Bortxaz desagertutakoen «egia, justizia eta aitortza» eskatu du Foro Sozialak

Zazpi kasu identifikatu dituzte, eta haien oroimenaren alde egiteko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. Egiaren Batzordea osatu nahi dute

Foro Sozialeko Nekane Alzelai eta Tasio Agirrezabalaga, atzo, Donostian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Euskal gatazkaren auzian, oraindik 482 kasu daude argitzeko, eta horietatik zazpi behartutako desagertzeak dira». Tasio Agirrezabalaga Foro Sozialeko kideak eman zuen atzo datua, Donostian, Nekane Alzelaiekin egindako prentsaurrekoan. Orain arte ahanzturan egondako gatazkaren ondorioei leku egin nahi die Foro Sozialak, eta bortxaz desagertutakoen kasuak argitan eman nahi dituztela jakinarazi dute. 2011z gero, Bortxazko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da abuztuaren 30a, eta, eguna gertu dela aitzakiatzat hartuta, gaiaren gainean abian jarriko dituzten hainbat jarduera ezagutarazi zituzten.

Besteak beste, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote bere egiteko eguna, datorren urtetik hasita: «Gure ustez, ETAren biktima izandako legebiltzarkideekin eta estatuaren indarkeria pairatu dutenekin egiten den moduan, edo torturaren biktimak gogoratzeko egin den bezala, su ontzia jartzeak balio dezake zazpi biktima horiek oroitarazteko eta nolabait aitortzeko», azaldu du Alzelaik. Foro Sozialak «biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazio eskubidea» aldarrikatu du, eta galdegin du urraketa horiek «maila berean» aitortzea.

Irailaren 3rako ere jarri dute hitzordua. Sarean egingo dute topaketa bat hainbat aditurekin. Desagertzeez arituko dira Nila Heredia mediku eta aktibista —Boliviako Egiaren Batzordeko presidentea—, Maria Adela argentinarra, Judith Galarza Desagerrarazitako Senideen Elkarteen Latinoamerikako Federazioko idazkari nagusia, eta Luz Marina Kolonbiako Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitateko zuzendaria.

Memoria gordetzeko lana

Ikuspegi «integrala» eta Egiaren Batzordea martxan jartzeko eskatu dute Foro Sozialeko bozeramaileek. Lehentasunen artean, «zailtasun bereziak dituzten kasuak aitortzea eta konpontzea», eta «kasuak argitzea erraztu dezakeen informazioa biltzeko bermea» eskatu dute.

Oraingoz zazpi dira detektatutako kasuak, baina izan daitezke gehiago. Dokumentatutakoak dira: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga, Miarritze eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) artean desagertuak, 1973an; Eduardo Moreno Pertur, Behobian (Lapurdi), 1976ko uztailean; Tomas Hernandez, Hendaian (Lapurdi), 1979ko maiatzean; Jose Miguel Etxeberria Naparra, 1980ko ekainean; eta Jean Louis Larre, 1983ko abuztuan Leonen (Landak, Frantzia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.