Albistea entzun

Emilio Aguillo. Arabako Mahastiak sor-markako zuzendaritza batzordeko behin-behineko presidentea

«Sor-markaz justiziak erabakiko du, eta hori ez da bidezkoa»

Arabako Mahastiak eteteko arrazoirik ez dagoela iritzi dio. Horregatik, epaitegietan «indar handiagoa» egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 11 - Gasteiz

Urtarrilean sortu zuten Arabako Mahastiak sor-markako Kontseilu Arautzailea, eta Solar de Ayala upategiko arduradun Emilio Aguillo izendatu zuten zuzendaritza batzordeko behin-behineko presidente. Zigilu berria duten ardoak aurten merkaturatzen hasteko asmoa zuten, baina EAEko Auzitegi Nagusiak eten egin du Eusko Jaurlaritzak emandako baimena, Errioxa jatorri izenak jarritako helegite baten ondorioz. Afera «eremu lokaztu» batean dagoela eta, handik ateratzeko eskatu du.

Ez duzue ongi hartu kautela neurriak ezartzearen ebazpenari Eusko Jaurlaritzak helegiterik jarri ez izana.

Mingarria izan da, bai. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du egin defentsa argi, irmo eta sendorik. Guk horrela ulertzen dugu; haiek uste dute egin dutena aski dela. Tira, hautemate kontua da.

Arantxa Tapia sailburuak lehengo astean Eusko Legebiltzarrean esan zuenez, epaileak jada ezetsi ditu argudioak. Ulertzen duzue justifikazioa?

Bai, ulertzen dugu. Baina hemen bi gauza ari dira epaitzen. Batetik, forma dago, hau da, ea Eusko Jaurlaritza gaituta dagoen izapidetzea egiteko ala ez. Haien arabera, eskumena badute, eta legeak baimentzen die babes nazional iragankorra emateko. Eta, bestetik, auzi honen hondoa dago, alegia, guk sor-marka bat izateko baldintzak betetzen ditugun ala ez, eta hori erabaki dezakeen bakarra Europako Batzordea da.

Beraz, Kontseilu Arautzaileak zera egin du, dena lokaztu eta judizializatu. Hori da ulertzen ez duguna: nola sartu diren joko honetan. Zeren, orain, Espainiako justiziak erabakiko du sor-markaz, eta hori ez da bidezkoa.

Izan duzue hartu-emanik Jaurlaritzarekin orduz geroztik?

Ebazpena jakinarazi ziguten prentsan azaldu baino apur bat lehenago, baina ezer gutxi gero.

Egin zezakeen beste ezer?

Guk uste dugu baietz, hau ezin zela inoiz epaile baten esku geratu. Ez, behintzat, auziaren hondoari dagokion erabakia. Eta formari dagokiona ere uste dugu ezetz. Zeren eskumena Jaurlaritzarena bada, baina azken hitza beti Espainiako Gobernuak badu, autonomia baldintzatu bat da.

Jaurlaritzak agindu du lanean jarraituko duela...

Bai, eta etorkizunean sor-marka errealitate izatea espero duela. Baina, guretzat, etorkizuna bihar da; haientzat, baliteke hamar urte barru izatea, baina etorkizun hori ez da guk behar duguna, ezta eskatzen ari garena ere. Jaurlaritza beti azaldu izan da bertako kalitatezko produktuen defentsan. Bada, gure produktua defendatzen ari garen euskal ekoizleak gara gu ere; maitasun pixka bat behar dugu.

Zuek helegitea aurkeztu duzue; ez zatozte bat baimena behin-behinean eteteko arrazoiekin.

Duela hilabete edo hogei egunera arte legitimoa zen, dena legezkoa zen, eta gure eskaerak ez zeukan inolako akatsik. Eta, bat-batean, Espainiako justiziak behin-behinean etetea erabaki du. Horretarako hiru arrazoi daude: ihes egiteko arriskua izatea, frogak suntsitzeko aukera izatea, edo konponezinak diren kalteak sortu ahal izatea. Ez daukagu ardorik oraindik! Zer kalte eragingo dugu ez badaukagu ardorik eta saldu ezin badugu? Ez dira betetzen kautela neurriak hartzeko gutxieneko baldintzak.

