Fernando Soto. AEGEko presidentea

«Argindar konpainien kontratu finkoak ez dira lehiakorrak»

Energia asko kontsumitzen duten enpresen ahotsa da Soto, eta uste du gasari ezarritako mugek arnasa eman diotela sektoreari. Hala ere, neurri gehiago nahi ditu, 2022. eta 2023. urteak malda gogorra izango direlakoan.

AEGE ELKARTEA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hainbat euskal konpainia handi dira AEGEko kide: Sidenor, Arcelor, Tubos Reunidos, Alcoa... Hamalau faktoria eta ehunka langile dituzte Euskal Herrian, eta hilabeteak daramatzate argindarraren prezioari begira. Argindar asko kontsumitzen duten Espainiako enpresen elkartea da AEGE, eta haien presidentea da Fernando Soto (Cartagena, Espainia, 1957). Energia merkatu «ezegonkorraz» kexu da, eta prezioak «zoratu» egin direla dio.

Argindarra sortzeko gasak gehienezko prezio bat du iragan ostiralaz geroztik. Nola hartu duzue neurri hori elkartean?

Guk larrialdi neurriak eskatu genizkien Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari gure industria babesteko. Erabakiak behar genituen, eta gasarena aukeretako bat zen. Espainiako Gobernuak eskaera eraman zuen, eta lortu zuen muga jartzea. Guk hasieran jarritako prezioa nahiago genuen, 30 eurokoa, baina ulertu behar da negoziazioak egon direla. 40 euroko muga batekin, argindarraren ekoizpen prezioa 110-120 euro megawatt-ordua (MWh) izango da, eta horri gehitu behar zaio kontsumitzaileek egin beharko duten konpentsazioa. Nik uste dut 25-30 euro ingurukoa izango dela. Alegia, azken prezioa 150 euro MWh ingurukoa izan daiteke. Egun 200-220 euro inguru ordaintzen ari garela kontuan hartuta, bada, %25-30eko beherapena da.

Nahikoa al da?

Edozein beherapen ongi etorria da. Baina industrian kontuan hartu beharrekoa besteekiko aldea da. Alegia, zenbat ordaintzen duzun zuk eta zenbat ordaintzen duten Frantziako edo Alemaniako zure lehiakideek: hori da gakoa. Industriak ekoizten duen produktuen prezioa nazioarteko merkatuek ezartzen dute; argindarraren prezioa, berriz, herrialdeka zehazten da. Espainian beti izan da Alemanian eta Frantzian baino garestiagoa. Aldea murriztea oso garrantzitsua da. Etorkizuneko merkatuetan 150 euroko prezioak ikusten ditugu, eta Frantzian eta Alemanian baliteke hortik gora egotea. Horrek pixka bat laguntzen gaitu.

Orduan non dago arazoa?

Kontua da Frantzian eta Alemanian industriak ez duela argindar guztia enkantean erosten. Frantzian, esaterako, EDF argindar konpainia publikoak tarifa laua eskaintzen dio industriari: jatorri nuklearreko energia saltzen du MWh 42 euroko prezioan, kontsumoaren %62 estali arte. Beste %38 enkantean erosten dute. Gu orain 150 euroan egongo gara: hiru aldiz gehiago da. Frantziarengandik oso urrun gaude. Alemanian ere antzeko sistema dute: haiek 3-5 urteko kontratuak dituzte prezio finkoetan.

Eta zergatik da hain zaila hemen kontratu finko luzeak sinatzea?

Elkarteko kideek niri gauza bera esaten didate, eta asko multinazionalak dira. Galdetzen didate ea Alemanian duten aukera zergatik ez dagoen hemen. Argindar konpainiengana joan direnean egin dizkieten eskaintzak ez dira lehiakorrak, eta ezin izan dituzte onartu kontratu horiek. AEGEko kideek darabilten argindarraren %90ek enkantean du jatorria.

Zein da trabarik handiena argindar konpainiekin hitz egitean?

