Hiwot Abebe. Setaweet erakunde feministako kidea

«Indarkeria salatzeko lotsa handia dago Etiopiako kulturan»

2020ko azaroan Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren artean gerra piztu zenetik, egoera latzean dago herrialdea. Hiwot Abebek adierazi du gatazkako bi aldeek «gerrako arma gisara» erabili dituztela bortxaketak.

JON URBE / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Donostia
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Etiopian egoera gogorrean daude 2020ko azaroan Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen artean gerra piztu zenetik. Nahiz eta Etiopiako Parlamentuak gerra hasieran ezarritako larrialdi egoera indargabetu zuen iragan astean, gatazka «konpondu gabe» dago, Hiwot Abebe Setaweet erakunde feministako kideak adierazi duenez (Addis Abeba, 1992).

Aste baterako etorri da Euskal Herrira. EHUk joan den astean antolatu zituen topaketetan parte hartu du. Hitzaldian luze eta zabal aritu zen Etiopiako emakumeek gerran pairatu duten sexu indarkeriari buruz.

Zertan da Etiopiako gerra?

Dirudienez, ia amaitu da. Herrialdea banatuta dago, eta aurrera egiten saiatzen ari gara bakea eta adiskidetza sustatuz. Gobernuak Elkarrizketarako Batzorde Nazionala eratu du bakea nola eraiki eta gatazka hau nola konpondu daitekeen eztabaidatzeko, eta prozesu gogorra da.

Gatazka guneetan emakumeen aurkako sexu indarkeria handitzen da, ACLED gatazka guneetako datuak biltzen eta aztertzen dituen gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Nolako egoera dute gerran Etiopiako emakumeek?

Gatazkako bi aldeek [Armada eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea] gerrako arma gisara erabili dute bortxaketa. Orain arte ez dute aitortu hori egin dutenik, eta ez dute neurririk hartu egoera aldatzeko. Osasun, Hezkuntza eta Genero ministerioek zenbait eragilerekin hitz egin dute gerran kalte egin dieten emakumeei osasun zerbitzuak eskaintzeko. Baina ez da aurrerapauso sendorik eman.

Gatazkako gune kaltetuetan egon naiz, eta emakumeek ez zuten behar beste sendagai. Bortxatuak izan diren emakumeek, eta edozein motatako indarkeria sexuala edo fisikoa jasan dutenek, ez dituzte jaso oinarrizko zerbitzu medikoak: erietxeak itxita, suntsituta edo zerbitzuen faltan zeuden. Horrez gain, bertako langileek osasun zentroetatik ihes egin dute. Hori gutxi ez, eta emakume askok gatazka guneetatik beste hiri batzuetara joan behar izan dute tratamendua eskuratzeko, eta hilabeteak behar izan dituzte lekualdatzeko. Zenbait iturritatik entzun dugu hori eragozteko hartu diren neurriak gutxienekoak izan direla, eta beldurgarria da.

Bere burua ezkerrekotzat daukan alderdi bat dago gobernuan.

Ez dut uste gure herrialdean ezkerreko edo eskubiko kategorizaziorik egin daitekeenik. Etiopia betidanik izan da herrialde kontserbadorea. Ekonomikoki eskubira mugitu da, azken hiru eta lau urteetan neoliberalagoa bilakatu baita herrialdea. Etiopiako politikan ez dut uste inor ezkerrekotzat hartu daitekeenik. 70eko eta 80ko hamarkadetan ezkerreko alderdiek gobernatu zuten, eta herritar askok egoera dramatikoak bizi izan zituzten. Egun, sozialistak edo ezkerrekoak diren gobernuek ez dute lekurik Etiopian.

Hitzaldian aipatu duzu emakume askok ez dutela esaten indarkeria sufritzen dutela. Zer arrazoi daude horren atzean?

