Goizane Arana Arexolaleiba. Uemako euskara teknikaria
«ELE euskararen arnasguneetarako zaintza tresna da»

Diman (Bizkaia) onartu egin dute ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazio plana, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak udalen plan eta proiektuen hizkuntza inpaktua neurtu eta aurreikusteko egindakoa. Ordenantza onartu duen aurreneko herria da. Lantaldearen parte da Goizane Arana Arexolaleiba Uemako euskara teknikaria. Hark ez du uste ELE ezarriko duen herri bakarra izango denik Dima. Izan ere, Hego Euskal Herriko beste 94 herrirekin batera dabiltza lanean oraintxe.
Zertan datza Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa?
Gaur egun ezarrita dagoen legera ekarri den euskararen arnasguneetarako zaintza tresna da. Herrietan proiektu edo plan bat garatzen denean, zer eragin linguistiko izango duen adierazten lagunduko du. Eragina negatiboa bada, hori zuzentzeko zer neurri ezarri beharko diren proposatuko da.
ELEren barruan, eragin linguistikoa ebaluatzeko batzordea arautu da. Zein izango da batzorde horren egitekoa?
Batzordetik pasatuko dira herrian abiaraziko diren plan eta proiektuak, eta adieraziko du hiztun komunitatean eraginik izango duten edo ez. Hortaz, batzordeak iragazki lana egingo du. Hori da ELEren berrikuntzarik garrantzitsuena. 179/2019 dekretuak jadanik ezartzen du eragin linguistikoaren ebaluazioa egin beharko dela, eta baita nola egin beharko den zehaztu ere. ELErekin, horri forma bat eman nahi izan diogu, legeak esaten duena egingo dela ziurtatzeko.
Nola?
Erabakiak hartzeko lehen pausoa galdetegi labur bat betetzea izango da, ezarri nahi den planak eragin nabarmenik izango duen biztanle kopuruan edo bisitari kopuruan, edo bestelako eragin soziolinguistikorik izango duen. Galdetegi hori lehen iragazki baten modura erabiliko da. Galdera bati baiezko erantzuna emanez gero, indizea aterako da. Eragina negatiboa izango balitz, hizkuntza inpaktuaren azterlana egingo litzateke. Beraz, erabakiak hartzeko tresna bat izatea da batzordearen xedea.
Nork osatuko du?
Euskal teknikariek ez ezik, sail ezberdinetako teknikariek ere osatuko dute. Uste dugu edozein planek izan dezakeela eragina hiztun komunitatean; hortaz, sail ezberdinetako teknikariak egotea interesgarria iruditzen zaigu. Kirol plan baten kasuan, esaterako, garrantzitsua iruditzen zaigu udaleko kirol teknikaria batzordean egotea. Diziplina arteko batzorde bat eratzea proposatzen dugu.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.