Dena prest dute Tuteran Nafarroa Oinez ospatzeko

Hiru kilometrok eta lau gunek osatuko dute Nafarroa Oinez-en ibilbidea. Errigora proiektua eta Dani Lopez euskaltzalea omenduko dituzte

Argia ikastolako arduradunak atzo egindako aurkezpenean. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Izan Argi leloarekin ospatuko dute igandean Nafarroa Oinez. Laugarren aldiz hartu du Tuterako Argia ikastolak Nafarroako ikastolen besta antolatzeko ardura, eta jadanik dena prest dute igandean milaka euskaltzale herrian hartzeko. Hiru kilometro pasatxoko ibilbidea osatu dute, eta lau gunez osatuta egongo da: argia, etorkizuna, aniztasuna eta alaitasuna. Iaz hasitako bideari jarraituz, besta inklusiboa izateko ahalegina egin dute antolatzaileek. 1.500 boluntario baino gehiago ibiliko dira lanean egun osoan.

10:00etan hasiko da Nafarroa Oinez, ohiko zinta moztearekin. Irekieraren ondotik, Errigora proiektua omenduko du ikastolak: nekazariak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak uztartuta, Erriberan bultzatzeagatik goraipatuko dute Errigoraren jarduna. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Dani Lopez euskaltzalea omenduko du urteetan Erriberan euskararen normalizazioaren alde duen lanagatik.

Egitarau oparoa izango du Nafarroa Oinez-ek. Azken urteetan bezala, Erronka ere eginen dute, eta 11 ikastolatako haurrek parte hartuko dute. Aurten, berrikuntza gisa, Ikasjai aplikazioa sortu dute sakelako telefonoetarako. Gune bakoitzeko informazioa jasotzez gain, hainbat galdera egingo dituzte, eta asmatzen dituzten parte hartzaileek opariak jaso ahalko dituzte. Bestalde, ikastolako kideek ohartarazi dute igandean ez dutela erasorik «onartuko».

Datorren urtean Lizarran

«Argia ikastolaren komunitate osoaren desioa da Erriberan euskararen normalizazioaren alde lanean segitzeko beharrezkoa dugun markoa jartzen jarraitzea», adierazi dute ikastolako kideek. Bildutako dirua proiektu pedagogikoak aitzinera eramateko, instalazioen mantentze lanak ordaintzeko eta proiektua jasangarria izateko egindako inbertsioak ordaintzeko erabiliko dute.

Zehaztu dute datorren urtean zein ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez: Lizarrako ikastolak izango du ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.