Gerra Ukrainan. Tica Font. Centre Delas-eko ikerlaria

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.

CENTRE DELAS.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Garai hauetan Europan segurtasunaren kontzeptuari buruzko eztabaidarik planteatu ote daitekeen galdetuta, hau ohartarazi du Tica Fontek (Vall d'Uixo, Herrialde Katalanak, 1956): «Ukrainari buruz jendaurrean hitz egiten dudanean, txikitu egiten naute». Centre Delasen sortzaileetako bat da, eta bakeari eta armagabetzeari buruzko ikerketak egiten dituen Kataluniako elkarte horretako ikerlaria da, eta, besteak beste, defentsarako ekonomian eta arma salerosketan aditua. Gerra ekonomiara igarotzeko eskatzen ari dira EB Europako Batasuneko agintari batzuk taldeko estatuei. Font ez dago ados eskaera horrekin: «Orain ez da beharrezkoa gobernu bakoitzaren aurrekontu publikoak izaera militarra edukitzea».

Argia da EB Europako Batasunaren apustua: Ukrainari arma astunak ematen jarraitzea. Zein da erabaki horrek eragin dezakeen arriskurik handiena?

Arrisku bat dago: militarren batek, noizbait, erabakitzea Errusiako lurrei eraso egitea. Errusiak egiaztatu ahal duen neurrian AEBetan edo Europan ekoiztutako armak bere lurretara jaurti direla, kontsideratu ahalko luke gerra hau zabalagoa dela, ez dela Ukrainako lurretara mugatzen.

Gerra honek ba al du konponbide militarrik?

Uste dut ezetz, zeren ez AEBetan, ez Europan ez dute agertoki hori nahi. AEBek nahi dutena da higatze gerra bat izatea, ez, ordea, Errusiak militarki galtzea.

Zergatik?

Errusiak ikusiko balu militarki gerra hau galtzen ari dela edo gal dezakeela, agertoki horretan erabili ahal izango luke arma nuklear bat. Batetik, hori. Bestetik, ez dute nahi Errusiak militarki galtzea, ez dutelako nahi Errusian ezegonkortasun politikoa egotea; hau da, Errusia politikoki kaos bat izatea. Izan ere, esaten dute egoera hori denon kalterako izan litekeela. Hortaz, ez dute bilatzen Putin [Vladimir, Errusiako presidentea] eroraraztea. Alegia, Errusiako Gobernuan aldaketa politiko bat baldin badago, bai AEBek eta bai Europako Batasunak nahi dute aldaketa hori lasaia izatea. Iraken, Libian, kaosa okerrerako izan da.

EB Ukrainako inbasioa hasi aurretik hasi zen defentsako bere azpiegiturak indartzen. Zein agertoki aurreikusten zuen, jada, orduan?

2014an NATOren Europako herrialdeek konpromisoa hartu zuten beren gastu militarra BPG barne produktu gordinaren %2 izateko. Aintzat hartu behar da ordurako Obamak [Barack, AEBetako presidentea 2009tik 2017ra] esana zuela haien interesak Pazifikorantz zihoazela, eta nahi zutela Europatik aldentzen hasi.

Europako Batasunak 2021eko aurrekontuei heldu aurretik, 2017an eta 2018an edukitako debateetan hasi ziren nabarmentzen AEBek jada ez zutela interesik Europan; esaten zuten: «Adierazten ari zaizkigu gure segurtasunaz guk arduratu behar dugula». Europan, orduan, hasi ziren mezu bat zabaltzen: ekin behar diogu gure gaitasun militarrak indartzeari. Europako Batasunaren aurrekontuek 2021ean eduki zuten, aurrenekoz, defentsari eskainitako atal bat.

Europa mailako indar militar bat sortzea ere mahai gainean egon izan da inoiz.