Faktore asko daude. Horietako bat da indarkeria salatzeko lotsa handia dagoela Etiopiako kulturan. Orokorrean ez da sexuaz hitz egiten, eta are gutxiago indarkeria sexualaz. Ondorioz, emakumeak gizartearen erantzunaren beldur dira. Etiopiako gerran indarkeria sexuala pairatu dutenak diskriminatu egin dituzte haien bikotekideak edota familiak. Hortaz, emakumeek ingurukoekin ez dute horretaz hitz egin nahi, edo ez dute aitortzen horrelako esperientzia bat izan dutenik. Gizarteak eraiki duen sisteman ez dute laguntzarik, ezta horri aurre egiteko baliabiderik ere. Horren eraginez, ez dute arrazoirik publikoki horri buruz ahotsa altxatzeko. Etiopiaren moduko gizarte patriarkal batean, emakumeak baztertuta daude, ez dute segurtasunik.

Horren harira, Meron Hailu artista etiopiarrak esandakoa gogorarazi nahi dut. Hark esan zidan emakumeak errespetatzen ez dituzten leku batean egotea, eta generoan oinarrituta dauden hesi guztiak kontuan hartuz, etxetzat har dezakezun zerbait izan daitekeela gure gorputza. Baina gure gorputza bortxatua bada, imajinatu zer den zure etxean bortxatua sentitzea. Gure gorputza gudu zelai bat denean, eta ez duzunean horretarako baimenik eman, zaila da egoerari buelta ematea.

Zer egin behar da gerran emakumezkoen egoera konpontzeko?

Setaweet erakunde feministak hiru neurri proposatu ditu. Lehena, gatazkak amaitu behar duela, eta emakumeek jasan duten indarkeria politizatzeari utzi behar zaiola. Bigarrena, neurriak hartu behar dituztela bai gobernukoek, baita TPLFkoek ere. Izan ere, Genevako Hitzarmenean, eta konstituzioan ezarritako zenbait lege urratu dituzte gerran. Eta legalki ere, erantzun bat eman behar zaio gatazkari. Hirugarrenik, nahiz eta Elkarrizketarako Batzorde Nazionalean genero ikuspegia landu den, emakumeenparte hartzea azalekoa izan dela, eta haien presentzia handitu behar dela.

Hain justu, hitzaldian esan duzu batzorde horretako hogei kideetatik soilik bi edo hiru zirela emakumeak. Zein ote dira parte ez hartzearen arrazoiak?

Batzordean parte hartu behar zutenek izendatuak izan behar zuten, eta emakume asko ez dira izan izendatuak edota askok ez dute proposamena onartu. Batzordeko kide ez izateko arrazoien artean pisutsuena da ez direla fidatzen prozesuaz. Jendeak zalantzan jartzen du prozesuaren eraginkortasuna. Hainbat faktore sartzen dira jokoan, baina bake prozesua aurrera eramaten bada, beharrezkoa da emakumeen ahotsa presente egotea.

Emakumeen kontrako indarkeria politikoak munduko «ia eskualde guztietan» egin du gora azkeneko lau urteotan, ACLEDek abenduan argitaratutako txostenaren arabera. Indarrak batu behar dira arazoari irtenbidea emateko?

Munduko emakume guztiek arazo berberei aurre egiten diete: depresioa, indarkeria patriarkala... eta beharrezkoa da aliantza global bat egotea emakumeon artean. Baina xehetasunak desberdinak dira gure herrialdean, eta konkretuki gatazka testuinguru honetan gertatu diren egoerak. Nahiz eta patriarkatuaren izaera partekatzen dugun, eta emakumeoi gizatasuna kentzen diguten arren, herrialde bakoitzeko egoerak bere xehetasunak ditu. Indarkeriaren gaineko kontzientziazioa oso garrantzitsua da. Alabaina, munduko mugimendu askok huts egiten dute pertsona zuriz beteta daudelako, eta askotan baztertzaileak izaten direlako.

Zergatik sartu zinen Setaweet mugimendu feministan?

[Denbora bat pasatu du pentsatzen]. Beti izan dut grina emakumeen kontuetan. Izena eman nuen mugimendu honetan sartzeko beharra sentitu nuelako. Azken bi urteetan konturatu naiz ezer ez dela gertatzen bakartuta bagaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.