Gasteizko plataforma logistikoa handitzeko lanak lizitatu ditu Adifek

Jundizko azpiegitura egokitu nahi dute, AHTarekin lotzeko eta salgaien garraioa hobetzeko. Next Generation funtsekin finantzatuko dute

Salgaien tren bat Bilboko portutik abiatzen; Jundizko azpiegiturarekin lotura zuzena izango du portuak. M. RAMIREZ / FOKU.
Mikel P. Ansa - Aitor Biain
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gasteizko plataforma logistikoa handitu eta egokitu egingo dute, salgaien garraioa hobetu eta abiadura handiko trenarekin lotzeko. Adif Espainiako trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen erakundeak lizitatu ditu obra horiek egiteko kontratuak, eta 38,5 milioi euroko kostua izango dute lanek. Plataforma logistikoaren lanek 32 milioi euroren kostua izango dute, eta segurtasun eta komunikazio sistemak atontzeko lanek, 6,5 milioi eurorena. Europako Next Generation funtsekin finantzatuko dute obraren zati bat.

Salgaien garraioa antolatzeko eta garraiobide ezberdinetatik iritsitakoak koordinatzeko erabiltzen dira plataforma logistikoak, eta Jundizen bada halako bat gaur egun. A-1 autobidearekin eta trenbide sarearekin loturak ditu, eta Eroskik eta Mercadonak han jarri dituzte beren zentro logistikoak azkeneko urteotan. Panatonni enpresak ere erosi ditu lursail batzuk han.

Adifek onartutako obrekin, Jundizko plataforma hori handitu eta egokitu egingo dute, eta tren lasterraren azpiegiturarekin lotuko dute. Adifen hitzetan, «korridore atlantikoari zabalera estandarrarekin [Europakoarekin]» lotuko zaion lehen plataforma logistikoa izango da.

Hego Euskal Herriko trenbideak Europakoak baino zabalagoak dira; AHT abiadura handiko trenek, berriz, Europako zabalera, edo estandarra dute. Jundizko plataforma egokituta eta lotura trenbide zabalera estandarrekin eginda, salgaien garraioa erraztu nahi dute, eta Europarekin lotura azkarragoak egin. Espero dute hamasei hilabetean obrak bukatuta edukitzea.

Treneko lotura hori errazteko, aurrena Jundizko tren loturan hirugarren bide bat ezarriko dute, salgaiak jasotzeko eta bidaltzeko, eta kargatzeko eta deskargatzeko lau trenbide zatitan. Gero, plataformako beste trenbide batzuetan ere ezarriko dute. Karga eta deskarga lanetarako garabi berezi bat ere jarriko dute, eta instalazio teknikoaren beste trenbide bat egingo dute.

Gainera, azpiegituraren segurtasuna eta treneko komunikazioak berritu egingo dituzte, eta eraikin bat altxatuko dute, zeregin teknikoetarako.

Portuekin lotura

Adifek azaldu du Espainian Jundizkoa bezalako lotura logistiko gehiago egiteko asmoa duela, salgaien trenbide bidezko garraioa bultzatzeko. Portuekin ere lotu nahi dituzte abiadura handiko azpiegiturak, helburu berarekin.

Hain zuzen, martxoan jarri zuten martxan Arasur industriagunea eta Bilboko portuaren arteko trenbidea, eta asmoa da Jundizko lotunea ere bide horren parte izatea. Merkantzia tren batek astean behin egiten du Bilbotik Ribabellosarako hiru orduko bidea, baina sustatzaileen asmoa da maiztasuna handitzea eskaera ere handitu ahala. Bi trenbide ditu trenak hartu eta bidaltzeko, eta beste bi zamalanetarako. Orduan ere trenbideen zabalera aldatu zuten, Europakora egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.