Giovanna Tabilo. Celestino Cordovaren bozeramailea

«Maputxeen espiritualitateari erasotzen ari zaizkio»

Buruzagi espirituala «egoera kritikoan» dagoela onartu du Tabilok. Maputxeen eskubideak errespetatzeko eskatzen du, eta Cordovak espetxe zigorra bere komunitatean pasatu ahal izatea.

GIOVANNA TABILO.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gose greban den Celestino Cordova buruzagi espiritual maputxearen eleduna da Giovanna Tabilo, eta etengabeko borrokan dihardu haren eskubideen alde. Helburua lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela dio, eta eskerrak eman ditu jasotako babes guztiagatik; tartean Donostiako Kaxilda liburu denda eta jatetxeari. Egunotan erabakiko dute epaileek ea baimena ematen dioten maputxeari zigorraren parte bat bere komunitatean betetzeko. Orri hauek idazterakoan, ez zegoen ebazpenaren berririk.

Cordovak 89 egun daramatza gose greban. Nola dago?

Osasun egoera kritikoan dago. Adi-adi gaude etengabe, bihotz taupada nahiko gutxirekin dagoelako. Bihotzekoak jotzeko arriskua du. Guretzat oso kezkagarria da hori. Gainera, egunotan konbultsioak izan ditu, oka egin du, eta indigestioa izan du. Giltzurruneko min handiekin dabil, likido erretentzio esanguratsua du, eta 25 kilo galdu ditu.

Besteak beste, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herri indigenen inguruko hitzarmena betetzea eskatzen duzue. Zer zehazki?

Hori da. Eskatzen ari garena OITren 169. hitzarmena betetzea da. Hau da, jatorri indigena edo beste herri bateko jatorria duten presoak modu ezberdinean tratatuak izatea; arrazoia kulturala izan edo soziala izan. Bizitza eta mundua ikusteko duten modua da. Hori dela eta, hitzarmena aplikatzeko eta indigenen eskubideak errespetatzeko exijitzen dugu.

Txileko Gobernuak sinatu zuen akordioa, eta orain dela bi urte berronetsi. Denbora horretan, hitzarmena bete behar zuten, baina ez dute hala egin. Ez bakarrik gobernutik: botere judizialetik ere aplikatu beharko zuketen. Eta hori aplikatzen denean, denentzat bidezkoa den modu batean aplikatu dadila. Testuinguru horretan, uste dugu estatuak ordaindu gabeko zor bat duela gurekin; eta ez bakarrik historikoki maputxe herriarekin duen zorra, baita gobernu gisa dituen erakunde publikoen mailan ere.

Egiten ari zareten eskari horiek oso garrantzitsuak dira maputxe herriarentzat, ezta?

Maputxe herriaren ezinbesteko eskubideak dira. Uste dugu gaur egun jatorrizko herrien inguruan hitz egiten denean: eskubideei buruz, osasuna izateko eskubideaz, etxebizitza bat izatekoaz, lurra izatekoaz... egun maputxe herria zokoratuta dago, gutxieneko lur espazioekin, eta industria estraktibista gure ingurumena suntsitzen ari dira. Etorkizunean guztientzat beharrezkoa izango den ingurumen hori.

Joan den asteazkenean, egarri greba ere hasi zuen Cordovak, baina gelditzea lortu zenuten.

Bai, goizeko zortzietan ekin zion. Maputxe kide batzuk lortu genuen gelditzea zeremonia bat egin ostean. Eskatu genion bere herriarengatik egarri greba bertan behera uzteko, denbora emateko guk modu hobean presio egin ahal izateko, eta, horrela, denon artean kartzelako hobekuntzak lortzeko; baita, noski, OITren 169. hitzarmena aplikatzea ere. Cordovak gure buruzagi espiritualak entzun zituenean, arratsaldean erabaki zuen hori bertan behera uztea eta gose grebarekin soilik jarraitzea.

Protesten, greben eta abarren ostean, nolako erantzuna eman dizuete agintariek? Gaia alboratzen ari dira?

Gose greba protesta egiteko era baketsu bat da, eta espero dugu estatuaren eta erakundeen parte batek gu entzutea.87 egun daramatzagu gose greban [dagoeneko 89 dira], eta oraindik gerturatze txiki batzuk egin ditu Justizia Ministerioak. Hurbilketa hutsak dira, eta ez diote kontuari sakon heltzen. Eskakizuna argia da: buruzagi espiritualak bere rewera itzuli behar du [maputxeen monolito mistikoa], eta hor egon, gutxienez sei hilabetez; besteak beste, harremanetan egoteko bere arbasoen espirituekin, bere komunitatearekin, familiarekin... Kontuan izan behar da lurraldeak duen esanahi guztia.

Bestalde, Temucoko Apelazio Auzitegiak baimena eman dio Cordova dagoen ospitaleari hura indarrez elikatzeko. Nola hartu zenuten erabakia?

Bai, Araucaniako Osasun Zerbitzuak jarritako errekurtso baten bitartez eman zion baimena. Erabaki larria dela uste dugu, haren borondatearen kontra doalako. Cordovak ez du nahi hil, ezta bere buruaz beste egin ere; baina protesta egiteko modu bat behar du, eta, egun, munduko espetxe guztietan hobekuntzak lortzeko eta behar bezala tratatuak izateko presoen modu bakarra beren bizitza arriskuan jartzea da; hots, kasu honetan, buruzagi espiritual maputxearena. Eta maputxea izateak esan nahi duen guztiarekin. Lurreko pertsonak gara, eta lurra behar dugu bizitzeko eta ondo egon ahal izateko.

Horren harira, premiazko bilerak izan zenituen.

Estatuak errekurtso estilo hori aurkezten duenean, esaten ari dena da ez diola inongo errespeturik jatorrizko herrien kulturari, nahiz eta esanjendea maputxeen sendagaiekin tratatzen ari den ospital interkulturalak dituela.

Egiatan, egun ez dago modurik estatuak esateko nazioarteko hitzarmenak errespetatzen dituela; eta praktikan jartzea mundu ikuskerak esan nahi duena, errespetatzea buruzagi espiritualak. Cordova errespetatu balute buruzagi espiritual gisa, ez zen preso egongo.

Uste duzu estatuak maputxeen espiritualitateari erasotzen diola?

Bai, kontu honekin uste dugu gobernua maputxeen espiritualitateari erasotzen ari zaiola. Cordova agintari politiko espiritual bat da. Orain dela urte asko, gure buruzagi espiritualak hiltzen zituztenhaien ruke-tan, ohartu zirelako herriaren indarra zirela. Egun, espetxeratu egiten dute espiritualitatea; maputxe herriaren indar espirituala espetxeratu egiten da. Hori, guretzat, oso larria da.

Ez dira errespetatzen indigenen eskubideak?

Ez. Ez dira errespetatzen indigenen eskubideak, jatorrizko herrienak; ez dira kulturak errespetatzen. Ez bakarrik maputxeena: kultura asko ditugu herrialdean, eta ez dute errespetatzen gure jendea.

Zergatik ez du betetzen gobernuak hitzarmena?

Gobernuak betetzen ez dituen hitzarmen asko daude. Sinatzen ditu, baina ukondoarekin ezabatzen du eskuarekin sinatzen duena. Dirua tartean duten hitzarmenak soilik errespetatzen ditu.

Gobernuaren erantzukizuna da zorigaiztoko amaiera bat eragoztea. Jarrera aldatu eta OITren 169. hitzarmena aplikatu beharko luke, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.