Aitor Ziarreta. Ekonomia katedraduna EHUn

«Argindar fakturaren zati bat jaits daiteke, eta jaitsi behar luke»

Berriztagarrien kostu txikiagoek fakturaren zati aldakorrera iritsi beharko luketela uste du ikerlariak. BiRTE taldeak azterketa bat egin du araudien inguruko ziurgabetasunek izandako ondorioei buruz.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Berriztagarrietatik datorren argindarraren prezioa aldakorra izan daiteke, haien ekoizpena ez delako segidakoa izaten. Baina prezio askoz aldakorragoak eragiten ditu araudien inguruko segurtasun faltak. EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko BiRTE ikerketa taldeak ondorioztatu du hori, 2002tik 2017ra bitarteko prezioei begiratuta. Aitor Ziarreta, Cristina Pizarro-Irizar eta Ainhoa Zarraga izan dira ikerketaren egileak, zeina Energy Economics aldizkarian argitaratu den.

Zuen lanaren ondorio nagusia da araudi aldaketek eragina izan dutela Espainiako eta Hego Euskal Herriko argindarraren prezioan, baina ez hainbeste aldaketengatik, baizik eta haiek sor ditzaketen ziurtasun gabeziengatik. Nola iritsi zarete ondorio horretara? Zer gertatu zen?

1998an Europaren aginduz Espainiako argindar merkatua liberalizatu zenean, gauzak ez ziren ondo egin. Hainbat ikerketa egin ziren eta egin genituen, ikusteko ez zela merkatu lehiakorra, gutxi batzuk zeudelako lehian. Gero, argindar merkatu bateraturanzko asmoetan, zeina oraindik osatzeko prozesuan dagoen, 2007an Europatik eskualdeko merkatuak bultzatu ziren, eta Espainiak eta Portugalek MIBEL merkatu bakarra eratu zuten.Urte horretan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak berriztagarrientzako laguntzak sortu zituen, zuzenean sorkuntza laguntzeko.

Instalazioak laguntzeaz gain, sortutako megawatt-ordu bakoitza ere laguntzen zen. Berriztagarrietako argindar hori 0 euroan saltzen zenez, argindarraren prezioa dezente jaitsi zen, eta 2010ean argindarra merkeagoa zen Espainian Frantzian baino. Ideia ona zen, baina zenbat eta berriztagarri gehiago, ekoitzitako megawatt-ordu gehiago lagundu behar ziren, eta une batean argindar merkeagoak jada ez zuen konpentsatzen laguntzen gastua; ordurako, haize errotek ez zuten laguntzarik behar. Baina dirua ematen jarraitzen zen, eta tarifa defizita izugarri hazi zen, inork espero baino gehiago. Eta Espainian gastu hori herritarrek fakturetan ordaindu behar zuten, eta ez zihoan gobernuaren aurrekontuetatik. Defizita hainbeste handitu zen, hura fakturan mantentzea sozialki eramanezina bihurtu baitzen, eta zati handiena titulizatutako zor bihurtu zen, zeina gobernuak ordaintzen duen, —eta kontsumitzaileek euren fakturaren zati batean—.

Mariano Rajoy iritsi zenean, laguntzak bertan behera utziko zituela esan zuen, araudi berria ezarriko zuela. Baina araudi berri horrek bi urte behar izan zituen iristeko, 2011. urtetik 2013ra; enpresak kontra zituen, auzibideak zabaldu ziren, berriztagarrietarako inbertsioetarako baldintzak zein izango ziren ez zegoen batere argi. Dena airean, ziurgabetasunak oso aldakor bihurtu zituen prezioak. Teknika ekonometrikoak erabiliz neurtu dugu hori, bi urte horietan izan zela aldakortasuna, ez aurreko bi urteetan, ez 2013az geroztik.

Prezioen aldakortasun hori herritarren fakturan igarri zen.

