Daniel Canales. Amnesty International-eko kidea

«Ume lapurtuen minak hor dirau; gaia orain landu behar da»

Canalesek esan du haur lapurtuei beren jatorria ukatu zaiela eta ezinbestekoa dela bilaketa prozesuetan laguntzea. Hala ere, erantsi du ez dela aski urrats egin eta, beraz, gaia «orain» landu beharra dagoela.

AMNESTY INTERNATIONAL.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Amnesty International erakundearen Espainiako ordezkaritzak haur lapurtuen inguruko ikerketa bat egin du. Daniel Canales (Madril, 1988) egileetako bat da, eta adierazi du arreta berezia jarri dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuetan. Auzi horrek emakumeengan izandako eragina ere jaso dute txostenean. Los tiempos de la verdad y la justicia. Violación de los derechos humanos en los casos de 'bebes robados' (Egiaren eta justiziaren garaia. Giza eskubideen urraketa 'ume lapurtuen' kasuetan) izenpean ondu dute ikerketa, eta biktimen ongizatea bermatzeko gomendioak ere eman dituzte.

Haur lapurtuen auzia 2011n hasi zen oihartzuna izaten. Hala ere, zuek orain egin duzue ikerketa. Zein helbururekin?

Asmoa izan da bilaketa prozesuetan dauden pertsonek aurkitzen dituzten oztopoak detektatzea, jasotzea eta salatzea; besteak beste, ikerketa judizial sakonik eza eta dokumentazioa bilatzeko arazoak. Gogoan izan ditugu beraien senideak ebatsi izanaren susmoak dituztenak, eta baita haien nortasuna eta jatorria bilatu nahi dutenak ere. Hala ere, batez ere azpimarratu nahi izan dugu zeintzuk liratekeen erakundeek hartu beharreko neurriak; bilaketa prozesuetan emaitzak lortzeaz gain, garrantzitsua da laguntza eskaintzea, hainbat pertsona oso bakarrik sentitzen baitira bide horretan.

Eremu bakoitzeko egoerak ikertu dituzue, baina Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa nagusiki. Zergatik?

Ikerketa honetan bost autonomia erkidegok hartu dute parte, eta lurralde horietako batzuk Araba, Bizkai eta Gipuzkoa izan dira. Bertako herritarren zenbait testigantza ere txertatu ditugu. Bost eremu horiek fiskaltzak egindako ikerketen %80 baino gehiago osatzen dute, eta, EAEn, orotara, 338 kasu ikertu dira; guztien laurdenak, zehazki. Nafarroan, zortzi kasu ikertu dituzte.

Fiskaltzak ez ezik, Espainiako Gobernuak ere abiatu zituen ikerketa batzuk. Kasu horretan, Hego Euskal Herrian 27 izan ziren.

Lurraldeetako fiskaltzak 2011n hasi ziren ikerketak egiten, Espainiako Fiskaltza Nagusiaren aurrean aurkeztutako salaketa kolektibo baten ondorioz. Zigor arloko ikerketa eginbideak dira horiek. Espainiako Justizia Ministerioak, berriz, zerbitzu bat jarri zuen herritarren eskura. Batetik, helburua zen dokumentuak kudeatzea eta bilaketa prozesuetan garrantzitsua izan daitekeen informazioa bilatzen saiatzea, eta, bestetik, toxikologia institutuarekin lotura egitea; besteak beste, DNA probetarako.

Ikerketa horiek izan al dute emaitzarik?

Fiskaltzak irizpide batzuk ezarri zituen ikerketak egiteko, eta ahaleginak egin zituen, beste epaitegi batzuek ez bezala. Horietako batzuek hasieratik aplikatu zuten preskripzioa, urrats bat bera ere egiteke. Hala ere, ondorioztatu dugu fiskaltzak ez dituela kasu guztiak sakon ikertu, eta horietako batzuk itxi ere egin direla, bilaketa prozesuan dagoen pertsona ziurgabetasun egoera batean utziz. Informazio zerbitzuei dagokienez, salatu dugu ez duela zerbitzu juridikorik eskaintzen, ez eta laguntza psikologikorik eta bitartekaritzarik ere senideekin.