Eskaintzen dituzten baldintzak ez direla erakargarriak. Iazko azaroan mahai inguru batean egon nintzen argindar konpainia bateko zuzendari batekin, eta nik Frantziako eredua aipatu nuen. Han 42 euro dira, baina Espainian, aurreko hamarkadan, batez besteko prezioa 45 eurokoa izan da. Orduan beste hizlariak zergak-eta aipatu zizkidan, eta prezioa 55-60 eurora igoko litzakeela. Eta nik garbi esan nion: «Oraintxe sinatuko nuke bizpahiru urteko kontratu bat 55-60 euroko prezio horretan». Garai hartan Gobernuarekin hizketan ari ginen, eta esaten zigun energia enpresek kontratuak eskainiko zizkigutela, baina kontratu horiek ez dira iritsi. AEGEko kide gehienek ez dute adosturiko kontraturik, eta enkantearen menpe daude. Argindar enpresei esaten diegu gai horiek negozia daitezkeela. Ez dugu eskatuko ekoizpen kostutik beherakorik, baina prezio lehiakorrak behar ditugu.

Erakunde publikoek zer egin dezakete?

Askoz gehiago egin dezakete, eta ez bakarrik argindar konpainiekin. Espainiako Gobernuak, esaterako, jatorri nuklear, hidrauliko eta berriztagarriko energia enkanteak antola ditzake, eta ziur 55-60 euroko argindarra irtengo litzakeela hortik. Aurrerapauso bat litzateke. Gure enpresek beren produktua ekoitzi nahi dute: altzairua, aluminioa, kobrea... eta energiaren prezioarekin ahaztu ahal izatea.

Sektorea nola dago?

Urte gogorra izan da, martxoa batez ere. Etenak egon dira ekoizpenean, erregulazioak... Presioa jaitsi egin da, eta orain prezio ertainetan dago energia, ertaina krisi honen testuinguruan esan nahi dut. Gure kideek ekoizten dituzten produktuen prezioak gora egin du, eta horrek eragin du egoera hain larria ez izatea. Baina salgai horien prezioa 2020ko zifretara jaisten bada, eta energia ez bada merkatzen, baliteke arazoa oso handia izatea.

Zuen elkarteko enpresetan, gastuen zenbatekoa izaten da energiaren kostua?

Argindarra 50 euroan zegoenean, bada, kostuen %60raino irits zitekeen, jardunaren arabera betiere. Elektrolisia erabiltzen duten industrien kasuan, esaterako, %60eko hori ziurra da. Orain, prezio hauekin, bateren batek esan dit argindarra ekoizpen kostu osoaren %75 zela.

Krisi osoak sektorean izan duen eragina neurtu al duzue?

Gure bazkide guztien artean 1.500 milioi euroko gainkostua kalkulatu genuen Frantziako eta Alemaniako lehiakideekin alderatuta. Eta hori berrikuntzetan edo deskarbonizazioan inbertitu ez duten dirua da. Eta pena da, ziur bainago gure industria Europako beste eremu batzuetakoa baino eraginkorragoa dela, baina gabezia handi bat dugu: argindarraren prezioa. Dena den, uste dut bizpahiru urte barru egoera aldatu egingo dela, energia berriztagarriak asko garatzeko aukera dugulako, eta hala diote luzera begirako iragarpenek, baina arazoa oraingoa da, 2022ko eta 2023ko malda gogor hau igarotzea.

Bi urte hauetan enpresaren batek neurri oso traumatikoren bat hartu beharko al du?

Ez, baikorra naiz. Nik uste dut eutsiko diotela, etxeko lanak egiten ari direlako. Gobernuek eta argindar konpainiek ere laguntzea espero dut. Gu gara argindar konpainien bezerorik onenak, eta haiei ere komeni zaie gu ez erortzea.

Sidenorrek, Arcelorrek... etenak egin zituzten neguan argindarraren ondorioz. Itzuliko al dira?

Azkenaldian ez dut halakorik entzun. Pentsatu nahi dut egoera hobea dela egun, baina hor garrantzi handia izango du enpresa horiek ekoizten dituzten produktuen prezioak duen bilakaerak. Garesti mantentze bada, gauzak ondo egongo dira; baina, jaisten badira, arazoak egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.