Irungo harrera sarea kexu da

Gogora ekarri du sarearentzat lokal bat jartzea onetsi zuela udalbatzak, baina udalak ez duela abiatu horretarako biderik: «Kalean gaude»

arantxa iraola
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hilabeteotan nabarmen ugaritu dira Irunen (Gipuzkoa) migratzaileak. Migratzaileen fluxuak eta Frantziak mugan jarritako kontrolek zaildu egin diete bidea. Horiek horrela, harrera sare indartsu bat eratu da hirian.Oharra plazaratu dute asteon, ordea, eta salatu dute aski egoera zailean ari direla lanean; izan ere, egoitzarik ez dute. Adierazi dute Irungo udalbatzak onetsi zuela sareari lokal bat ematea, baina udalak ez duela bete: «Kalean gaude».

Plataformako kideek berriki emandako datuen arabera, 938 pertsona artatu, informatu eta lagundu dituzte urtea hasi zenetik: horietako 819 gizonezkoak izan dira, 78 andrazkoak eta 41 adingabeak. Guztien harrera «duina» bermatzeko, hainbat taldetan antolatuta daude sarean. Harrera egitekoa, informazioa ematekoa, jantziz hornitzekoa, osasun arta behar dutenei laguntzekoa... «Lan hauek guztiak, ordea, kalean egiten ditugu», salatu dute: «Irungo San Juan plazan».

Lehendik ere deitoratu dute sareko ordezkariek Irungo Udalaren jarrera migratzaileen auzian. Orain aste batzuk, esaterako, eskatu zuten hiriko tren geltokiaren kanpoan argibide taula bat jartzeko; horren bidez, nahi zuten adieraztea migratzaileei non dagoen propio haien artarako aterpea: Martindozenea. Irungo Udalak azaldu zuen, ordea, ez dagoela horretarako «inolako beharrik». Sareko ordezkariek azaldu dute udaran migratzaileen etorrerak ugarituko diren ustea dagoela eta laguntza behar dutela harrera lanetan jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.