Albistea entzun

Marta Guadalupe Rivera Ferre. IPCCko ikertzailea

«CO2 isurketak apaldu ezean, ezin izango gara egokitu aldaketetara»

Nahiz eta klima aldaketaren kalte batzuk atzeraezinak izan, egokitzeko eta kalteok arintzeko neurriak gizarteen esku daude oraindik, zientzialarien arabera. Marta Guadalupe Rivera Ferrek neurriak presaz hartzera deitu du.
INGENIO. (CSIC-UPV) Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko martxoak 2

Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikertzailea da Marta Guadalupe Rivera Ferre (Cordoba, Espainia, 1974). Agroekologian eta elikadura sistemetan aditua da, eta IPCCren seigarren ebaluazio txostenaren egileetako bat ere bai, zortzigarren atalarena, hain zuzen ere. Neurriak berehala hartu beharra aipatu du, ezinezkoa izango delako egokitzea isurketen erritmoa apaldu ezean.

2014ko txostenean zenioten klima aldaketagatik kalteak izateko arriskua handitzen ari zela. Orain egiaztatu duzue kalte batzuk atzeraezinak direla.

Agerikoak dira biodibertsitatearen galerari dagozkionak, badirelako jada desagertu diren ugaztun espezieak, esaterako. Horrez gain, arlo sozialari dagozkion kalteak daude. Zaurgarritasunari dagokionez, abiapuntu ezberdinetan daude munduko eskualdeak, eta horri buruz ebidentzia asko daude oraingo txostenean, 2014koarekin alderatuta.

Zer esan nahi du horrek?

Zortzi urte hauetan frogatu da munduko herrialde batzuk kalteberagoak direla klima larrialdiari dagokionez. Horregatik, txosten honetan aipamen berezia egin zaio justizia klimatikoaren beharrari. Aldaketek askoz gehiago erasaten diete pobrezia handiena duten eta egokitzeko arazo gehien dituzten gizataldeei: Mozambiken, Afganistanen eta Somalian, adibidez, heriotza tasa hamabost aldiz handiagoa da beste herrialde batzuetan baino. Horretan, gainera, arrazoi historikoek eragina dute. Horregatik aipatzen da kolonialismoaren aztarna historikoa eta ingurumen justiziaren beharra, erreparazio tresna gisa.

Egokitzeko ahalmena, gainera, ez dugu beti bera toki guztietan; eta, gainera, jadanik ez dago gaitasunik aldaketa batzuetara egokitzeko.

Hori garrantzitsua da, atzera-bueltarik gabeko egoera sozialak dakartzalako, eta gizataldeak muturreko egoeretara eramaten dituelako, behartutako migrazioetara, esaterako. Gehienetan, herrialde berean izaten dira, landagunetik hirira. Horrek gizarte arazoak handitzen ditu hirietan, eta behartzen gaitu egokitze estrategia bereziak pentsatzera. Neurri batzuk tokian tokirako pentsatu behar dira, baina beste batzuk unibertsalak dira, osasun zerbitzu publikoak bermatzea, esate baterako. Horrela, muturreko fenomenoen inguruko zaurgarritasuna gutxitu egiten da, kasu guztietan.

Agerian utzi duzue aldaketak azkarrago doazela gizarteek egokitzeko hartu dituzten neurriak baino.

Txostenak agerian utzi du klima garapen erresilientearen beharra. Eta, horrekin batera, dei egin du zenbait estrategia indarrean jartzera: batetik, isurketak modu drastikoan murrizteko; bestetik, egokitzeko neurriak bideratzeko. Hori dena egin behar da botere harremanak, gizarte desberdintasunak, pobrezia eta herrien zaurgarritasuna aintzat hartuta... Ez bagara gai isurketak gutxitzeko 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko lain, klima prozesua eskuetatik joango zaigu. Hori dramatikoa litzateke, egungo CO2 isurketen erritmoa apaldu ezean ezin izango garelako egokitu aldaketa batzuetara.

Ur hornidurarekin eta elikagai sorkuntzarekin lotutako zaurgarritasuna ere aipatu duzue.

Lurreko inguru batzuk oso kalteberak dira lehorteei dagokienez. Iberiar penintsularen hegoaldea eta Mediterraneoa tartean. Irrigazioa ezinbestekoa duen jarduera ekonomikoa indarrean dago inguru horretan, Europako barazkien esportatzailerik handienetakoa delako. Hori dena arriskuan dago, eta egokitzeko estrategiak pentsatu behar dira, baina irrigazioa ez da aukera bat testuinguru berrian. Kontuz ibili behar dugu epe laburrerako pentsatzen diren eta luzerako zaurgarritasuna handitzen duten egokitze neurriekin.

Zein dira neurri horiek?

