ELAk salatu du adinekoen artarako Jaurlaritzak jarri dituen ratioak urriak direla

Zahar etxeetarako irizpideekin ondu duen dekretu zirriborroa atzera botatzeko eskatu du sindikatuak. Uste du ez duela arta ona bermatzen

ELA sindikatuak deituta zahar etxeetako langileek egindako protesta bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua moldatzeko agindua onartu zuen ekainaren 15ean. Sindikatuek eta egoiliarren senideen ordezkariek berehala azaldu zuten berritasun gutxi zekarrela testuak benetan adinekoen arta hobea bermatzeko, eta, atzo, ELA sindikatuak agerraldia egin zuen Donostian mezu hori berresteko: datuekin.

Bereziki aztertu dute ea ezarri nahi diren ratioekin zertan aldatuko den adinekoek jasoko duten arta zuzena, eta horra: aurkeztu dituzten kalkuluen arabera, dekretu berria ezartzen bada, zazpi minutu gehiago soilik eskainiko zaizkie mendekotasun apala duten adinekoei, eta 11 minutu gehiago oso mendekoei. Hazkunde oso txikiak direla uste dute, eta, horregatik, dekretu zirriborroa «erretiratzeko» eskatu dute.

«Dekretu zirriborroak ez ditu hobetuko EAEko egoitzetako lan baldintzak eta zerbitzua», azaldu zuten atzo sindikatuko ordezkari Aintzane Orbegozok eta Txomin Lasak agerraldian. Aspaldi esaten ari dira adineko bakoitzak gutxienez bi orduko arreta zuzena izatea bermatu behar dela, oso mendekoena gutxienez hiru ordura hedatu behar dela, baina adierazi zuten plazaratu diren zenbakiekin urrun daudela helburu horiek. Aurkeztu dituzten datuen arabera, mendekotasun apaletan 61 minutuko arreta zuzena bermatuko da; zaintza handia behar dutenenetan, 97koa.

Arbuiagarritzat daukate ratioak «zehazteko» erabiltzen den bidea ere: izan ere, lanaldien arabera ebazten dira, eta, adibidez, langileen lan baldintzak hobetze aldera lanaldiak murrizten badira, egoitzetako egoiliarren zaintza denbora ere urritu egiten da logika horri atxikita. Horiek horrela, halako egoera gaiztoak saiheste aldera, ratioak zehazteko modua aldatzeko eskatu dute; lanaldiaren arabera ezarri beharrean,erabiltzaile bakoitzak bere menpekotasunaren arabera behar dituen zaintza minutuak aintzat hartuta ebatzi behar dira.

Ezarri nahi diren ratio berriek ez dakarte aurrerabiderik, ELAren ustez, eta areago: atzerapausoak izateko arriskua agerikoa da. Gipuzkoan, esaterako: «Zirriborroak aurreikusitako ratioa, lurralde horretan, duela hamazazpi urtez geroztik ezartzen dena baino %24 apalagoa izango da».

Erizain falta, «iruzur larria»

Dekretu zirriborroaren kontra daude, gainera, bide ematen duelako erizain laguntzaileek erizainen lanak egiteko, eta egoitzetan ez 24 orduz erizainen arta bermatzeko. «Jaurlaritzak aterabide hori eman nahi die azpikontratek erizainak aurkitzeko dituzten arazoei, nahiz eta, hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrak diren arazoa». Hautu hori «iruzur larria» dela uste dute. Eskatu dute batzorde bat sortzeko sektoreko eragile eta langile guztiekin; Jaurlaritzarekin batera, foru aldundiek, sindikatuek, sektoreko langileek eta senideen elkarteek parte hartu behar dute. Elkarrizketa horien bidez «gutxieneko» batzuk definitu behar direla uste dute, baldintza «duinen» alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.