Koronabirusa munduan. Danys Ramones. AHMNPko bozeramailea

«LGTBI kolektiboan emakume transexualak izan dira kaltetuenak»

Ramonesek uste du Panamako Gobernuak ez duela genero ikuspegia txertatu izurriari aurre egiteko ezarritako neurrietan. Birusak aldaketa soziala ekarriko duela dio, eta balitekeela diskriminazioa areagotzea.

DANYS RAMONES.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
AHMNP Panamako Gizon eta Emakume Berrien Elkarteko bozeramailea da Danys Ramones. LGTBI kolektiboaren aldeko erakunde bat da hori, eta populazio talde horren eskubideen alde lan egiten dute.

Nola eragin dio COVID-19aren krisiak LGTBI kolektiboari?

LGTBI kolektibo gisa guri eragin zigun neurrietako bat irteerak antolatzeko modua izan zen. Kalera irteteko eskubideak murriztu ziren pandemiaren kutsatzeak hesitzeko. Neurria mugatzailea izan zen, batez ere transentzat. Izan ere, generoaren arabera banatu zituzten irteerak. Gizonezkoak astearte, ostegun eta larunbatetan joan ahal dira kalera. Emakumezkoek, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Hasieran, eztabaida ugari egon ziren horren inguruan, transek sentitu baitzuten euren eskubideak urratu zirela. Iseka moduan aurkeztu zen haiek ateratzeko garaiaren inguruko auzia. Beraz, hori mugatzaile handia izan zen haientzat; diskriminatuak sentitu ziren.

Hori ikusita, nolako jokabidea izan zuten segurtasun indarrek?

Gaitzespenez aritu ziren. Ezaguna egin da Barbara Delgadoren kasua. Panamako trans ekintzaile bat da. Atxilotu eta isuna jarri zioten, asteazkenean kalean zebilelako eta bere nortasun agirian ezarritako generoaren arabera ezin zelako egun horretan irten. Sozializatu egin zen haren kasua, eta agintarien aldetik sentsibilizazio moduko bat egon zen. Albistea erabat zabaldu zen herrialde osoan zehar, eta aldarrikapen eta ezohiko bilera ugari egin ziren.

Azkenean, lortu zuten baimentzea transak sentitzen diren generoarentzat ezarritako egunetan atera ahal izatea, eta ez ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zioten generokoetan. Dagoeneko normalizatu da egoera, eta jada ez dago neurri horren bueltan arrakala edo diskriminazio hori. Baina, funtsean, LGTBI kolektiboan emakume transexualak izan dira kaltetuenak. Horiek dira zaurgarrienak.

Irteerak ezartzeko neurri horretaz harago, zertan eragin du?

Osasun sistemak koronabirusaren aurkako borrokan du jarria arreta osoa. Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen prebentzio, kontrol eta tratamenduetan lanean aritzen diren klinikak ez daude erabilgarri. Ez dira ari lanean. Gizon gay, emakume transexual eta sexu langileen populazio talde horrek arrisku handia du GIB birusarekin infektatzeko, eta ez da jarraitutasun bat egon zerbitzuan. Izan ere, COVID-19aren ondorioz erabat paralizatuta geratu dira klinika horiek. Beraz, GIBaren osasun azterketak edo kontrola egin nahi duten pertsonentzat oztopoa izan da, koronabirusari lehentasuna eman zaiolako.

Hainbat ikerketaren arabera, emakume transen populazioaren zati handi bat prostituzioan eta langile informal gisa aritzen dira. COVID-19ak zer ondorio izan ditu arlo horretan?

Hala da, bai. Eta ez bakarrik Panaman, munduko beste toki askotan ere emakume trans asko sexu lanetan aritzen dira. Horien kasuan, diru sarrerak erabat eten dira pandemiaren agerraldiarekin, ezarritako neurriekin ezin baitute lan egin. Pentsatzen dut izango dituztela estrategia propioak, eta ariko direla ahal den neurrian zerbitzua ematen. Baina ohikoa da horiek kalean ibiltzea, eta egun hauetan ez dira ikusten. Gehienak, gainera, eguneko jardunetik bizi dira.

