Ana Alonso. ATABeko presidentea

«Prezio apala irakasleen soldaten bizkar da»

Bizkaiko autoeskola irakasleek bigarren greba astea hasiko dute gaur. Duela 11 urte amaituriko lan ituna berritu nahi dute, eta patronala «gotortuta» ikusten dute.

BERRI A.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte daramatza autoeskola irakasle, eta tarte horretan baldintzek okerrera egin dutela uste du Alonsok (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1979). Horri aurre egiteko sortu zuten ATAB Bizkaiko autoeskola irakasleen elkartea, patronalarekin parez pare eseri eta negoziatzeko. Haren jarrerak behartu ditu grebara deitzera, eta kide askok lantokietan jasan dituzten «mehatxuak» salatu ditu: «Presioak, kaleratzeak, lan baldintzen aldaketak... denetarik».

Nolakoa izan zen aurreko astea, grebaren aurrenekoa?

Elkarteak balorazio oso positiboa egin du. Greba luzea da, eta zaila da jendeak eustea. Egia da irakasle gutxi batzuek utzi dutela protesta, baina aurreko deialdi batzuetako babesari eutsi diogu. Bizkaiko irakasleen %65-%70 inguruk egin dute greba. Guztira 300 bat gara.

Zergatik erabaki zenuten greba egun solteak aste osoko greba bilakatzea?

Arrazoi nagusia negoziazio mahaiko urriaren 20ko bilera tamalgarria izan zen. Egun hartan, patronalak berretsi egin zuen uztailaren 28an egin zigun eskaintza, eta gure ustez ez da iristen gutxieneko baldintzetara.

Greba mugagabearen atarian al zaudete?

Greba erantzuna da. Negoziazioa aktibatu behar da, eta, ez bada hori gertatzen, bide orriarekin jarraitu beharko dugu, eta ikus daiteke zer norabidetan doan.

Hurrengo bilera noiz da?

ELA sindikatuak helegite bat jarria du Lan Harremanen Kontseiluan biharko. Oporren auzi bat dugu argitzeko. Patronalarekin esertzeko aukera bat da.

Negoziazioak zertan daude? Zein da egoera egun?

Patronala bere eskaintzan gotortuta dagoela.

Nolakoa da eskaintza hori?

Patronalak dio soldatak eta baldintzak hobetu dituela, baina egin duen gauza bakarra 2011n amaituriko hitzarmeneko KPIak eguneratzea izan da: %13,6. Baina hor ez dago igoerarik, eguneratzea bakarrik da. Gure ustez, gutxieneko eskaintza bat da, eta ezin gara horrekin konforme gelditu.

Eta zuek zer eskatzen duzue?

KPIaren pausoa ontzat jotzen dugu, baina azken 11 urteetan asko galdu dugu, ez baitigute soldata igo tarte horretan. Lanaldiarekin ere arazoak daude, hitzarmenean astelehenetik iganderako lanaldia agertzen da, eta guk astelehenetik ostiralera artekoa izatea nahi dugu.

Zuek eskatzen duzuen hobekuntza zenbatekoa litzateke?

Lehen urtean, igoera handia da. Izan ere, sektore honetan ordainketa irregular asko dago, eta guk nahi dugu ordainketa horiek erregularizatzea. Nominatik kanpo dauden ordainketak erregularizatzea nahi dugu. %36 inguruko igoera bat da. Tira, ez da igoera bat zehazki, KPIaren eguneratze bat da, eta soldaten erregularizazioa.

Horrenbestekoa al da nominaz kanpoko ordainketena?

Bai, oso ohikoa da. Sektorea horrela ordaintzera egokitu da, orduka alegia: tiketa deitzen zaiona. Gainera, guk ez dugu lan ordutegiaren marko bat; beraz, beti egon behar dugu enpresaren beharretarako. Lanordu gehiago egiten baditugu, soldataren zati hori gutun azal batean doa; ordu estrak ez dira nominetan agertzen.

Soldata oinarria 1.003 euroko hamabost ordainketa direla esan duzue. Hala da?

Soldata gordina da hori, eta gero jardun gehigarri bat dugu. Bulegoetako langileek ere gehigarri bat dute matrikulak lortu eta baimenak emateagatik. Plus hori 200 bat eurokoa izan daiteke hilean, baina gero atxikipena dago. Bulegarien soldata garbia ez da iristen 1.000 eurora, eta irakasleak iristen badira hamabost soldatak hamabi ordainketatan banatuta jasotzen dituztelako da.

Prezio apaleko autoeskolek eragin handia izan al dute?

Bai. Irten zirenean, batez ere. Prezio apala lortzen badute, irakaslearen soldataren bizkar da; horregatik dira hain merkeak. Duela hogei urte, orain baino gehiago ordaintzen zen baimena ateratzeagatik. Prezio apaleko autoeskolek prezioak birrindu zituzten, eta enpresek ez zuten jakin erreakzionatzen. Egun, patronaleko autoeskola askok low cost dioen itsasgarri bat dute jarria erakusleihoan.

Lanik ba al dago?

Asko. Autoeskola batzuetan, azterketa teorikoa gainditu eta praktikoarekin hasterako hiru eta sei hilabete artean igaro daitezke. Guztiek dute itxaron zerrenda.

2011ko lan ituna sinatu zenean 428 irakasle zeuden haren menpe; egun, berriz, 300 inguru zaretela diozu. Askok utzi al dute?

Bai. Patronalak irakasle ikastaroak atera nahi ditu, baina ez dago irakasle gabeziarik. Jende tituludun asko dago, baina ez daude prest baldintza horietan lan egiteko. Joan egin dira: autobus gidari, kamioilari... Baldintzak hobetu behar dira horiek erakartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.