Marta Vilalta. ERCko bozeramailea

«Negoziazio mahaian defendatuko dugu kalean eskatzen dena»

ERCren eta PSOEren arteko inbestidurarako negoziazioetan parte hartu du Vilalvak. Aitortu du ez dela erraza izango Madrilek autodeterminazio erreferendum bat onartzea, eta independentismoa indartzera deitu du.

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezek Espainiako presidente kargua hartu zuen atzo goizean. Egun berean, BERRIArekin hitz egin du Marta Vilalta (Torregrossa, Herrialde Katalanak, 1984) ERCko bozeramaileak. Alderdi independentistaren eta PSOEren arteko negoziazioetan parte hartu du.

PSOErekin sinatu duzuen akordioaren arabera, Espainiako Gobernua osatu eta hamabost eguneko epean bildu beharko du gobernuen arteko mahaiak. Adostasunik lortu al duzue JxCrekin Generalitateak mahai horretan parte hartzeko?

Sinetsita gaude Kataluniako Gobernuak bere osotasunean parte hartuko duela, gobernu koalizioa osatzen duten bi indarrekin. Hala izan behar duelako eta hori delako Kataluniako Gobernuak beti esan duena: elkarrizketaren, politikaren eta negoziazioaren aldeko apustua defendatu du beti. Orain badauzkagu horretarako aukera eta erreminta. Beraz, datozen egunetan saiatuko gara gobernu barruko eta indar independentisten arteko bilerak egiten, ikusteko zer jarrera izango dugun negoziazio mahaian.

Akordioak «gatazka politikoaren» «judizializazioa» gainditzeko beharra jasotzen du. Zer neurri proposatzen ditu ERCk horretarako?

Begi bistakoa da aldaketak egiteko tartea duena Espainiako Gobernua dela. Guk errepresioa amaitzearen alde egin behar dugu. Azkenean, gatazkaren parte baita. Modurik sinpleena eta, hasieran kontrakoa irudi dezakeen arren, baita errazena ere, amnistia indarrean jartzea da, amnistia akordio politikoa baita, independentismoaren kontra ireki diren auzibide guztiak ixteko modua ematen duena.

Eta PSOEk uko egiten badio?

Ez gaude errepresioa pixka bat apaldu dadila negoziatzeko: ez dezala halako errekurtsorik aurkeztu edo Estatuaren abokatuak hau edo beste esan dezala. Gobernuak eragin dezakeen esparruetan hala egin behar du, eta kito. Etorkizunera begira, erabaki behar du judizializazioarekin jarraitu nahi duen ala ez, adibidez, Kataluniako Parlamentuko eztabaidetan. Ez dugu guk esango zer egin behar duten, haiek inork baino hobeto baitakite.

ERCk «bermeak» eskatu ditu negoziazio mahaia «eraginkorra» izan dadin. Uste duzu beharrezkoa dela hirugarren eragile batek parte hartzea mahaiaren garapena zaindu dezan?

Akordioan irekita utzi dugu puntu hori, mahaiak berak zehaztu dezan bestelako mekanismorik behar den ala ez. Argi dagoena da mahaia indarrean jarri behar dela, jardunari eutsi behar zaiola, eta, hori bai, akordioan jaso dugu, herritarrak kontsultatu beharko direla. Oraingoz, Kataluniako eta Espainiako gobernuen parte hartzearekin nahikoa da negoziazio mahaia martxan jartzeko.

Zuen helburua da autodeterminazio erreferendum bat adostea. Hala ere, ERCren txosten politikoak dio ziurrenik Espainiako Gobernua «behartu» egin beharko duzuela horretara. Nola egin dezakezue presio?