Esango nuke ez dela bideragarria. 2017ko, 2018ko debateetan planteatzen zuten ea nola nahi zioten heldu segurtasunari eta defentsari Europan. Zenbait agertoki planteatzen zituzten. Aurrenekoa: «Denak orain arte bezala jarraitzea»; bazekiten, ordea, ez zela hori gertatuko. Bigarrena: «Konpromiso bateratuak hartuko ditugu, baita finantza konpromiso bateratuak ere». Eta hirugarren agertokia zen defentsa komun bat, hau da, armada bat; baina bazekiten ez zutela egingo. Bigarren agertokian gutxi gorabeherako aurreikuspen batzuk egin zituzten. Esaterako, estatu guztietako armadek formazio eta armamentu bera edukitzea. Hori eginda, esku hartze militar bateratu bat egin behar izanez gero, ez lituzkete edukiko Zelenskik [Volodimir, Ukrainako presidentea], adibidez, orain dituen arazoak. Ukrainako armadari zein arma ematen zaizkion, militarrek ez dakite horiek erabiltzen.

Bateratze horretarako pausoakematen ari dira?

Prozesu hori gertatuko da, eta Ukrainako gerrak berak bultzatuko du.

Hitz beste eginez. NATOk kontzeptu estrategiko berri bat onartu zuen iaz, eta horretan azpimarratu Errusia dela aliantzaren etsai behinena. Aliantzatik kanpoko estatuak ere defentsako gastua handitzen ari dira. Beste gerra batez hitz egitea tokatu liteke laster?

Europan justifikatu daiteke esanez Errusiari beldurra sorrarazi behar zaiola, gu ere inbaditu gaitzakeela argudiatuta. Eta Errusiaren inguruan dauden herrialdeen beldur nagusia da, hain zuzen, Errusia bere lurretan militarki sartzea. NATOk Errusian jarri du arreta, Afrikan edo Ekialde Hurbilean jarri beharrean.

NATOk hiru zutabe eduki ditu beti. Horietako bat da gatazka armatuetan esku hartzea. Azken 30 urteetan hutsik egon da zutabe hori, ez zitzaielako iruditzen gerra arriskurik zegoenik. Krisien kudeaketa deitutakoa da bigarren zutabea, eta hirugarrenean daude mehatxu komunak deitutakoak: pandemia eta klima aldaketa, esaterako. Azken hiru hamarkadetan azken bi zutabeetan zentratu da NATO, baina orain aurrenekoa lehenesten du: gerrarako prestatzekoa.

Gastu militarra handitzea gerrari dei egitea da?

Ez da soilik gerrari dei egiten diola, baizik eta [NATOren] dokumentuak berak esaten du, pentsamendu ildo oso estatubatuar bati jarraikiz, disuasiorako prestatu behar dela; hau da indarraren erabilerarako prestatu. Eta prestatzen bazara, noizbait erabili egin beharko duzu...

Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko?

Izan daiteke. Ukrainan gerran daude, eta lege arruntak pikutara joan dira. Alderdiak ilegalizatu dituzte; oposizioa kartzelatu; klase sindikatu eta hedabide pribatuak itxi. Europan ez dute legerik indargabetu, baina Russia Today-ri emititzea debekatu dio Europak. Testuinguru horretan proposatu daitezke eskubideak urratuko lituzketen lege erreformak edo gobernuen erabakiak, eta jendeak onartu egingo lituzke.

Non dago Europako mugimendu antimilitarista?

Hor dago. Baina, batetik, hedabideek ez diete ahotsik ematen gisa horretako mugimenduei. Bestetik, herritarrek ere ez dituzte babesten. Herritarren gehiengo argiak babesten du gerran sartzea; noski, eta Mendebaldeak irabaziko duen ideiarekin, Zelenskik hain zuzen.

Europan denak ari dira esaten gerra hau zilegia dela, inbasio bat egon delako. Putinen ikuspuntutik, harentzat ere zilegia da gerra hau, sentitzen dutelako, Ukraina bere kontrol politikoaren orbitatik ateratzen den neurrian, hori mehatxu bat dela haientzat; orduan, legitimoa da egiten ari direna; eta, gainera, lurralde horretan badira errusiarrak, eta defendatu egin behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.