jon Darpon sailburuak joan den astean—, eta ikerketa judiziala abian dela. Gasteizko instrukzio epaitegi bat ari da kasua ikertzen.

Ikerketa batzordea abiatzeko proposamena EH Bilduk eraman zuen atzoko osoko bilkurara, eta Elkarrekin Podemosen babesa jaso zuen. Orain hurrena abenduan egin zuten eskari bera, eta orduan ere ez zuten onartu, PPk ez zuelako babestu —EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten—. Atzoko saioan beste proposamen bat ere aztertzekoa zuten: Darpon sailburua gaitzestea. Mozio hori babestekoa zuen PPk, eta hura saihesteko, dimisioa eman zuen Darponek —Nekane Murga izendatu dute sailburu, eta herenegun hartu zuen kargua—. Antzera gertatu zen abenduan: ikerketa batzordeari buruzko bozketa egin aurretik, dimisioa eman zuen Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak, eta PPk azkenean ez zuen ikerketa batzordea babestu.

Taldeen arteko eztabaida

Aurrez aurreko gogorra izan zuten taldeek atzo. EH Bilduk gobernuko taldeen aurka jo zuen: «Zeren beldur zarete?». Nabarmendu zuen «argitu» egin behar dela zer gertatu den. Darponen «kudeaketa negargarriaz» ohartarazi zuen Elkarrekin Podemosek. Eztabaida hauteskundeekin lotu zuen EAJk, eta «zinismoz eta faltsukeriaz» jokatzea aurpegiratu zien EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi: «Martxan jarri duzue EAJ operazioa». PSE-EEk salatu zuen «epaitegi politiko» bihurtu nahi izan dutela parlamentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.