Iraitz Perez de Goldarazena. Oreka ITko zuzendaria

«Digitalizazioa ez da helburua, baizik eta lehiakorragoa izatea»

Informatika zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa honek hazten jarraitzen du, enpresetan gertatzen ari den eraldaketa digitalari esker. Uste du negozio aukerak handituko direla zerbitizazioaren eraginez.

aitor biain
Gasteiz
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gasteizko Oreka IT enpresak bi milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen urtea iaz. Inoizko daturik onenak erdietsi zituen, eta aurten ere aurreikuspen onak dituztela aitortu du Iraitz Perez de Goldarazena zuzendariak. Informatika zerbitzuak eskaintzen dituzte: enpresen kudeaketarako programa informatikoen SAP teknologian adituak dira. Hamar urte bete ditu enpresak, eta hazkunde betean da. Urteurrena ospatzeko ezer berezirik egingo ez duten arren, SAP teknologiari buruzko urteroko jardunaldiak egingo dituzte Artium museoan, bihar. Bezero eta sektoreko gainerako enpresen arteko «topagune bat» eratzea da asmoa, jakintzen eta esperientzien berri emateko elkarri.

Nafarroan egoitza berri bat zabaldu duzue, eta Bizkaian beste bat irekiko duzue aurki. Hazkunde eta hedatze prozesu batean da enpresa, beraz. Aurreikusitako estrategiaren bidetik ari zarete?

Egia esan, oso garai onean gaude, egonkor. Gainera, merkatuak beste informatika aholkularitzen parean kokatzen gaitu. 2014tik goranzko joera bati eusten diogu, eta, alde horretatik, pozik gaude. Modu kontrolatuan ari gara, hori bai. 2018. eta 2021. urte arteko estrategian bi zabalkunde jasotzen ziren: lehenengoa Nafarroakoa zen, 2019an; merkatuari dagokionez antzekotasun asko ikusten genituelako Arabaren eta Nafarroaren artean. Harrera ona izaten ari da, eta ikusiko dugu zer bilakaera duen.

Instituzioek 4.0 industriaren aldeko apustua egin dute, eta ohartarazten ari dira digitalizazioaren aldeko urratsa egin beharraz. Zuen sektorearen geroa horri lotuta dago bereziki?

Bai, erabat gainera. Industriak digitalizazioaren aldeko urratsa egin behar du, baina digitalizazioa berez ez da helburua, baizik eta enpresak lehiakorragoak izatea lortu nahi da horri esker. Ildo horretan, gero eta gehiago jarduten ari gara; batez ere, autogintza sektorean. Izan ere, egun teknologiak gaitasuna du datu kantitate oso handiak mugitzeko eta prozesatzeko. Modua ematen digu lantegietan guztia sentsoreen bidez neurtzeko. Bada, prozesu inteligente baten bitartez, informazio baliotsua ematen die enpresei.

Zer egoeratan dago digitalizazioa euskal enpresetan?

Oso zaila da diagnosi orokor bat egitea. Oso egoera desberdinak daude sektore bakoitzean, etaenpresen tamainak, batez ere, asko eragiten du. Enpresa handiek abantaila daramate txiki eta ertainekiko. Urrats batzuk egin badira ere, asko kostatzen da enpresa txiki eta ertainetan. Asko dago egiteko oraindik bide horretan. Erakundeek ematen duten mezua da: «Has zaitez, berandu baino lehen». Baina argi dago beharra sumatzen ez duten bitartean ez dutela pausoa emango, eta gastu moduan ikusten jarraituko dutela. Gaur egun, teknologiaren eraldaketa ahalmena handiagoa da enpresek dutena baino. Bada, teknologia eskura izan arren, eraldaketa digitalari galga jartzen ari zaio, enpresa barruan eragin ditzakeen aldaketengatik.

Zein arlotan dago eraldaketa behar handiena Euskal Herrian?

Autogintzan oso argi ikusten dugu, adibidez. Euskal Herrian errotuta dauden enpresa handiek, Mercedes, Volkswagen... horiek exijitu egiten diete hornitzaileei. Argi dago, dena den, sektore bakoitzeko traktoreek estutzen duten heinean digitalizatzen direla enpresa asko. Izan ere, beste sektore batzuetan ez dituzte agian horrelako traktore lana egiten duten enpresak, edo ez dute zertan horren lehiakorrak izan funtzionatzen jarraitzeko.

Ekoizpenetik zerbitzua ematera igaro dira enpresa asko. Produktua bakarrik saldu beharrean, salgai horren inguruko zerbitzuak ere ematen hasiak dira negozioa handitu ahal izateko. Nola eragiten dizue horrek?

Asko eragiten digu, zerbitzu horiek eman ahal izateko dauzkaten digitalizazio beharrak oso handiak baitira, eta negozio aukera handiak daude hor guretzat. Informatika behar handiak, eta software zerbitzu potenteak beharko dituzte, eta hori emateko gai gara.

Langileei dagokienez, gazte asko ari dira enpresan lanean. Zein eragin du horrek zuentzat?

Kasu bitxia da gurea sektorean, langileen batez besteko adina 34 urtekoa baita. Horrez gainera, %46 emakumeak dira; informatika alorra nahiko maskulinoa izan da orain arte. Natibo digital asko ditugu enpresan, eta horrek guztiak beste freskura bat ematen digu formakuntzan edota ikerkuntzan aritzeko. Baina adinaren kontuarekin batera etorri da euskararen normalizazioa ere. Guretzat nahiko normala izaten ari da euskara erabiltzea egunero komunikazio eta lan tresna gisa.

Euskara lehiakortasunerako giltza ere bada zuentzat, halere. Hori baloratzen dute bezeroek?

Bai, informatika alorrean ere badaude zerbitzua euskaraz ematea baloratzen dutenak. Badirudi informatika eta euskara elkarrengandik urruti dauden bi mundu direla, baina gure kasuan ez da hala. Euskaraz lan egitea lehenesten duten bezeroak ditugu, baina baita euskaraz jakin ez arren tratu horrek ematen duen gertutasuna eskertzen dutenak ere. Gainera, nazioartetik etortzen diren enpresa handietatik bereizten gaituen zerbait da.

Zergatik da etengabeko formakuntza garrantzitsua zuentzat?

Beharrezkoa da gure sektorean. Iaz, esaterako, 8.289 ordu eman genizkion formakuntzari. Pentsaezina da hori beste edozein sektoretan, baina gure lehengaia hor dago. Inbertsio bat da enpresaren etorkizunarentzat.

Zein aurreikuspen dituzue epe laburrera begira?

Iaz inoizko fakturazio handienarekin itxi genuen urtea, eta aurten, hasiera batean hiru milioira iristea espero bagenuen ere, bi milioi eta erdira jaitsi behar izan ditugu aurreikuspenak. Krisia atzean utzi dugula badirudi ere, hazkundea ez da guk esperotako abiadurakoa. Moteltzearen zantzuak hor daude, eta nabari dugu guk ere. Aurreikuspenak onak dira, hala ere. Iaz 48 langilerekin amaitu genuen urtea, eta 50 gara orain. Uste dugu urte amaieran gehiago izango garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.