Andre Geim. Grafenoaren aurkitzailea eta Nobel sariduna

«Hau ez da iraultza bat, garapena da»

Grafenoari lotuta izango da betiko Geimen izena. Berari aitortzen zaio 2004tik komunitate zientifikoa astindu duen materialaren aurkikuntza. Fisikako Nobel saridun ere egin du grafenoak. Donostian izan da asteon.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko irailak 13
Paperezko orri bat baino ia miloi bat aldiz finagoa da grafenoa, irudikatu daitekeen materialik finena: atomo baten lodierakoa. Baina, aldi berean, inoiz neurtu den materialik gogorrena da, malguena, gardenena. Superlatiboen materiala da. «Egia esan, harrigarria da», esan du hura aurkitu zuenak, Andre Geimek (Sotxi, Errusia, 1958). 2004an egin zuen aurkikuntza, hainbat ikaslerekin batera. Tartean zen Konstantin Novoselov, eta biek jaso zuten Fisikako Nobel saria grafenoaren aurkikuntzagatik, 2010ean. Donostian izan da asteon, Graphene Flagshipek eta Nanoguneak antolatutako Graphene Week 2018 kongresuan. 650 ikerlaritik gora bildu dira, eta gonbidatu izarretako bat izan da Nobel sariduna.

Grafenoa arrotza zaion bati nola azalduko zenioke haren aurkikuntzak eragin duen lurrikara?

Giza espezie gisa, historikoki material ezberdinak erabili ditugu: harria, brontzea, burdina, plastikoa, aluminioa, karburoa.... Pentsa, aldi bakoitzak hortik hartu izan du izena: Harri Aroa, Brontze Aroa, Burdin Aroa... Denak urrats garrantzitsuak izan dira gure munduaren garapenean, gure bizitzen hobekuntzan. Material horiek guztiak hiru dimentsiotakoak dira, eta grafenoa aurreneko material bidimentsionala da; ez du lodierarik ia-ia. Aurretik tresna kutxa bat genuen, eta kutxa hori ikaragarri zabaldu da. Aro berri bat ireki da. Halere, hau ez da iraultza bat, garapena da.

Nola gogoratzen duzu haren aurkikuntza?

Naturan ezer ez da jazotzen kolpetik, eta, beraz, zientzian ere ez; dena da garapen gradual bat. Gauza txiki-txikiekin hasi, eta gutxika garatzen dira ideiak. Ez zen gauetik goizera egindako aurkikuntza izan, urteetan milaka pertsonak egindako urrats txikiak daude atzean. Horiei jarraituta iritsi ginen muinera. Polita izan zen, hori gogoratzen dut.

Nola ikusi duzu grafenoak ordutik egin duen bidea?

Publiko orokorrak berehalako emaitzak nahi izaten ditu askotan, magia egitea. Gauza handiak iragarri ziren, eta ezer ez da berehalakoan gertatzen. Material berri bat unibertsitateko bizitzatik kontsumo produktuetara iritsi arte 30-50 urte igarotzen dira. Baina grafenoarentzat dena ikaragarri azkar gertatu da, berehala jende mordo bat jarri zelako hura ikertzen. Interes komertzialak oso azkar agertu dira, eta grafenoa tonaka ekoizten hasi dira. Ia ez zen ezer, eta, bost urtean, hainbat eremutan aplikatu da; egun, kontsumorako produktua da.

Zein leku betetzen du gaur merkatuan?

Argi dago hainbat industriatara ari dela hedatzen. Nik hemen oinetakoak eta kapelak ere ikusi ditut. Oro har, grafenoa babesgarri moduan hasi dira erabiltzen, edozer egiteko: itsasontziak, haize turbinak... Medikuntzan ere hasi dira aztertzen, eta teknologia berrien industrian hasieratik sartu da indar handiarekin. Aurrerapen asko aurreikusi dira, ukipenezko pantaila tolesgarriak eta, baina emaitzak poliki helduko dira.

Etorkizuna nola baldintza dezakeen aurreikusterik bai?

Nik ezer gutxi dakit teknologia berri iraultzaileez, eta ez dut espekulatu nahi. Ez naiz iragarlea. Grafenoaren aurkikuntzak bide eman du material bidimentsional gehiagotara iristeko, eta esan dezaket aukera handia dagoela plastikoak gure bizitza aldatu zuen bezala grafenoak ere hala egiteko. Inork ez zituen espero karburoz egindako ordenagailuak, inork ez zuelako horien berri. Bada, grafenoak ekarriko duena ere ez dakigu; egin dezakegun bakarra imajinatzea da, aurretik dugun esperientzian oinarrituta, eta ikertzea imajinatutako hori egingarria ote den.

Badirudi interes handiagoa duzula zientzia hutsean, zientzia aplikatuetan baino.

Hala da, hori da nire espezialitatea. Profesionalki egiten dudana zientzia hutsa da. Noski, badut interesa agertzen ari diren aplikazioekin, baina ni neu ez naiz horretan sartuko. Hobea naiz zientzia hutsean, eta beti da hobea zurea den eremuan sakontzea.

Nobel saria eta Ig Nobela, biak dituen fisikari bakarra zara. Igel bat magnetikoki lebitarazteagatik eman zizuten bigarrena. Jakintza zientifikoa erabiltzeko bi modu dira?

Ez, modu bera da. Gizon umoretsua naiz, eta lanean ere islatu nahi izaten dut hori. Lan profesionalerako ez ezik esperimentuak ondo pasatzeko ere egin baldin baditzakezu, zergatik ez?

Askotan galdetzen dizute patenteei buruz, ea inoiz pentsatu duzuen grafenoa patentatzea.

Hor gaizki-ulertuak sortzen dituen ideia orokortu bat dago, eta badakigu ideia orokorrek ez dutela sekula funtzionatzen. Patente bat tresna ekonomiko bat da, produktu bat lehia komertzialetik babesteko. Baina zientzia hutseko aurkikuntzak babesteak ez du zentzurik, jendeak garatzeko dira. Nik baditut zenbait patente, baina oso espezifikoak dira.

Grafenoa komunitate zientifikoaren eztabaidagai beroenetako bat da oraindik ere?

Bai, noski. Ez gara material bakar batez hizketan ari, grafenoaren anai-arrebak ehunka dira, eta berezitasun iraultzaileak dituzte. Zientzialariek tresna berri bat dute orain zientziaren oinarrian dauden galderei aurre egiteko. Datozen 100 urteak, behintzat, material bidimentsional berri hauek ikertzen igaroko ditugu.

Konstantin Novoselovekin batera jaso zenuen Nobela. Zientziak duen irudi lehiakorra gaitzetsi izan duzu.

Non ez dago lehia bizi garen munduan? Egia da ikerlerro bat abiatzen duen horri aitortzen zaiola arrakasta, nire kasuan bezala, baina gu hamar laguneko talde bat izan ginen, eta bidean galdu da haien izena. Zientzian denak ari gara ingurua ezagutzeari ekarpena egiten. Niretzat, ez dago hierarkiarik. Zientzia ez da armada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna