Europan banaketa dago oraindik AEBen lehiari erantzuteko moduaz

Bidenen plan berdeari nola aurre egin iradokiko du Europako Batzordeak proposamen batean. Otsailean kontseilu berezia egingo dute

Olaf Scholz eta Mark Rutte, atzo, Bruselan. OLIVIER. HOSLET / EFE.
Irune Lasa.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Egun bakarrekoa izan behar zuen 2022. urteko azken Europar Kontseiluak, eta xede hori behintzat bete zuten atzo Batasuneko buruzagiek. Egia da, era berean, gai arantzatsuenak eta erabaki pisuenak atzeratu egin zituztela, ekonomiaren alorrean behintzat.

Besteak beste, atzo berriz ere agerian geratu zen herrialde nagusien artean banaketa handia dagoela oraindik, ikusteko nola erantzun Joe Bidenen plan berdean jasotakoei.

Urtarrilean AEBetan indarrean jarriko den Inflazioa Txikitzeko Legearen arabera, Washingtonek ia 370.000 milioi euro gastatuko ditu bere industria laguntzeko energia trantsizioan. Eta, besteak beste,legeak laguntza berezi bat jasotzen du, 7.500 dolarrekoa, auto elektrikoa erosten duten estatubatuarrentzat, baina autoak Ipar Amerikan egindakoa izan behar du. BuyAmerican politika horrek (erosi Amerikakoa), hasieran, AEBetan ekoitzitako auto elektrikoak soilik aipatzen zituen, baina Kanadan eta Mexikon egindakoak ere sartu dira, herrialdeak kexatu egin zirelako.

Aldiz, Europatik egindako kexei berriz ez die men egin Bidenek, Batasuneko herrialdeen haserrerako. Frantzia da gogorren agertu diren herrialdeetako bat, eta Emmanuel Macronek atzo bertan berretsi zuen aldaketak egiteko beharra eta xede horretarako Europa mailako funts bateratu baten aldeko mezua. «Azkarrago joan behar dugu, arauak sinpletu, erantzun makroekonomiko bat eman, eta estatubatuarrek egin duten eginahalaren pare jartzeko laguntza maila izan, estatu mailan eta Europan».

Eztabaida funts bateratuaz

Europa mailako laguntza da, hain zuzen, AEBei erantzunez Europa berriz industrializatzeko politikak adosteko zailtasun handienetakoa. Alemaniak eta Herbehereek ez dute begi onez ikusten industria politikarako funts bateratu bat sortzea, baina, aldi berean, beren herrialdeetan laguntza plan handiak onartzen ari dira, beren gihar finantzario handiagoari esker.

Atzo, herrialdeek erabaki zuten Europako Batzordeari eskatzea proposamenak egiteko «Europaren oinarri ekonomiko, industrial eta teknologikoa babesteko». 2023ko urtarril bukaerarako aurkeztu beharko lirateke proposamen horiek, eta otsailaren 9-10erako hitzartu duten kontseilu berezian aztertuko dira.

Edonola ere, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak joan den asteazkenean herrialdeei bidalitako gutunean jada agertu zuen plan baten zirriborroa, funts bateratu baten ideia jasotzen zuena. Besteak beste, teknologia berdeetarako, energia berriztagarrietarako eta karbonogabetzerako laguntza publikoak erraztea proposatu zuen Von der Leyenek, eta horiek «subiranotasun funts» batekin osatzea, zeina uda aurretik aurkeztuko litzatekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.