Espainiako Gobernuak aise gainditu du aurrekontuen eztabaida Kongresuan

Senatuan jarraituko dute negoziazioekin. Hizkuntza koofizialetan eginiko ikus-entzunezko lanak sustatzeko funts bat eratuko dute

Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz, Kongresuan, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak bideratua du aurrekontuen onarpena. Azken egunetako negoziazio zurrunbiloaren ostean, Kongresuaren baietza jaso du, 2022rako aurrekontu proiektuak aurrera egin dezan. Proposamenak 188 diputaturen babesa izan du; besteak beste, ehunka zuzenketa partzial baino gehiago adostu ostean. Tramitazioa, ordea, ez da amaitu, eta Senatuaren txanda izango da orain. Han negoziatzen jarraitzeko asmoa du EAJk, «akordio oso bat» lortzeko.

Gobernuak gehiengo soila behar zuen aurrekontu proiektuak beste urrats bat egin zezan, eta aise gainditu du langa. PSOEko eta Unidas Podemoseko diputatuez gain —154 dira, Alberto Rodriguez ez baitute ordezkatu—, EAJ, EH Bildu, ERC, PDeCAT, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Teruel Existe eta PRC alderdiek ere bozkatu dute alde. Eskuin unionista —UPN, PP, Vox eta Ciudadanos—, Foro Asturias eta Coalicion Canaria agertu dira aurka. Abstentzioan, berriz, bakarrik geratu da BNG.

Orain, Senatuak hilabeteko epea izango du proiektua babestu edo atzera botatzeko. Iaz, lanak eginda iritsi zen gobernua ganbara hartara, eta ez zen zuzenketa gehiago aurkeztu. Aurten, baina, ez dago hain garbi. EAJko eledun Aitor Estebanek esan zuen oraindik ere nahikoa denbora dagoela elkarrizketekin jarraitzeko eta jeltzaleak «kezkatzen» dituzten hainbat arlotan sakontzeko; hala nola AHTa hiriburuetan sartzeko bideen ingurukoetan. Izan ere, azkenera arte isilpean eduki dute zer erabaki hartuko zuten, Kongresuan azken hitz batzuk egiteari ere uko eginez. Jeltzaleekin «xehetasunak» adostea falta dela adierazi du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere. La Sexta telebista katean eginiko elkarrizketan, azaldu du EAJ gobernuaren «lehentasunezko» bazkidea dela, eta hark eginiko «eskaera bideragarriak» entzungo dituztela.

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, berriz, eskuin unionistaren jarrera kritikatzeko baliatu zuen bere hitzaldia. Izan ere, PPk, Voxek eta Ciudadanosek apenas egin duten kontuen aurkako kritikarik, gobernuaren eta ezkerreko independentisten arteko akordioak gaitzestetik haratago. Aizpuruaren esanetan, eskuinaren «oihuek eta haserreek» erakusten dute koalizioaren «ezkerreko proiektu subiranista indarra hartzen» ari dela. EH Bilduk lortutako «akordio onak» nabarmendu zituen, Euskal Herriko, baina baita estatu osoko, herritarren «bizitza hobetzeko» balioko dutelakoan: «Zuek [eskuinak] kendutako eskubideak itzuliko dizkiogu langile klaseari». Halere, gobernuari gogoratu zion «erronka sozial handiak» dituela aurrean; besteak beste, lan erreforma indargabetzea, mozal legea amaitzea eta «inpunitaterik gabeko» memoriaren lege bat eratzea.

Gobernua osatzen duten alderdietako kideek aurrekontu proiektuaren onurak defendatu zituzten. Unidas Podemoseko diputatu Pablo Echeniquek adierazizuen aurrekontuak ez direla ekonomikoki nabarmen handitu iazkoen aldean, baina arlo sozialean eraldaketa nabarmena izan dela. Hark menpekotasun eta berdintasun politiketarako baliatuko diren diru sailak nabarmenduzituen, eta ondorioztatu zuen «historiako aurrekonturik sozialenak» direla. PSOEko Hector Gomezek, berriz, eskuinari eskatu zion «ekarpenik» egin behar ez badu «ez molestatzeko».

Hizkuntzak erdigunean

Aurrekontuen inguruko negoziazioetan leku berezia izan zuten ikus-entzunezkoen gaineko akordioek. EH Bilduk 2022. urtea amaitu aurretik ETB3 Nafarroa osoan emateko akordioa itxi zuen lehenik, eta ikus-entzunezko lege berrian hizkuntza koofizialetako lanentzat kuotak ezartzea lortu zuen ERCk ondoren: streaming plataformetako edukien %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izatea adostu dute gobernuarekin —EH Bilduk ere parte hartu zuen negoziazio horietan—.

Bide beretik doa Esquerrak, EH Bilduk eta BNGk Espainiako Gobernuarekin adostutako azken zuzenketa ere; hizkuntza koofizialetan eginiko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa eta sustapena bultzatzeko funts bat eratzea, «dibertsitate kultural eta linguistikoa» errespetatzeko asmoz. Denera, 2022rako aurrekontuetatik 10,5 milioi euro baliatuko dituzte euskarazko, katalanezko eta galegozko lanak babesteko funtsa eratzeko, alderdi independentistek aurkeztutako zuzenketaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.