Bielorrusia. Hauteskundeetatik urtebetera. Sviatlana Tikhanovskaia. Bielorrusiako oposizioko kidea

«Erregimenak bortxakeria baliatzen du botereari eusteko»

Presidentegai izandakoaren esanetan, alor guztietara hedatu den «krisi larri bat» dute herrialdean, eta Lukaxenko presidentea boteretik kentzea da handik irteteko lehen urratsa.

MARTIAL TREZZINI / EFE.
Alex Bustos
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Sviatlana Tikhanovskaiak urte bat darama erbestean. Tarte horretan, Mendebaldeko 31 buruzagirekin bildu da, besteak beste, AEBetako presidente Joe Bidenekin eta Frantziako Emmanuel Macronekin. Urte luzea izan da Bielorrusiako oposizioarentzat. Horrela definitu du Tikhanovskaiak, Aleksandr Lukaxenko presidentearen kritikoen artean ezagunena denak. Duela hamabihilabete, ingeleseko irakasle izandakoa haren aurka lehiatu zen presidentetzarako bozetan. Estatuburuaren aurkariek uste zuten, Viktor Babariko eta Siarhei Rikhanovski atxilotu arren, gai izango zirela Lukaxenkoren 27 urteko agintaldia amaitzeko. Oker zeuden. Erregimenak bozak irabazi zituen, botoen %80,10 eskuratuta; botoen %10,12 lortu zituen Tikhanovskaiak. Ez zen iruzur salaketarik falta izan oposizioaren eta EB Europako Batasunaren partetik.

Presidentetzarako bozetatik urte bat igaro denean, zer ondorio ateratzen duzu?

Urte luzea izan da, gure eskubideen aldeko borrokaz betea eta herri gisa harro sentiarazi gaituena. 2020ko abuztuaren 9an, Bielorrusiak erabaki bat hartu zuen. Herrialde berri bat aukeratu genuen, non gure herriak erabakiko duen bidea, eta hauteskunde justuak egingo direna, eta boto bakoitza aintzat hartuko dena.

Baina Lukaxenko ez zen joan.

Lukaxenkok hauteskundeak galdu zituen, baina botereari eusten jarraitzen du, indarrez bada ere. Jendeak ez dio sinesten; manifestazioetan milaka lagunek esaten zioten: «Zoaz!».

Erregimenak bortxakeria baliatzen du botereari eusteko. Indarkeria izugarria, errepresioa eta tortura. 40.000 bielorrusiarrek jasan dituzte atxiloketak, jipoiak, legez kanpoko epaiketak... Orain 3.000 pertsonari baino gehiagori hainbat urtetako zigorrak ezarri dizkiete, euren irizpide politikoengatik, eskubideen alde borroka egiteagatik. Bielorrusieraz hitz egiten dutenak bereziki jazartzen dituzte. Erregimenaren kontrolpeko segurtasun indarrak dira bortxa hori guztia bultzatzen dutenak. Maiz, identifikatu gabe aritzen dira, burua estalia dutela. Legez kanpoko erregimenaren zerbitzura dauden gaizkile taldeak dira.

Bielorrusian, krisi larri bat dago alor guztietan: politikoan, ekonomikoan, demografikoan... Orain ezin dira ase herritarren oinarrizko beharrak, segurtasunari dagozkionak. Ezin dira kalean oinez ibili; beldur dira atzeman eta espetxera sartuko dituzten. Ez dakizu zure senarra eta zure seme-alabak etxera itzuliko diren gauean... Orain, goizero, «gaizkileak» apartamentu eta erakunde publikoen bulegoetan sartzen dira indarrez. Izua da. Baina ezin du betirako iraun. Gero eta gehiago dira herrialde honekin gustura ez daudenak; egunetik egunera garestiagoa da botereari indarrez eustea, eta erregimenak gero eta diru gutxiago du.

Roman Protasevitx kazetaria atxilotu eta Tut.by gisako hainbat komunikabide itxi ondoren, erregimenak are gehiago estutu ditzake disidenteak?

«Erregimena gizarte zibila suntsitzeko ahaleginetan ari da», esan zuen argi Bielorrusiako Atzerri ministro [Vladimir] Makeik. Jendeak orain jasan behar duen presioa izugarria da. Baina errepresio orok erreakzio bat eragiten du. Hegazkina bahitu eta gero, mundu zibilizatuak gogortu egin zituen erregimenaren aurkako zigorrak. Horri erantzunez, Minsk saiatu zen migrazio krisi bat eragiten, legez kanpoko migratzaileak Lituaniako mugaz bestaldera eramanez. Guztieigarbi geratu zaie erregimena arriskutsu bilakatu dela, ez bakarrik bielorrusiarrentzat, baita eskualde osoarentzat eta mundu guztiarentzat ere. Horrek esan nahi du herrialde zibilizatu guztiek neurri batzuk hartu behar dituztela elkartasunez, arrisku hau modu azkarrean neutralizatzeko.

Diasporaren babesa sentitu zenuen EBn barrena bidaiatzen zenuenean?

Bai, mundu guztian nabaritzen dugu diasporaren babesa. Nire bidaia ofizialetan, bielorrusiarrekin bildu naiz. Horiek beti dira oso bilera goxoak, gogora ekartzen dutenak hauteskunde kanpainan milaka lagun biltzen zituzten agerraldietako giroa. Baina diasporak gure borrokari ematen dion sostengua ez da horretara mugatzen. Lan asko egiten dute Bielorrusiaren aldeko babesak antolatuz, bai preso politikoentzako eta haien familientzako elkartasuna eta laguntza kudeatuz, Bielorrusiako langileen mugimendua bultzatuz, edo gertatzen ari denari buruzko informazioa eta herritarrei laguntzeko funtsetarako laguntzak antolatuz.

Zer eskatuko zenioke EBri?

Bielorrusiarrei alor guztietan ematen dieten babesa indartzeko, biktimei laguntzeko programa zabaltzeko, eta ez dadila desbideratu hartutako bidetik: beharrezkoa da erregimenari baliabideak kentzea, eta Lukaxenko kanporatzea. Horrek esan nahi du ezinezkoa dela erregimenari krediturik ematea hainbat programaren barruan; beharrezkoa da harekiko elkarlana etetea; itxi egin behar dira zigorrak saihestea dakarten hutsuneak; eta benetan da garrantzitsua Lukaxenkoren, haren familiaren eta izen mailegatzaileen kontu eta ondasunak blokeatzea. Erregimenak indarrean jarraitzen duen egun bakoitza indarkeriazko egun bat da, mehatxu bat pertsonen bizitza eta osasunerako, biktima gehiago dira, dolua eta sufrimendua.

Zeintzuk dira oposizioaren helburu nagusiak, luze gabe?

Duela urtebete jarri genituen helburu berak ditugu: hauteskunde justuak egitea, pertsona arduratsuak hel daitezen herrialde honen zuzendaritzara. Horretarako, Lukaxenko atera behar da boteretik, baliabideak ukatuz eta modu horretan haren aldekoak eta aliatuak gutxituz. Arrazoi politikoak direla medio, espetxean dauden guztiak askatu nahi ditugu, eta indarkeria gelditu eta Lukaxenkorik gabeko presidentetzarako bozak egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.