Memoriarekin uztartu dute besta herrikoien aldeko aldarria

Txupin Etxepare elkartea sortu dute Iruñeko peñek eta Memoriaren Autobusak.Veleta omenduko dute; hainbat kide hil zituzten 36an

Iruñeko Veleta peñako kideak, zuriz, 1931. urteko argazki batean. Omenaldia egingo diete aurten. BERRIA.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bestatik haragoko gogoeta eragin dute sanferminek Iruñeko Peñen Federazioko eta Memoriaren Autobusa elkarteko kideen artean. Gogoeta horren emaitza da atzo Nafarroako hiriburuan aurkeztu zuten taldea: Txupin Etxepare. Juanito Etxepare zenaren izena hartu du elkarteak. 1936an fusilatu zuten. Etxepare izan zen sanferminetako suziria botatzen lehena. Memoria historikoari buruzko aldarria sanfermin herrikoien eta laikoen aldeko mezuarekin uztartu nahi dute Txupin Etxepare elkarteko kideek.

Eskaera zehatz bat jarri du mahai gainean elkarteak, martxan jarri eta berehala: aurtengo sanferminetako suziria Veleta peñako kideen ondorengoek bota dezatela galdegin diote Iruñeko Udalari, hedabideen bitartez. Elkarteak berak omenaldia eginen die Veleta peñako kideen senideoi, aurtengo sanferminetan. Txupin Etxepare saria jasotzen lehenak izanen dira. Angel Iribarren eskultoreak egindako oroigarria emanen diete.

Veleta peñako kideak eta Juanito Etxepare izan ziren Errepublika garaiko sanferminetako protagonistetako zenbait. Veletako kideak 1931. urteko argazki batean ageri dira, zuriz jantzita. «Egungo iruindarrek, ordea, ez dakite haiei esker janzten garela orain, zuriz, bestetan», azaldu zuen Memoriaren Autobusa elkarteko kolaboratzaile eta kazetari Ivan Gimenezek atzo.

Errepublikazaleak ziren Veletako kideetako anitz. «Langile eta ezkertiarrak». 1936ko estatu kolpea gertatu zenean, fusilatu egin zituzten haietako hainbat. Juanito Etxepare ere frankistek hil zuten. Veletako kideak zuriz jantzi ziren urte berean, 1931n, Etxepare hasi zen sanferminetako suziria botatzen. Ordura arte, pirotekniako langileen ardura zen lan hori. Etxepare baimena eskatueta hura eskuratuta hasi zen Iruñeko Gazteluko plazan bestak iragartzen zituen suziriari su ematen. «Plazan bertan botatzen zuen, haurrek inguratuta», azaldu zuen Gimenezek. Egungo txupinazoak zerikusteko gutxi du ordukoarekin. «Alkateak erabakitzen du nork botako duen suziria, eta balkoitik botatzen dute; goitik, behekoentzat».

Iruñeko Kale Nagusian estankoa zuen Etxeparek. 1936ko estatu kolpea gertatu zenean, fusilatu egin zuten. «Gutxi dakigu haren heriotzari buruz; haren gorpua non dagoen ere ez», erran zuen Gimenezek.

Etxepare hil eta gero, haren estankoa falangisten esku gelditu zen. Ez hori bakarrik. «1939. urtetik aurrera, Joaquin Ilundain eta Jose Maria Perez Salazar falangistek haien esku hartu zuten suziria botatzeko ardura». Frankismoaren garaiko lehen udaleko zinegotzi izan ziren biak, eta ofizial bilakatu zuten txupinazoa udaletxeko balkoitik egiteko ekitaldia. «Gisa horretako ekitaldi herrikoiak interes zehatzen alde moldatuz joan dira; guk besten izaera herrikoia eta laikoa berreskuratu nahi dugu», berretsi zuen Memoriaren Autobusa elkarteko kide Felix Esparzak, atzoko aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.