Badakigu oso zaila dela. Ezerk ere ez digu pentsarazten gobernua autodeterminazio erreferendum bat adosteko prest dagoenik. Baina ez diogu uko egingo saiatzeari. Arlo politikoan hori defendatzen jarraitu behar dugu; baita arlo sozialean ere, mobilizazioen bidez, eta hauteskundeetan, boz gehiago irabaziz. Finean, mugimendu independentistak zenbat eta indar handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu Espainiako Gobernua erreferendum bat adostera behartzeko.

Nola uztartu daitezke negoziazio mahaia eta independentismoak Espainiako Gobernuari egin diezaiokeen presioa, izan mobilizazioen, desobedientzia zibilaren edota nazioarteko salaketaren bidez?

Uste dugu erabat bateragarria dela Kataluniako etorkizunarentzako irtenbide politiko bat negoziatzen aritzea eta Kataluniaren etorkizuna erabaki ahal izateko jendea mobilizatzea. Ez soilik bateragarria, baizik eta beharrezkoa. Hori da mugimendu independentistak orain arte izan duen indarrik handiena: herritarren mobilizazioa erakundeek eta eragile politikoek egin duten lanarekin batera joan dela. Errezeta berarekin jarraitu behar dugu. Hau da, eremu instituzionalean eta negoziazio mahaian defendatuko dugu jendea kalean eta hauteskundeetan eskatzen ari dena.

Inbestiduratik harago, zer urrats eman beharko lituzke Sanchezek datozen hilabeteetan ERC aurrekontu batzuk negoziatzeko prest egon dadin?

Hemendik aurrera, hutsetik hasiko gara. Negoziazio mahaiak aurrera egin heinean eta, beraz, gatazkaren konponbide demokratikoa garatu ahala, aurrera egingo du legealdiak ere. Horrek finkatuko du gure jarrera aurrekontuetan edo tramitatuko diren legeetan. Mahaiak aurrera egiten ez badu, ulertuko dugu gatazka demokratikoki konpondu ahal izateko gure funtzioa amaitu dela, eta legealdiak ere ez du segituko.

Zerk islatuko luke mahaia eraginkorra dela?

Mahaia biltzeak, proposamen guztiei buruz eztabaidatzeak, proposamen desberdinak nola gauzatu daitezkeen aztertzeak, estatuko gobernuaren aldetik ere proposamenak egoteak... Finean, ikus dadila badagoela borondatea politika egiteko eta konponbide politiko bat bilatzeko.

Frogatzen bada PSOErekin elkarrizketa ez dela posible, independentismoak argudio gehiago izango ditu bestelako bide bati ekiteko?

Ez diogu uko egingo Kataluniako independentzia lortzeko aukerari. Orain Espainiako Gobernua prest dago hitz egiteko. Ongi; bada, goazen bide horretan saiatzera. Baina agerikoa da ez dugula alboratzen beste bide batzuk aktibatzeko aukera mahaiak porrot egiten badu. Edonola ere, bitartean mugimendu independentistak indartu egin behar du. Herritarren %48 ginen, eta, %55 gainditzea lortzen badugu, baldintza hobeak izango ditugu gure proiektua defendatzeko.

Gabriel Rufianek inbestidura eztabaidan esan zuen ezin direla inposatu ez independentzia ez autonomismoa botoen %50ekin, eta beharrezkoa dela «blokeak gainditzea».

Guk hazten jarraitu nahi dugu, eta gehiengoak zabaldu nahi ditugu bestelako helburuak dituzten baina proiektuaren zati batean ados gauden alderdiekin. Ados gaude oinarrizko eskubideen defentsan, errepresioa amaitzean eta autodeterminazio eskubidean. Ziur indar horiekin akordioak lortuta indartsuagoak izango garela Espainiako Estatuarekin negoziatzeko.

Quim Torrak Kataluniako presidente kargua utzi beharko balu, Katalunian hauteskundeak aurreratu beharko lirateke?

Guk ez dugu inhabilitazio jokalekurik irudikatzen, ez baitago epai irmorik. Aukerak presidentearekin eta gobernuko taldeekin batera erabaki nahiko genituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.