Albistea entzun

Frantziako Asanblearako bozak. Sandra Pereira. NUPESeko hautagaia

«Notre legearen eta diferentziazioaren kontra gaude»

Asanblean gehiengoa lortu eta berehalako neurriak hartzen ahalko dituztela espero du Sandra Pereirak. Hizkuntzen irakaskuntza babestu du, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluari atxikia dela zehaztuta
BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko ekainak 10

NUPES koalizioa osatzeko orduan, Frantziaren egoeraren aitzinean «erantzukizunez» jokatu dute ezkerreko alderdiek, Sandra Pereira (1966, Baiona) 5. hautesbarrutiko diputatugaiaren hitzetan. «Hobetzeko helburuarekin, zintzotasunez egin dugu».

Parisen adostu da dena. Zer leku dago tokiko errealitateentzat?

Niretzat inportantea da erabakitzen duguna interes orokorrekoa izatea. Denek adostu dugun programaren edukiak du garrantzia. Gero, diputatu bakoitza hor da entzuteko, gaiak eramateko, eztabaidatzeko...

Ipar Euskal Herrian, NUPES osatzen duzuen alderdiek oso ikuspegi kontrajarriak dituzue. Zer ahots eramango duzu Parisera?

Lurraldeko herritarren ahotsa. Nazio mailako hautetsia ere izanen naiz. Programa Frantziako herritar guziei dagokie. Ondoren, gure lurraldeko berezitasunak eramanen ditugu. Bata ez doa bestea gabe.

Euskararen gaian, adibidez, zein da NUPESen jarrera?

Ez dut sekula inor entzun nire inguruan erraten hizkuntza baten edo bestearen irakaskuntzaren kontra zegoenik. Alderantziz, iruditzen zait ez dagoela hizkuntza biziak ikasteko nahikoa eskaintza, eskola porroskatua izan baita. Ez dut besterik errateko. Gure ondarearen eta kulturaren parte da euskara, beste hizkuntza batzuk bezala. Galdera egin behar da nola ikasten diren hizkuntzak. Murgiltzearen gaia bat da, ez dut jarrera finkorik horri buruz. Entzun eta ulertu nahi dut, gure eskolan proposamenak egiteko.

Ez duzu Pour Que Vivent Nos Langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboaren galdetegia erantzun. Frantzia Intsumisoa Molac legearen kontra agertu zen; PS eta PCFko hautetsiek alde bozkatu zuten; hemen EELV alde da. Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak defendatuko ditu NUPESek?

Eskualdeko hizkuntzen irakaskuntzaren eta zaintzaren alde gaude. 1951tik Deixonne legeak eskualdeko hizkuntzen irakaskuntza baimentzen du. Baina komunikazio hizkuntzari atxikiak gatzaizkio argiki, horrek ahalbidetzen baitio herritar orori bere auzoa ulertzea, zerbitzu publikoetara edo justiziara sarbidea edo eskolatik unibertsitateraino irakaskuntza ukaitea. Ez da kontrajarria. Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioen konstituzioko 2. artikuluari atxikia natzaio. Era berean, deskubritu dut eskualdeko hizkuntzak hainbat lege testutan agertzen direla. Batzuetan ez dut ulertzen non den arazoa.

Euskal hiztunek eskubideak dituztela uste duzu?

Nork ez du eskubiderik Frantzian? Beharbada ez zaituzte ulertuko zerbitzu publiko batean... Nazionalitate anitzetako herritarrak daude zerbitzu publikoetan, eskolan... Bakoitzak bere hizkuntzan aritu beharko luke?

Galdera da zer defendatuko duen NUPESek.

Bada akordio nazional bat, eta denak ados gaude horrekin. Maila lokalean jarrera ezberdinak daude. NUPESen diputatu bat lortzea da lehentasuna, eta, ondoren, mintzatu beharko dugu denen intereserako soluzioak aurkitzeko.

Etxebizitzaren gaiak garrantzi handia hartu du. Zer proposatzen du NUPESek?

Arazo kapitala da, ez da oraingoa. Garapen Kontseiluan 1990eko hamarkadatik kokatzen dute arazoa. Urteetan hautatu ditugun politikariek ez diote erantzun. Bagenekien herritar anitz etorriko zela, eta ez dugu deus mugitu, ez diegu herritarren beharrei erantzun. 12.500 bizitegi eskaera daude zain, eta turismo etxebizitzak biderkatzen ari dira. Bizitegi sozial gehiago behar dugu, errekisizio eta bestelako palanken bidez. Frantzia mailan urtero 300.000 bizitegi sozial eraikitzea aurreikusten dugu. Alokairuen prezioak mugatu behar dira, eta bizitegiak ingurumen normen arabera berritu.

