Texasek arma laburrak baimenduko ditu 18 eta 20 urte bitarteko gazteentzat

AEBetako auzitegi baten arabera, «konstituzioaren aurkakoa» da adinez nagusi diren herritarrei armak erabiltzea debekatzea

Hainbat tiroketatako biktimak armak erregulatzearen aldeko protestan, Washington hirian. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Texasko (AEB Amerikako Estatu Batuak) epaile batek indargabetu egin zuen herenegun 18 eta 20 urte bitarteko herritarrei espazio publikoetan arma laburrak eramatea debekatzen dien legea. Erabakia, baina, eten egin zuen 30 egunez, Texasko Gobernuari helegitea aurkezteko aukera emateko. Hala egingo ez balu, debekua indargabetu egingo litzateke automatikoki.

Epaia Texas iparraldeko Fort Worth barrutiko Mark Pittman epaileak eman zuen, argudiatuz inoiz ez dela izan gazteei eremu publikoetan armak eramatea debekatzen dien neurririk herrialdean, eta, gainera, halakorik egitea AEBetako Konstituzioaren aurkakoa dela. Pittmanek epaia eman baino bi hilabete lehenago, AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen adinez nagusi direnei armak erabiltzea debekatzea konstituzioaren bigarren artikuluaren aurkakoa dela. Artikulu horrek aukera ematen die estatuei miliziak «nahieran» antolatzeko, eta ohartarazten «armak erabiltzeko eskubidea» ezin dela urratu.

Gorenaren arabera, erregulazioak onargarriak izango dira soilik «historian lehenago egin baldin bada halakorik»; alegia, erregulazioak antzekotasunik badu XVIII. mendean —konstituzioko bigarren artikulua onartu zutenean— indarrean zegoen neurriren batekin. Halaber, eskubidea aitortu die 21 urtetik beherakoei armatuta ibiltzeko espazio publikoetan, norbere defentsarako baldin bada.

Debekuen aurka

Suzko Armen Defentsarako Koalizioak iaz egindako kexa baten harira heldu zion gaiari Gorenak. Taldeko abokatu batek adierazi zuen Pittmanen erabakia «garaipen bat» dela Texasko adin nagusiko gazteen eskubideen alorrean, eta balio izan duela herrialde guztiari erakusteko konstituzioa «halako debekuen gainetik» dagoela.

Elkarteak, halaber, adierazi zuen beste estatuetan ere antzeko arauen aurka ari direla borrokan: hala nola Pennsylvanian, Tennesseen, Illinoisen, Minnesotan Kalifornian eta Georgian.

Orain arte, arma laburrak edukitzea debekatua zuten 18 eta 20 urte bitartekoek, baina erasorako armak deritzenak legezkoak ziren. Horren ondorioz, joan den maiatzean Texasko Uvalde hiriko eskola batean, 18 urteko gazte batek errifle erdi automatiko batekin eraso zien ikaskideei. Hemeretzi ikasle eta bi irakasle hil zituen. Horiek hala, AEBetako Alderdi Demokratak gaitzetsi egin zuen Gorenak halako ebazpen bat eman izana tiroketak «ohikoak» diren estatu batean. Texasko gobernadore Greg Abottek ez zuen adierazpenik egin debekua kentzearen harira, ez eta fiskal nagusiak ere.

Bestalde, iaz Texasen bertan beste lege bat onartu zuten 21 urtetik gorakoei bide ematen ziena arma bat eskuratzeko horretarako baimen berezirik eskatu gabe, aurrekari penalen egiaztapenik gabe eta armak erabiltzeko trebakuntzarik izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.