Javier Ibañez. Nafarroako CCOOko antolamendu idazkariordea

«Sindikatuen arteko lehia ez da erakusten den bezain garratza»

Datozen hamalau hilabeteetan, hauteskundeak egingo dira Nafarroako lantokietan, eta langileek ordezkarien %55 hautatuko dituzte. Ibañez buru-belarri dabil prestatzen, eta lehen sindikatua izatea jarri du xedetzat.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Javier Ibañez CCOOko antolamendu idazkariordeak (Atarrabia, Nafarroa, 1972) 25 urte daramatza sindikatu barruan, eta azken urteetan hauteskunde sindikalen antolamenduaz arduratu da. Ondorengo hamalau hilabeteetan, Nafarroako langileen ordezkarien %55 jokoan egongo dira, eta intentsitate handiko hauteskunde garai horri aurre egiteko gertu da Ibañez: «Egunero egiten dugun jardueraz harago, sindikatuak erne egon behar du hauteskunde sindikaletarako, lan egiteko gertu».

Zer ematen dio ordezkaritzak sindikatu bati?

Hauteskunde sindikalak gure zutarrietako bat dira, afiliazioarekin batera gure muina osatzen du, zer garen adierazten baitute eta langileak defenditzeko eskubidea ematen baitigute. Ezin duzu langilerik defenditu baldin eta haiek hautatu ez bazaituzte. Hau ez da hauteskunde politikoen moduko zerbait. Hemen, hauteskundeak ez dira gelditzen. Zenbat izan, hori zara; ordezkari kopuruak zehazten du zer-nolako pisua duzun langileen eskubideak negoziatzeko orduan.

Esan duzu ez duela zerikusirik politikarekin, baina hauteskundeetan zer aztertzen dute langileek: aurreko lau urteak ala sindikatu bakoitzaren kanpaina?

Bi gauzak direla esango nuke. Politikariek lehena lehenesten duten bezala, langileek botoa emango dute ikusita nola iritsi den sindikatu bakoitza haiengana. Faktoreen batura da. Aurreko lau urteetan ordezkariek eta sindikatu atalak egindako lana neurtzen dute, baita oro har nola ikusten gaituzten ere: zer mobilizazio egin dugun, zer proposatu... Azkenean mugimendu soziopolitikoak gara. CCOOn bederen hala gara. Gizartean eragin nahi dugu, eta ez soilik lan arloan.

Profil jakin bat bilatzen duzue hautagaiak proposatzean? Berritzea izango duzue helburu?

Hauteskundeetarako gure lan ildoan, bi helburu nagusi ezarri ditugu. Nahiko genuke gure lan ordezkariak etengabe berritzea, baina zaila da. Jende gaztearen eta emakumezko kideen kopurua handitzea nahi genuke. Lehian garen lau sindikatu nagusiok ahalik eta gazte eta emakume gehien izan nahi genuke gure zerrendetan.

Eta zein da beste helburua?

Lehen indarra izan nahi dugu Nafarroan. Parez pare gabiltzaUGTrekin. Egunaren arabera, hamabost ordezkarirena da aldea, hamarrekoa... Uste dut aurreko lau urteetan lan ona egin dugula eta lehen indar sindikala izan gaitezkeela 2024ko urtarrilaren 1ean.

Historikoki, UGT izan da lehen sindikatua Nafarroan, baina atzerantz egin du azken urteetan. UGTri aurre hartzea da orduan xedea?

Bai, eta posizio hori sendotzea. Egia da lau sindikatu nagusien arteko aldea oso txikia dela. Gaur-gaurkoz, LABek %17,25 du, UGTk %24,52, guk %24,19 eta ELAk %23,05. Zazpi punturen aldea baizik ez da lau sindikatuen artean, eta hautatu beharreko ordezkarien lehia basatia izango da. Guk 825 ordezkari ditugu jokoan, eta 1.565 ditugu egun; UGTk 839 ditu lehian, ELAk 737 eta LABek 634.

