Albistea entzun

Miren Lauzirika. EmakumeEkin elkarteko presidentea

«Gizonena da enpresa mundua»

Zaintza lanek, genero rolek eta bestek «oztopatu» egiten dute emakume ekintzaileen ibilbidea, baina, Lauzirikaren ustez, «osasungarria da emakumeak beren lanean zentratzea».
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Iztueta Olano -

2022ko azaroak 19

Art For Life aholkularitza enpresaren sortzailea eta EmakumeEkin elkarteko presidentea da Miren Lauzirika (Bilbo, 1978). Beste hamahiru elkarterekin batera, EmakumeEkin-ek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume ekintzaileen premiak azaleratzen dituen manifestu bat aurkeztu zuen Donostian joan den astelehenean. Dokumentuan «herrialde berdinzaleagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa» eraikitzeko eskatu zioten euskal administrazioari.

Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunaren harira, enpresa munduan lan egiten duten emakumeen errealitatea nolakoa den azaldu du Lauzirikak.

Zerk bultzatu zintuen EmakumeEkin sortzera?

Duela bederatzi edo hamar urte inguru, nire inguruko emakume ekintzaileekin hitz egiten hasi nintzen. Konturatu ginen guztiok genituela beldur eta kezka berak. Emakume independenteak ginen, bakarrik bidaiatutakoak eta bakoitzak bere alorrean hainbat proiektutan parte hartutakoak, baina enpresa bat abian jartzeko momentuan sekulako beldurra sentitzen genuen, eta ez genekien beldur hori zehazki nondik zetorren. Elkartzen hasi ginenean ohartu ginen generoak pisu handia zuela.

Horregatik ekin genion EmakumeEkin proiektuari. Emakume ekintzaileentzako ahalduntze guneak sortu nahi genituen. Gizartean oso barneratuta dauzkagu ekintzailetzaren inguruko estereotipoak, eta horiek ikuspuntu kritiko batetik aztertu nahi genituen. Horrez gain, emakume ekintzaileak ezagutzera eman nahi genituen, eta enpresa eredu desberdinak eratu daitezkeela ikusarazi.

Nolakoa da enpresa mundua?

Gizonena da, gizonek gizonentzat sortutako kontzeptu bat. Horren arabera, ekintzailea den orok arriskuak hartzeko prest egon behar du, ordutegi malguak izan behar ditu, eta lortutako diru kantitatearen araberakoa izango da sortzen duen enpresaren arrakasta. Eredu tradizional horrek ez ditu kontuan hartzen beste eragile batzuk: enpresa horrek gizartean eragin positiboa duen, adibidez.

Ekintzailetzaren alorrean, enpresa eredu bat sustatzen da: garatu ahala handiagoa eta aberatsagoa egiten dena. Gizon ekintzaileak arrakastatsuak izatera, diru asko lortzera, eta geroz eta enpresa handiagoak sortzera bultzatzen dituzte. Emakumeok ez gaituzte balio horiekin lotzen.

Genero ikuspegiak eragina du ekintzailetza proiektuetan?

Bai, noski. Emakumeok eta gizonak desberdin hezi gaituzte, eta txikitatik ikasitako eta erreproduzitutako estereotipo horiek errepikatzen ditugu helduak garenean ere. Gizartearen arabera, ekintzaileak balio moralik gabeko pertsonak gara, ez gara besteen beharrez arduratzen, eta kosta ahala kosta diru mordoa irabazi nahi dugu. Elkarteko kideok ez gara identifikatuta sentitzen irudi horrekin.

Gainera, emakume ekintzaile gisa oso agerian egon behar dugu, aurpegia emateaz gain jende askorekin hitz egin behar baitugu. Emakumeoi beti esan digute isilik egoteko, bazterrak ez nahasteko. Ekintzaileok ideia horiek hausten ditugu.

Emakume ekintzailea izanik, zuk zeuk ere izango zenituen oztopoak, beraz...

Bai. Hala ere, estereotipoez eta gizartean zabaldutako iritziek elikatutako beldurrez gain, kanpoko mugek ere pisu handia izan dute. Lagunei eta senitartekoei enpresa bat ireki nahi duzula esaten diezunean, mesfidati agertzen dira. Proiektuak aurrera egiten duela ikusten dutenean, zertxobait lasaitzen dira, baina ez dira guztiz fio. Gizonei, berriz, hasieratik ematen diete babesa. Pentsatzen dutena zuzenean esatera ausartzen ez diren arren, begiradekin, keinuekin eta halakoekin adierazten dute egitera zoazena arriskutsua dela. Txikikeria horietan gauza handiak ikusten dira.

Enpresa martxan jarrita, zer beste zailtasun dituzte emakume ekintzaileek?

Enpresa garatzeko unean, emakumeontzat zaila izaten da enpresari eta familiari eskaini beharreko lana eta denbora kudeatzea. Zaintza lanak emakumeon esku gelditzen dira, eta ingurukoek ere normaltzat jotzen dute hori. «Ordutegi malgua duzu: egingo duzu tartetxoren bat» edo «egin itzazu zuk erosketak, gauean egingo duzu lan», sarri entzun behar izaten ditugun iruzkinak dira. Askok uste dute ekintzailetza proiektua gure denbora-pasa dela, ez lana. Horrelakoetan, emakumeok geure buruari egozten diogu errua, baina ez luke horrela izan behar. Mugak jarri behar dira batzuetan, eta ingurukoei esan: «Aizu, ni lanean nago». Osasungarria eta garrantzitsua da emakumeak beren lanean zentratzea.

Alde handia dago gizon ekintzaileen eta emakumeen artean?

Jaso ditugun datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekintzailetza proiektuetan pareko daude gizonak eta emakumeak. Hala ere, ez dakigu ekonomikoki hori betetzen den. Manifestuan idatzi dugun eskaeretako bat da euskal administrazioak abian jarri ditzala emakume ekintzaileon errealitate ekonomikoaren araberako neurriak, ekintzak eta mekanismoak. Horretarako, ezinbestekoa da aztertzea zenbat kotizatzen eta fakturatzen duten emakume eta gizon ekintzaileek.

Espainia mailako datuak ditugu, eta, horien arabera, generoaren eta diru sarreraren araberako arrakala nahiko handia da. Estatuko ikerketa batean inkestatutako emakumeen %27,7ren negozio bolumena urtean 15.000 eurotik beherakoa da. Bost gizonetik bik, berriz, urtean 46.000 eurotik gora irabazten dute.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Txik Txak garrai sareko autobus bat, Baionan, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzuko langileak greban sartu dira

Garazi Aduriz - Oihana Teyseyre Koskarat

Txik Txak garraio sareko langileek grebari ekin diote goizean. Salatzen dute egunean hamalau orduko lan txandak dituztela langile eskasiaren ondorioz.

LIDLeko langileak, greban. ©ELA Sidikatua

Bertan behera utzi dituzte LIDL eta BM supermerkatuetako grebak

Iñaut Matauko Rada

Langraiz Okako (Araba) LIDLen bloke logistikoan hitzarmen berria akordatu dute, eta soldaten %20ko igoera lortu dute. BMn gaur ziren greba hastekoak, baina asteburuan lortutako «aurrerapenen» ostean, deialdia utzi dute.

Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. ©MONDRAGON

Ulma eta Orona, Arrasatetik urrutiratzen

Aitor Biain

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.

Koordinazio batzordearen bileraren hasiera, atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.