Aldagai askoren ondorioa da emakume transen populazioaren zati handi bat prostituzioan aritzearena: ikasketak... gehienek ez dute inongo prestakuntzarik jaso, edo ez dute beste lan bat aurkitu diskriminatuak direlako. Gauza askoren nahasketak ematen ditu horretara, eta ez diet ezer leporatzen. Diru sarrerak izateko modu bat da.

Bestetik, kolektiboko kide batzuek egoera konplexua dute etxean, denetan ez baita onartzen sexu dibertsitatea. Kasu horietan, itxialdia itogarria izan daiteke, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Kasu asko ezagutu ditugu. Pertsona asko jarri dira harremanetan gurekin familia bereko kideen eta etxekideen artean indarkeria edo eztabaidak egon direlako. Hala ere, tarte honetan, horietako bat ere ez da izan salatzeko modukoa. Oraingoz, konfinamenduan ez dugu tratu txar edota eskubideen urraketen denuntzia larririk jaso.

Neurriak ezartzerako orduan, uste duzu gobernuak ez dituela aintzat hartu sexu aniztasuna eta genero ikuspegia?

Inola ere ez. Gobernuak, neurriak hartzerako orduan, poltsa berean sartu du biztanleria osoa. Ez du hausnartu, eta ez du landu plan bat LGTBI kolektiboa babesteko. Herriaren Defendatzailearen gisako aliatuak ditugu, eta beti dugu haren laguntza. Baina, zuzenean erabakiak hartzen dituenarekin edota gobernuko kideekin, ez dugu sentitu kontuan hartu gaituztenik.

Etorkizun hurbilean, pandemiak nolako ondorioak eragin ditzake sozialki eta ekonomikoki?

Sozialki, uste dut pandemia honek eragin handia izango duela gizartean, eta, noski, LGTBI populazio taldean. Bizitza markatuko digu. Irtetean eta herrialdea ohiko egoerara itzultzen denean, aldaketa soziala izugarria izango da. Airean daude gauza asko: pertsonen arteko gerturatzea nolakoa izango den... Emakume transen kasuan, esaterako, lehen aipatu dugu gehienak langile sexual moduan aritzen direla. Orain, ez dakigu haien bezeroek nolako erreakzioa izango duten haiengana hurbiltzeko orduan. Ez dakigu zerekin egingo dugun topo. Zain gaude ea zer gertatuko den. Aldaketa sozial bat egongo da, eta nabarituko da. Lehen gay edo LGTBI kolektiboko parte izateagatik bakarrik diskriminatuak baginen, imajinatu orain zer datorkigun. Nola sentituko den kolektiboa, nolakoa izango den onarpena... Baina, nire iritziz, argi dago aldaketa sozial handi bat etorriko dela. Hori bi ikuspuntutatik ikus daiteke. LGTBI izateagatik jasaten dugun gaitzespena areagotu eta indartu daiteke. Lehendik ere diskriminatuak gara, eta baliteke orain kontu faltsu asko zabaltzea: birusa gay, lesbiana edota transexualek sortutakoa izan dela, adibidez. Hori eragotzi behar da.

Bestetik, onerako ere izan daiteke. Norberaren zaintza landuko dugu, baita ondokoarena ere. Uste dut normaltasunera itzultzen garenean LGTBIko kideek nahi denaren eta ahal denaren inguruko kontzientzia handiagoa izango dugula. Borrokan jarraituko dugu gure eskubideak errespeta daitezen, eta horiek ez izateko urratuak.

Arlo ekonomikoan, berriz, ez dakigu nola osatuko den egoera hau. Espero dugu gure populazio taldeko pertsonek ez galtzea euren enpleguak. Eta, ez dutenen kasuan, aukerak izatea lotura ekonomiko bat berrezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.