Nolakoa izan ohi da haur lapurtuen egoera?

Gai konplexua da. Beraien familietatik uztez indarrez banandu zituzten pertsonak dira, eta identitatea ordeztu zaie. Giza eskubideen urraketa bat da; norberaren nortasunerako eta nazionalitaterako eskubidea urratu zaie. Horrek inpaktu emozionala eta psikologikoa dakar, eta areagotu egiten da denborak aurrera egin ahala, erantzunik ezaren ondorioz. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak azpimarratu bezala, torturen eta tratu txarren atalasera iristen den sufrimendua da.

Emakumeei eginiko mina ere aipatzen da. Frankismoaren genero ideologiari egiten diozue erreferentzia.

Genero dimentsioak haur lapurtuen kasuetan izan zuen eragina azaldu daiteke 36ko gerratik aurrera, eta testuingurua ulertzeko ere garrantzitsua izan daiteke. Lehen urte haietan, errepresioa nagusi zen, batez ere andre errepublikanoen aurkakoa. Mobilizatu zen, eta horren aktore politiko garrantzitsua izan zen emakume hura eraldatu egin nahi zuten, aberriaren zerbitzura jarriko den amaren rola bete zezan. Era horretan, andreen gaineko erabateko kontrola lortu nahi zuten, eta baita amatasunarekin zerikusia duten erabakiena ere. Sektorerik ahulenen aurka egin zuten, jarrera paternalistekin.

Zoratuta zeudela ere esan zieten.

Denbora lerroarekin jarraituz gero, aurrerago, zorotzat jo diren emakumeekin egin daiteke topo. Ume lapurtuen inguruko beraien testigantzak ukatu egin dira, amaitu eta gainditu gabeko doluak egiten ari direla argudiatuta. Testigantzen ukazio horretan, andre batzuek umeak emateko baimena eman zutela ere aipatu izan da, eta, ostean, damutu eta hitz egiten hasi direla.

Eta zein rol izan du Espainiako Estatuak?

Bilakaera bat dago. Estatuak, hasieran, arau batzuk babesten zituen. Esaterako, haurrei abizenak aldatzeko aukera ematen zuen, eta horrek ekarri zuen hainbat haur erregimenaren aldekoak ziren familietan hartzea, biologikoak izango balira bezala. Gerora, estatuak ez zuen esku hartu behar bezala; adibidez, ordena erlijiosoek zuzentzen zituzten amatasun eta ongintza zentroetan. Horiek adopzio prozesuetan funtsezko eginkizuna izan zuten, eta administrazioaren esku hartzea mugatua zen. 1987ra arte onartu zuten hori. Bilaketa prozesuak hastean ere ez da erantzun egokirik izan.

Beraz, zer egin beharko litzateke biktimak artatzeko?

Hiru ildo zerrendatu ditugu, botere eremuaren arabera. Legegintzari dagokionez, aukera ezin hobea da martxan dagoen haur lapurtuei buruzko lege proposamena mekanismo iturri gisa erabiltzeko, bilaketa prozesuak koordinatzeko eta pertsona horiei laguntzeko. Eremu exekutiboari, berriz, konkordatuarekin zerikusia duten artxiboak berrikusteko eskatzen diogu. Botere judizialean, ikerketa sakonak egin behar dira, eta, horretarako, berriro aztertu beharko lirateke itxi diren kasuak, batez ere preskripzioa ezarritakoak.

Izan ere, iraganak orainean ere badu eragina.

Bai, eta ume lapurtuena ez da iraganeko gai bat. Gaur egun ere giza eskubideen urraketak daude, bilaketa prozesu horiei ez baitzaie erantzun bat ematen. Pertsona batzuk aspalditik dabiltza nor diren jakin nahian, beraien jatorriaz galdezka; erantzunik gabeko bide hori sufrimendua da, eta agintariek esku hartu beharko lukete. Min horrek egun bizirik dirau, eta orain landu behar da, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.