Koronabirusa. Nacho Calvo. Nafarroako Ostalaritza Elkarteko burua

«Ostalaritza itxita, zerbait egiten den itxura ematen dute»

Calvoren arabera, Nafarroako Gobernuak ez die frogatu tabernak kutsatze iturri direla. Kriminalizatu egin dituztela uste du.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Asteartetik indarrean diren Nafarroako Gobernuaren neurri murriztaileekin haserre dago Nacho Calvo Nafarroako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia (Ezkarai, Espainia, 1967).

Zein da egungo egoera?

Egoera barregarri batean utzi gaituzte. Edukieraren %30 utzi digute, baina barranezin daiteke kontsumitu. Tabernentzat oso neurri gogorra da, askoren negozioa barran oinarritzen delako. Gainera, 22:00etarako hustu egin behar denez, esan nahi du ezin duzula ganorazko afaririk eman. Afaltzera 20:00etan joateko korronte moduko bat sortu da. Jendea elkartasunez jokatzen ari da, eta eskertzen dugu, baina hori ez da hamabost egunetan aldatzen. Ekainetik, gaueko aisialdia itxita dago; hotelek ez dute bezerorik, eta okerrena da irainduak eta manipulatuak sentitzen garela.

Itxierak izango dira?

Bai. Kasurik hoberenean, negozioaren %15 utzi digute. Praktikoki, Katalunian bezala gaude. Negozio bolumen horrekin, askok ixtea erabaki dute, eta ea zer egoera dagoen hamabost egun barru... Zer egin dezakete bestela? Ez du balio ezta gastuei aurre egiteko ere. Guztiok aldi baterako erregulazioetara joko dugu. Neurri hauek ez dute balio.

Zergatik diozu hori?

Asteazkenean, COVID-19ak sektore profesionalen artean izan diren kutsatzeen inguruko analisi bat kaleratu zuen Espainiako lan istripuen mutualitateen elkargoak. Ostalaritzan, langileen %5,5 kutsatu dira —%6 jatetxeetako langileen artean, eta %4,2 tabernetan—, merkataritzan, %7,3 kutsatu dira, eta osasun arloan, logikoki, kutsatze ratiorik handiena dute, %33koa. Zortzi orduz taberna batean lanean diren langileak ez dira kutsatu, adibidez, tailer mekaniko batekoak baino gutxiago: beste sektore profesional batzuetan baino gutxiago kutsatu dira. Hasieratik, maskarekin ari gara lanean, hidrogelak ditugu, dena desinfektatzen dugu, geure buruari ezarritako segurtasun neurriekin ari gara langileak eta bezeroak babesteko asmoz. Aurretik ere denbora daramagu neurriekin, eta ez dira kasuak jaisten.

Nafarroako Gobernuak asteon esan du 307 agerraldi aktibo daudela, eta kutsatzeen %18 ingurune sozialean gertatu direla. Ez al dira hor ostatuak sartzen?

Ez dute zehazten zer den arlo soziala. Erronka botatzen diet, eta esan dezatela zenbat kutsatzen den ostalaritzan. Adibidez, botila festa bat arlo soziala da. Nafarroako Gobernuak ez du lotsarik, ez baitu bere kabuz botila festarik debekatu. Maiatzean eta ekainean eskatu genien, eta ez zuten nahi izan. Abuztuan, estatuak debekatu zuenean, orduan debekatu zuen. Bazekiten kutsatze iturria zirela. Etxe giroan gertatzen dira kutsatze gehienak.

Europan, neurri gogorragoak hartzen ari dira. Txekian eta Herbehereetan ostalaritza itxi dute, eta Frantzian, Belgikan eta Erresuma Batuan gauza bera egin dute kutsatze maila handiko tokietan.

Bizitza soziala dagoen toki orotan egongo da arriskua. Jendea dagoen tokietan, alegia. Nafarroan, baina, kutsatze gehienak izan dira ostalaritzarekin zerikusirik ez duten jardueretan. Mutualitateen elkargoaren azterketaren arabera, gasolindegietako langileen %8 kutsatu dira, eta, aldiz, tabernetan %4 izan dira. Horrek esan nahi du ez dela gehienbat hor kutsatzen.

Zer eskatzen diozu Nafarroako Gobernuari?

Ixteko agintzen badute, ostalaritzan kutsatzen dela froga diezagutela. Erakuts dezatela ikerketekin eta ehunekoekin. Orain arte ez dute esan, ez dutelako frogatua. Erresuma Batua izan da agerraldien jatorria neurtu duen Europako herrialde bakarra, eta hark dio ostalaritzan %3 kutsatu direla. %3! Bizitza soziala dagoen tokietan egongo da arriskua, jakina, baina ostalaritzan babestuago dago. Geure burua prestatu dugu kutsatzeak eragozten jakiteko. Ostalaritza ixtea erabaki dute, baina zer irizpide teknikoren arabera? Iritzi publikoari begirako neurri engainagarriak dira. Ostalaritza itxita zerbait egiten den itxura ematen dute, baina kasuak ugarituz doaz.

Nafarroako Gobernuak hamar milioi euroren laguntzak emango dituela iragarri du asteon.

Eskertzen dugu. Lehen aldia da sektorearentzako laguntza hori ematen dutela. Hala ere, hori ez da irtenbidea, ez baikara egoeraren errudun. Kalte handia egin digute, eta zauria arinduko du. Dena den, urtean 850 milioi euro fakturatzen ditu sektoreak, eta hamar milioirekin ez zoaz urrutira. 18.000 langile ditu sektoreak —horietatik 14.000 soldatapekoak, eta 4.000 autonomoak—. Langileko 555 euro dira.

Helburu nagusia da irautea?

Aurten 500 milioi euro fakturatzea lortzen badugu, kontent egon gaitezke. Ez dakit iritsiko garen. 400 milioi euro gutxiago fakturatu ditzakegu.

Zer esaten dizute ostalariek?

Nekea, nazka, desilusioa... Kriminalizatu egin gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.