Gizataldeen arteko botere ezberdintasunak eta pobrezia areagotzen dituztenak, esaterako, edo sexu arrakala. Nekazaritza komertziala gizonen esku dagoen gizarteetan hura bultzatzen jarraituz gero, andreen garatzeko ahalmena eta boterea gutxitu egingo dira. Lehorte arriskua duten eskualdeetan ur baliabideen erabilera handitzeak desberdintasunak handituko ditu, eta berotegi gasen isurketak areagotu. Irrigazioa ez da aukera bat: dagoen urari eutsi behar zaio, ingurumenean presioa are gehiago ez handitzeko.

Nekazaritza da isurketen eragile nagusietako bat. Nola gutxitu isurketak nekazaritzan?

Hori hurrengo txostenean landuko dute, baina garbi dago agroekologiaren bidez garatu behar direla estrategiak, eta lurzoruetan materia organikoak handitzera jo behar dela, laboreak txandatuz, ugarituz... Ebapotranspirazioak ez die horrenbeste eragingo materia organiko asko duten lurzoru horiei, eta, hala, urari luzaroago eutsiko diote. Gainera, uholdeetan, gutxiago kaltetuko dira. Halaber, karbonoa xurgatuko dute, eta berotegi gasen kontzentrazioa gutxitzen lagundu. Arintzeko eta egokitzeko balio du, aldi berean.

Naturan oinarritutako irtenbideen garrantzia, alegia.

Irtenbide teknologikoei eman zaie garrantzia, zientziaren adar horrek salbatu behar gintuela pentsatzeraino. Txosten honek dio irtenbide batzuek beste jakintza mota bat behar dutela, jatorrizko herriek bakarrik berma dezaketena. Ekosistemak berreskuratzeko eta oihanak lehengoratzeko estrategiak aipatzen direnean, kontuan eduki behar dugu lurralde horietako herri indigenen jakintza. Naturaguneen %30 eta %50 artean babestu behar direla diogu, bioaniztasunari eta lur sistema osasuntsuari eusteko. Horrek ez du esan nahi eremu horiek jarduerarik gabe egon behar dutela. Herri indigenek ondo dakite nola ustiatu basoak euren iraupena kolokan jarri gabe.

Europan, esaterako, herritarrek uste dute herrialde pobretuek bakarrik nozituko dituztela klima aldaketaren ondorioak, baina txostenak panorama eskasa jarri dio hari ere.

Europako egokitze neurriei begiratuz gero, teknologian oinarritzen dira batez ere. Beharra dago beste bi egokitze atal inplementatzeko ere: naturan oinarritutako estrategiak eta jarrerari eta bizimoduari dagozkienak. Isurketak murrizteko, kontsumoa ere gutxitu behar dugu, eta munduko kontsumitzailerik handienak Europan, AEBetan, Australian eta Mendebaldeko herrialdeetan gaude. Horrek jarrera aldatzera behartzen gaitu. Teknologiak ez gaitu salbatuko. Denak gara zaurgarriak, batzuk zaurgarriagoak badira ere. Krisi ekonomiko batean sartzen ari gara, gainera, eta desberdintasunak areagotu egingo dira. Egoera erasaten ari zaigu jadanik. Berandu gabe hartu behar dira neurriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxo bukaeran 1.200 metro koadroko izotz plaka bat askatu zen Antartika ekialdean, eta icebergetan zatitu. ©NASA

Antartikako izotza salbatzeko, garaiz da, baina azken aukera izan liteke, zientzialarien arabera

Mikel P. Ansa

Batez besteko tenperatura bi gradu igoko balitz, munduko izotz geruzarik handiena urtzeko prozesua bizkortu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila hazaraziko luke: bost metro ere haz liteke 2500erako.

Dnipropetrovsk eskualdean Marhanets hiriko eraikin baten irudia, atzoko leherketaren ondoren. ©EFE

Gutxienez hamahiru lagun hil dira Dnipropetrovsken Errusiak egindako bonbardaketa batean

Zuriñe Iglesias Sarasola

Susmoa dago Zaporizhiako zentral nuklearretik egin ote duen erasoa Moskuk. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik.

Egeoan erreskatatutako migratzaile talde bat Kios irlan lehorreratzen, artxiboko argazki batean. / ©Pantelis Fykaris, EFE

Dozenaka migratzaile desagertu dira Egeo itsasoan, txalupa iraulita

Arantxa Elizegi Egilegor

Greziako kostazainek 29 lagun erreskatatu dituzte bizirik, eta gehiagoren bila ari dira. Turkiako Antalya hiritik irten zen txalupa, 80 pertsona ingururekin.

Parisko Charles de Gaulle aireportua, artxiboko irudi batan. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Poliziak labana bat zuen gizon bat hil du Parisko aireportu batean

Berria

Charles de Gaulle aireportuan izan da hilketa. Poliziaren arabera, gizonak eraso egin die.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...