Albistea entzun

Maite Etxeberri. Zuzenbidean aditua

«Atxikitze zentroan direnen huts bakarra paperik ez izatea da»

Paper gabeko migratzaileei laguntza juridikoa ematen die Etxeberrik, Hendaiako atxikitze zentroan. «Presondegitzat» dauka zentroa, eta egoera «absurdoak» ezagutu ditu maiz, are gehiago pandemia garaian.
GUIILAUME FAUVEAU / IPARLA Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2020ko irailak 26 - Baiona

Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan egiten du lan Maite Etxeberri CIMADEko kideak (Baiona, 1986), aholkularitza juridikoa ematen. Paperik gabekoak administratiboki atxiloturik dira han, sorterrira edo Europako beste herrialde batera kanporatuak izan aitzin. 355 etorkin pasatu ziren zentrotik iaz. Horietako 106 kanporatu zituzten.

Zer da atxikitze zentro bat?

Azken finean, presondegi administratibo bat da. Atzematen dut zentro deitzean zentzua galtzen duela eta gaizki adierazten duela egiazki zer den. Frantziako Administrazioak pertsona batzuk gakotzen dituen lekua da, papergabekoak direlako. Jendea ez da hor delitu bat egin duelako: atxikitze zentroan direnen huts egite bakarra da paperik ez izatea; legez ez da delitua, beraz. Helburua da jendea atxikitzea, ondotik kanporatzeko. Normalki jendeak hor pasatzen duen denbora kanporatze bidaia prestatzeko eta antolatzeko denbora da: 90 egun gehienez. Ez dute beti lortzen kanporatzea.

Fisikoki, presondegi baten antza du?

Bai, presondegi bat da. Ez dituzte zeldak deitzen, ganbarak baizik, baina gauza bera da. Jendea barnean gakotua da, eta ezin da atera. Frantziako Barne Ministerioak kudeatzen ditu, eta barnean, Frantziako Poliziak. Elkarteek ere lan egiten dute hor; Hendaiakoan adibidez, CIMADE elkarteak. Badira erizainak ere. Bestalde, bada OFII, Immigrazioaren eta Integrazioaren Frantziako Batzarra, eta partaideak gara; hitz polit bat da errateko baimena dugula egunero sartzeko eta jendea ikusteko.

Zentro horretara bakarrik habilitazioa duten pertsonak sartzen ahal dira, prefeturaren baimenarekin. Baina presondegia da: jendea barnean da, eta itxaroten ari da. Kartzelekin alderatuz, ez da batere aktibitaterik. Hendaiakoan duten gauza bakarra telebista da. Kitto.

Pandemiak zer eragin izan du?

Konfinamenduan hetsirik egon zen. Ekainean ireki zuten berriz. Berez, 24 leku badira gizonentzat, eta beste sei, familia edo emazteentzat. COVID-19aren protokoloarekin, lehen bi hilabeteetan [ekainetik irailera] hamabi tokirekin aritu gara, gizonentzako bakarrik. Emazteen geletan heldu berriak sartzen dituzte, medikuak ikusi aitzin.

Iragan astetik hamabi tokitik hamasei lekura pasatu gara. Batzuek gelak partekatu behar dituzte. Egoera sanitarioa ikusirik, ulertezina da, arrisku handiagoa bada epidemia sartzeko. Herri gehienek mugak hetsi dituzte, beraz, jende anitz ezin dute kanporatu. Ez du zentzurik zentroan jende gehiago sartzeak ezin bada kanporatze prozedura bururaino eraman.

Herri batzuek mugak hetsi dituzte, beste batzuek PCR proba negatibo bat eskatzen dute sartzeko. Nola jokatzen ari zarete?

