Armeniako lehen ministroak dimisioa eman du protestengatik

Sarkisianek onartu du manifestarien liderra «zuzen» zegoela. 200 herritar atxilotu dituzte guztira

Manifestazio bat, atzo, Erevan hiriburuan. VAHRAM BAGHDASARYAN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bi aste iraun duten protesten ondoren, Serzh Sarkisian Armeniako lehen ministroak dimisioa eman zuen atzo, eta agintari baten ahotik anitzetan aditu ez diren solasak erran zituen: «Nikol Paxinian [protesten liderra] zuzen zegoen. Ni oker nengoen». Horrela bukatu du hamarkada oso bateko agintaldia, eta Karen Karapetian lehen ministrorde zenak hartu du behin-behinean gobernua zuzentzeko ardura. Sarkisianek presidente gisa agindu du 2008tik, baina 2015ean konstituzioa erreformatu zuten, errepublika parlamentario bihurtu eta boterea lehen ministroari igortzeko. Hilaren 17an, parlamentuak Sarkisian hautatu zuen gobernuburu, eta haren arerioek protestara jo zuten, boterean betikotu nahi izatea leporatzen baitzioten.

«Karrikako mugimendua nire agintaldiaren aurka dago. Zuen eskakizuna beteko dut», adierazi zuen Sarkisianek atzo arratsaldean, herritarrei zuzendu zien mezu batean. «Egoerak baditu hainbat konponbide, baina ez ditut nik hartuko erabakiak. Herrialdeko liderraren kargua utziko dut».

Pozez hartu zuten berria Erevan hiriburuan elkartuta zeuden dozenaka milaka lagunek. Azken egunotan, 200 manifestari inguru atxilotu dituzte; haien artean, Paxinian buruzagia. Herenegun atxilotu zuten, eta atzo goizean utzi zuten aske. «Irabazi duzue, Armeniako Errepublikaren herritar harroak. Herri garailea zoriondu nahi dut», idatzi zuen Paxinianek Facebooken, dimisioaren berri izan ondoren.

«Demokraziaren erakusle»

Dimisioak oihartzun zabala izan du nazioartean, hamarkada oso batez boterean errotutako lider sendo batek kargua utzi baitu protesta baketsuen ondorioz, eta protesta horien aurka indarrez jo gabe. «Indarrean dagoen demokraziaren erakuslerik argiena izan da dimisioa», erran dio BBC kateari Hovhannes Nikoghosianek, Sarkisianen bozeramaileak. «Munduko bazter gutxitan gertatzen da protesta batzuen ondorioz lider batek dimisioa ematea». Oraingoz, gobernu berak jarraituko du agintean, eta parlamentuko gehiengoaren babesa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.