Bizkaiko kontserbetan «indar erakustaldia» egin dute lehen greba egunean

Soldata eta lan baldintza «duinak» eskatzen ari dira, baina salatu dute patronalak negoziazioak blokeatu dituela. Langile gehienak andreak dira

Atzo eguerdian Bermeon eginiko manifestazioa. BUSTURIALDEKO HITZA.
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Indar erakustaldia» egin dute Bizkaiko arrain kontserbetako langileek. Sindikatuek jakinarazi dutenez, «ia erabateko erantzuna» izan zuen atzoko grebak; haien kalkuluen arabera, hamar langiletik bederatzik bat egin zuten. Horrekin batera, manifestazio jendetsuak egin zituzten Ondarroan eta Bermeon.

Ia mila beharginek egiten dute lan sektore horretan Bizkaian, nagusiki Ondarroako, Bermeoko eta Markinako lantegietan. Patronalak lan itunaren negoziazioa blokeatuta daukala salatzeko mobilizatu ziren atzo, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta. Martxen amaieran, sindikatuek langileak eta haiekin bat egin zuten herritarrak zoriondu zituzten, «fabrikak hustu eta kaleak duintasunez» betetzeagatik. Mobilizazioaren «arrakasta» ikusita, ez dute baztertzen greba egun gehiago egitea.

Langileak «soldata duinak» eskatzen ari dira; batez beste 15.000 euro ingurukoa da urtean. Sindikatuen arabera, «oso eskasa» da patronalak eginiko azken proposamena: aurten %0,5 igotzea, 2022an %1,5, eta 2023an %1. Sektoreko azkeneko lan ituna 2016koa da, eta horretan jasotzen da KPI kontsumorako prezioen indizearen araberako igoera. Gaur egun KPIa %5etik gora dagoela kontuan hartuta, ohartarazi dute proposamen horrekin langileek erosahalmena nabarmen galduko luketela.

Mila euro eskaseko soldatak

Beharginek asteak daramatzate mobilizatzen, eta atzokoa izan zuten lehen greba eguna. «Badakigu gogorra dela greba egitea eta dirua galtzea, are gehiago, 1.000 eurora heltzen ez diren soldatekin. Espero dugu gaurkoan patronalak gaur [atzo] gertatutakoaren irakurketa egitea. Lehenengo greba eguna da, eta haien esku dago azkena izatea».

Langileek egindako «indar erakustaldia» eta herritarren aldetik jasotako babesa nabarmendu dute sindikatuek. «Uste dugu patronalak jaso duela mezua. Jendea borrokatzeko prest dago, eta langileek ez dute hala-holako hitzarmen bat sinatuko. Gaurko arrakastaren ostean patronalak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, mobilizazioekin eta greba egunekin aurrera jarraituko dugu».

Langileen ordezkariek ez dute eskaera zerrenda bateraturik adostu, baina guztiak batera ari dira protestan. Soldaten igoeraz gain, beste eskaera batzuk ere badituzte: adibidez, behin-behinekotasuna murriztea eta sexu arrakala amaitzea; azpimarratu dute sektore feminizatua dela —langileen %90 inguru emakumeak dira— eta lan kontratu finkoa dutenen %95 gizonezkoak direla. Oro har, deialdia egin duten lau sindikatuek uste dute lan baldintzak nabarmen hobetu behar direla. Hori dela eta, borroka luzea izango dela aurreikusten dute, «gai horiek guztiak mahai gainean jarri beharko direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.