Guk jendeari informazioa ematen diogu. Galdetzen digutelarik PCR proba zer den, ongi ulertua dute kanporatzeko baldintza bat dela. Azaltzen diegu ukatuz gero atxilotuak izaten ahal direla, eta auzi bat izaten ahal dutela. Hala gertatu zen duela zenbait egun. Bolikostar batek PCR proba egiteari uko egin zion, eta, ondorioz, Baionako Auzitegiak erabaki du bi hilabeteko kartzela zigorra ezartzea, eta Frantziako Estatuan egoteko hiru urteko debekua. Horrek ez du zentzurik: bi hilabete pasatuko ditu presondegian, baina haren egoera administratiboa ez da aldatuko; beraz, berriz sartzen ahalko dute atxikitze zentrora. Pertsona horrek ez zuen sekula deliturik egin. Orain delitugiletzat dauka Frantziako Justiziak, eta haren preso denbora biderkatu da. Haren delitu bakarra papergabekoa izatea da. Gainera asiloa eskatua zuen pertsona horrek, eta haren dosierra aztertzen ari dira. Absurdoa da.

Egoera absurdoa aipatu duzu; halako asko izaten al dituzu lanean?

Atxikitze zentroan lan egiteak erran nahi du kanporatzeko makinaren erdian zarela. Makina hori administrazio eta burokrazia nahasketa bat da; eta hortik egoera absurdoak ateratzen dira. Jendeak ez du ulertzen zergatik dagoen hor, delitu bakarra papergabea izatea delako. Gehienek bizi eta lan egin nahi dute Frantziako Estatuan. Ez du zentzurik horren oztopatzeak.

Bada Maite Etxeberri CIMADEko langilea, egunak atxikitze zentroan pasatzen dituena. Eta bada egoera zailak ikusirik etxera sartzen den Maite Etxeberri.

Lehenik erran behar dut beti binaka ari garela lanean, ene lankidearekin. Ingurua ez da erraza: Frantziako Poliziarekin gara egunero, parez pare. Barnean den jendeak sekulako haserrea du, ulertezina egiten zaiolako egoera. Bi izateak babesten gaitu. Batzuetan ez dugu gehiago pazientziarik, edo ez dugu gehiago itxaropenik. Bi garenez, batak besteari erreleboa pasatzen ahal diogu.

Bestetik, CIMADE elkarteak badu proiektu politiko bat. Lehen ildoa zentroak hestearena da: ez lukete existitu behar. Bigarrena, zirkulazio askatasuna aldarrikatzea da. Guk euskal herritar gisa eskubidea dugu edozein herritara joateko. Horrek egia izan beharko luke mundu osoko pertsonentzat. Diskurtso politikoak laguntzen du distantzia hartzen. Gainera, baditugu laguntza bereziak. Hilabete eta erdiro, mintza taldeak baditugu lankideen artean, psikologoekin eta aditu batekin. Lankideekin trukatzeak laguntzen du. Batzuetan batek ideia bat badu gauzak hobeto kudeatzeko, edo egoera batzuk umorez hartzeko.

Zein da bizi izan duzun egoerarik zailena?

Angolako adingabe batekin gertatua. Frantziako hiri batean galduta zebilen, eta herritar bati laguntza eskatu zion. Pertsona horrek Poliziarengana bidali zuen, adingabeen kasuan hori baita prozedura. Polizia etxean erabaki zuten haren jaiotze agiria faltsua zela, eta Hendaiako atxikitze zentrora igorri zuten. Legez, adingabeen kasuan, behartuak dira adina frogatzeko azterketa sozial bat egitera. Ez dute sekula egin. Prokuradorea abisatu genuen, baita haurren epailea ere, eta departamendua; nehork ez zigun erantzun. Finean, Angolara kanporatu zuten mutila 16 urte zituela. Geroztik ez dugu haren berririk. Egoera zailena hori izan da.

Eta garaipen handiena?

Emazte transgenero gabondar batekin gertatu zait. Frantziako Poliziak atxilotu zuen Bordeleko [Okzitania] karrika batean: noski, emazte gisa «sailkatu» zuten itxura ikusita, baina paperetan ez zen emazte gisa agertzen. Gabonera kanporatzekotan ziren nahiz eta asiloa galdegina zuen. Epeak ikusirik ez genuen esperantza handirik. Azken puntan, asiloa lortu zuen, eta orain, Bordelen bizi da. Prostituzio sare baten biktima izan zen, baina lortu du ateratzea. Haren bizia aldatu da erabat: bizi berri bat hasi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.