Luze jo dezake behin betiko ebazpenak, ordea. Horrek zer albo kalte eragingo dizue?

Tira, jada bazegoen datorren uzta Arabako Mahastiak erabiliz botilatzeko neurriak hartzen ari zenik. Beraz, baten batek kartoizko kaxak, etiketak, tresnak... erosi baditu, ezin izango ditu erabili. Dena den, horixe nahi du Kontseilu Arautzaileak, epeak luzatzea, eta guk amore ematea. Industria monopolizatzeko egindako saiakera bat da hau guztia, eta onartezina da. Gure enpresa askatasunaren eta merkatu librearen aurka egiten ari dira.

Bigarren auzibidea ere zabalik dago: sor-marka eratzeari Errioxak jarritako helegitea.

Aurrena, behin-behineko neurrien ebazpena zertan den ikusiko dugu, hori izan baita geldiarazi diguna. Eta, bai, gero bigarren helegitea dago. Baina aurrenekoaren behin betiko ebazpena iritsi arte luze jo dezake, Errioxak ibilbide judizial guztia egingo duelako. Horregatik, uste dugu ez dutela benetako argudiorik gure aurka egiteko: prozesua luzatzea da gu geratzeko aurkitu duten modu bakarra.

Egin duzuen urrats bakoitzeko oso gogor erantzun du Errioxak. Zergatik?

Bueno, arrazoiren bat edo beste izan dezakegu, baina beraiek azaldu beharko dute zergatia. Zeren, Errioxaren izen ona baliatuko dugula eta lehia egingo diegula esateak ez du oinarririk. Lau baino ez gara, eta txikiak! Arabako Mahastiak jatorri deiturak ez du zerikusirik Errioxarekin, eta ez dugu kontsumitzailea nahastuko. Kuriosa da: hiru metroren aldea egon daiteke Corellako [Nafarroa] eta Alfaroko [Errioxa] bi mahatsondoren artean; batekin, Nafarroa sor-markako ardoa egiten dute, eta, bestearekin, Errioxa. Ea nola azaltzen dugun zergatik hiru metro horietan bi sor-marken artean bereiztea posible den, eta gure kasuan ez.

Edo joan, bestela, Errioxako edozein kooperatibatara, eta ikusiko duzu nola saltzen duten Errioxa sor-markako ardoa eta jatorri izenaren babesik ez duena. Azken horietan, Errioxako ardoa dela jartzen dute askok, zeren, noski, kontsumitzaileek ongi bereizten dute bien arteko aldea. Nork nahasten du nor? Utz diezaiogun Europako Batzordeari lan egiten eta erabakitzen.

Ziur mintzo zarete, baina Europako Batzordeak sor-markari ezetz esan diezaioke?

Tira, baliteke prozesua geldituta egotea orain, Espainiako Gobernuaren eskariz, auzitegiek zer ebatzi zain baitago ministerioa.

Gurpil zoro batean sar daiteke prozesua, beraz?

Hala da. Bata bestearen zain egongo dira, nork lehen pausoa emango. Eta, azkenean, Espainiako justiziak erabakiko du sor-marka izateko eskubidea dugun ala ez. Horregatik uste dugu auzibidean indar handiagoz borrokatu behar dugula, sor-markaren geroa bertan ari delako erabakitzen orain.

Zazpi urte daramatzazue sor-marka eratzeko ahaleginean. Argi duzue azkeneraino eramango duzuela.

Mundu guztiak argi dauka: eskualdea bereizi behar dugu. Errioxatik bereizi behar dugu desberdinak garelako, beste produktu bat egiten dugulako, eta jada ez delako errentagarria Errioxa ardoa hemen ekoiztea. Hondamendia da guretzat. Horregatik sortu dugu Arabako Mahastiak. Arrazoia ekonomikoa da soil-soilik. Ardoa guk ulertzen dugun bezala egin nahi dugu, eta guk saldu nahi dugun bezala saldu, noski, errentagarritasun handiagoa lortzeko, egungo prezioekin ezin dugulako bizirik iraun.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.