Baduzu alboko helbururik? Sektoreren bat, enpresa jakin bat...

Sektore batzuk oso prekarizatuta daude, eta legez ere oso zail egiten da sindikatuek ordezkaritza izatea. Eremu horretan sartu nahi dugu. Langile oso gazteengana heldu nahi dugu, teknologia berrien arloan, rider-en artean. Lehen aldiz, ordezkari bat lortu dugu enpresa horietako batean, Glovon. Prekaritate handiko sektoreetan, ez dago sindikatuetan izena emateko kulturarik. Gazteek ikusi behar dute eraginkorra dela.

UGTrekin batera aritzen zarete askotan. Nola uztartzen da lehia batasunarekin? Gauza bera zaretela pentsatzeko arriskua ote dago?

Ez dut uste arazo bat denik; bestela, ez ginateke handituko. Ez dakit arazo bat den UGTrentzat. Langile talde batzuk beharbada ez gaituzte bereizten, baina gauza bera gerta daiteke ELArekin eta LABekin. Sindikalismoan bizitza osoa daramadanez, badakit biak erabat desberdinak direla, nahiz eta gauza askotan bat egin. CCOO eta UGTrekin, berdin. Lantoki batzuetan, gainera, egoera bestelakoa da. Gerta daiteke lantokiren batean ELArekin harreman hobea izatea, edo LABekin... Askotan, sindikatuen arteko lehia komunikabideen kontua da, gure egunerokoa baino gehiago. Lau sindikatuok langileen eskubideak hobetu nahi ditugu, eta, gero, baliteke bat ez etortzea helburu soziopolitiko batzuetan. Ez dut uste gure arteko lehia askotan erakusten den bezain garratza denik.

ELA eta LAB asko handitu dira Nafarroan azken urteetan. Konfrontazioan oinarritutako sindikalismoa egitearen ondorio da?

Ez dakit. ELAk apustu irmoa egin du Nafarroan ordezkari gehien duen sindikatua izateko, eta pertsona eta bitarteko asko erabiltzen ari da. Dena den, ELA ez da hainbeste handitu, duela lau urteko antzeko ehunekotan baitago; LAB, aldiz, bai. Izan daiteke sindikatuek ordezkaririk ez duten sektoreetan bilatu duelako. Administrazio publikoan, gainera, badu espazioa.

ELAk lehen indar izateko xedea du. Mehatxu bat da?

Ez. Lehen indar izateko lehia dugu gure artean, baina, 2023ko abenduaren 31n ez bagara lehen indarra, agian zerbait gaizki egin dugu, eta gogoeta egin behar da. ELAk ahal duen guztia egingo du helburu hori lortzeko, baina gainerakook ere bai. Ez dut uste ordezkaritzaren ehunekoak hainbeste aldatuko direnik.

VWen hauteskundeak egingo dira maiatzean. Auto elektrikoaren produkzioa oraindik ez da zehaztu eta, bozen ondoren, lan ituna berritu beharko da.

Egun zazpi ordezkari ditugu. VWeko 29 ordezkariak garai honetan hautatuko dira. Afiliazioa handitu dugu lantokian etaUGTren aurretik lehen sindikatua izatea dugu xede. VWeko atal sindikalak lan kargari eta lanpostueieusteko egindako lana baloratuko dute. VWen pareko multinazional batean, etorkizunari buruzko erabakiak ez dira hemen hartzen, baizik eta urrunago. Gure ordezkariak funtsezko lana egiten ari dira, bitartekaritza dute zuzendaritzarekin eta beste lantokiekin, eta saiatzen ari dira ziurtasunik gabeko egoera honetan eragiten.

Alor publikoan, oro har, hirugarren zarete. Zer asmo duzue?

Konbentzituta nago arlo publikoan berreskuratu egingo dugula aurreko bozetan galdutako espazioaren parte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.