Egoiliar estatutuaren alde da NUPES?

Zintzoki, ez dut oso ongi ulertu zertarako balioko lukeen. Pixka bat bitxia egiten zait hori entzutea.

Gatazkaren konponbidean aitzina egiteko eskatu diote maiz Frantziako Gobernuari. Zein da NUPESen jarrera?

Zigorrak beteak dituzten presoak, larriki eri direnak... hurbilduak izateko ados gara. Uste dut politika bat eramana izan dela, emazteentzat salbu, ez baita emazteen presondegirik. Ez dut anitz entzun emazteez mintzatzen...

Bakegileen eskaera bat da soluzio bat aurkitua izatea.

Arazo bat da. Blokeo egoera batetik ateratzeko beharra dagoela onartzen dugu. Beharrezkoa da diputatuak kartzeletara joatea egoera ezagutzera. Hemen sortua naiz; gatazka horiek guziak ezagutu ditut. 55 urte ditut orain, eta iduri du ez dela deus aldatu.

Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapean aske uzteko galdeak sistematikoki ukatuak dira. Bizia kartzelan bukatzeko arriskua dute. Errealitate onargarria zaizu?

Gizatasun ikuspegitik ari gara. Bada pareko egoera bat, Georges Ibrahim Abdallah-rena. 1984an atxilotu zuten, 1999tik askatua izaten ahal da; 2022an gaude. Galdera sortzen du, bistan dena.

Eta zein da zure erantzuna?

Askatuak izaten ahal diren heinean... absolutuki desblokeatu behar den gai bat da.

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte bete ditu. Zer bilakaera instituzional desio duzu Ipar Euskal Herriarentzat?

Notre legearen kontra gaude: lurraldea zatitu eta makina handiak sortu ditu, metropoli handiak; garestia da, eta ez die herritarren igurikatzeei erantzuten. Hori da Euskal Elkargoari leporatzen diodana ere: ahal zuen eskumen guziak hartu ditu. Gaur egun ez dakit zenbat dituen ere, eta webgunera noanean ez dut aurkitzen. Jakin nahiko nuke eskumen bakoitzeko zer egina izan den. Herri mailako eskala nahiago dugu, hurbiltasuneko eskala; ez dugu nahi auzapezari ahalmen bereziak kentzea. Presidentetzako hauteskundeetan hautatuak izan bagina Notre indargabetuko genuela errana genuen.

Nor da «gu» diozunean? EELVk lurralde elkargo baten sorrera defendatzen du eta NUPESen da. Zeren alde eginen du NUPESeko hautagaiak?

Ikusiko dugu akordioetan zer erabakia izan den, eta, desadostasunak baldin badira, eztabaidatuko dugu. Eztabaidak sortzen ditu? Programan da?

Ez dakit, zu zara hautagaia.

Kar-kar-kar! Hara! Hasieratik indargabetu nahi dugu, eta ez gaude ados lurraldeetako diferentziazioarekin ere, herritarren arteko berdintasunaren izenean. Hori da nire posizioa.

Asanblean gehiengoa lortzea da zuen helburua. Zein neurri lehenetsiko duzue?

Herrialdearen egoera ikusten dugularik ohartzen gara zenbateraino gure proposamenak urgenteak diren. Oinarrizko produktuen prezioa izoztea, gutxieneko lansariaren emendatzea, erretreta 60 urtetan, laguntza sozialen emendatzea, ospitale publikoa, eskola... Eta, azkenik, ingurumenaren funtsezko gaia, gure politika guzietan egonen dena. Gure herrikideei arnasa emanen dioten gaiak dira. Gobernuak baditu tresnak fite ekiteko; beste batzuek denbora gehiago hartuko dute. Erradikalak izan behar dugu herrialdea egoera horretan denean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Xabier Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

Gregorio Eskuderoren aldeko manifestazioa, gaur, Orion. ©Gorka Rubio / FOKU

Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratzeko eskatu dute Orion

Berria

Eskuderori hirugarren gradua ezartzeko ere eskatu du Sarek. Orain, Dueñaseko (Espainia) kartzelan dago preso, lehen graduan.

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. ©SORTU

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Iosu Alberdi

Euskararen kontrako «erasoei» aurre egiteko, hizkuntzaren inguruko herri akordio bat proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...