Aldakortasuna handia zen, baina gorabehera horiek sekula ez ziren kontsumitzaileen mesedetan; faktura ez zen txikitu: horretarako, denbora luzez izan behar dute txikiak handizkako merkatuko prezioek.

Aldakortasunak, gainera, izango zuen eraginik berriztagarri gehiago ezartzeko inbertsioetan ere.

Erabat geratu zen inbertsioa, baita teknologia berrietan ere. Zein arriskatuko zen, ez bazekien gero merkatuan sartzerik izango zuen ere.

2013an, Rajoyk bere aldaketa ezarri zuenean, gauzak egonkortu egin ziren.

Aldaketa batzuk ondo zeuden, eta ez da ahaztu behar Europak behartutakoak zirela. Berriztagarrien esparru berrian ez ziren laguntzen ekoitzitako megawatt-orduak, baizik eta sortzaileei errentagarritasun bat bermatzen zitzaien, batez ere horren helduak ez ziren teknologietan. Laguntza hori kontrolatu egiten zen, eta ikusten bazen halako teknologiak, demagun eolikoak, ez zuela errentagarritasun arazorik, laguntza kendu egiten zen. Tarifetan ere aldaketa onuragarriak ziren. Hori bai, azken prezioan ez zen alde handirik antzeman; izan ere, esku hartzea handiegia zen oraindik, eragile gutxirekin eta...Gure ikerketak dio ziurgabetasuna ezabatu zela, aldakortasuna baretu zela, baina ez diogu prezioa efizientea denik, egokia denik.

Orain aldaketa gehiago datoz.

Karbonogabetzea behartuta dator Europatik, eta hor funtsezko gauza bat ez da egin orain arte: ikatzezko zentralak ixtea. Alderantziz, Espainiak 2016an gehiegizko ahalmen instalatua zuen, berriztagarriak bultzatzearekin batera, gas naturaleko ziklo konbinatua ere lagundu zelako, eta gainera, ikatza ere laguntzen zen.

Ikatza kendu behar zen, eta kenduko dira zentralak. Berriztagarrien aldeko apustua egingo da.

Bai, eta ziklo konbinatuak hor egongo dira, gas naturala erabilizsustengu energia moduan berriztagarriek eskaria betetzen ez dutenerako. Kutsatzaileak dira, baina ikatza baino gutxiago eta beste teknologiak garatu artean... Gainera, jada eraikita dauzkazu. Bizkaiko Badia dugu hemen. Eta zentral nuklearrak ere bai, nahiz eta ez izan oso popularrak. Berriztagarrien dibertsifikazioa ere izan behar dute helburu araudi berriek: ez egotea soilik bi iturriren mende. Klima aldaketarekin, iturri hidroelektrikoak ere bere mugak izango ditu.

Berriztagarrien enkanteak iragarri ditu Espainiako Gobernuak.

Egin dira aurretik ere. Helburua da mix energetikoa dibertsifikatzea. Adibidez, detektatzen bada beharrezkoa izango dela teknologia jakin bateko kapazitate instalatuaren kantitate bat, enkante bat antola dezakezu, eta, horrela, haizerik ez dagoenerako, agian itsasoaren indarra baliatu ahalko da, edo eguzkia... Horrez gain, enkanteekin merkatuan eragile gehiago sartzeko atea zabalduko duzu, eta jada hor daudenen oligopolio boterea eta haienganako mendekotasuna murriztu. Lehen baino txikiagoa da botere hori, baina garrantzitsua oraindik.

Arau eta enkante berriek kontsumitzaileen faktura txikitzeko balioko dute? Berriztagarrien kostu txikiago horiek igarriko ditugu?

Gure fakturaren zati bat, erdia inguru, finkoa da, ez da mugituko tarifa defizita ordaindu arte, eta urteak pasatuko dira hori egin arte. Baina fakturaren beste erdi aldakorra bai, jaits daiteke, eta jaitsi beharko luke. Zail da esatea noiz; berriztagarrien kopuru esanguratsu bat abian noiz jartzen den, horren arabera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.