Nestor Hernandez. Honduras Diversako zuzendaria

«Zigorgabetasuna da nagusi gorroto delituen %90etan»

Munduko herrialde bortitzenetako batean giza eskubideen alde aritzea ez da erraza. Hernandezek dio mehatxuak eta jazarpena egunerokoak direla eta gobernuak ez duela ezer egiten.

HONDURAS DIVERSA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Nestor Hernandez (1996, Tegucigalpa) Honduras Diversa erakundeko zuzendaria da. Han, munduko herrialde bortitzenetako batean, gazteekin eta LGTB komunitateko kideekin egiten du lan, etorkizun hobe bat sortzeko helburuz. «LGTB komunitateko kideak erabat baztertuta daude hemen. Poliziak ez ditu ikertu ere egiten haien aurkako erasoak. Transexualen egoera da okerrena, haiek direlako ikusgarrienak, eta maiz ez zaielako geratzen prostituzioa beste lanik». Hernandez Euskal Herrian izango da tarte batez, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak zuzendu eta EAEko CEAR-ek kudeatzen duen giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko programaren bidez.

Nola dago gaur egun LGTB komunitatea Hondurasen?

Hondurasek baditu berezko hainbat arazo; besteak beste, politikarien borondate falta giza eskubideekin lotutako arazoak konpontzeko; mundu mailan alor horrekin lotutako hainbat akordio izenpetu badituzte ere, ez dituzte bete, ezta Konstituzioan sartu ere. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren eta Nazio Batuen Erakundeko idazkaritzaren aholkuak ere ez ditu bete.

Egun, hamar dira talde zaurgarriak. Guk gazteekin lan egiten dugu, baina baita LGTB komunitateko kideekin ere: jatorri afrikarra dutenekin, indigenekin, ezintasunak dituztenekin... Talde horien egoera ahulagoa da, erasoak jasateko eta baztertuak izateko arrisku handiagoa baitaukate. Hezkuntza sistematik baztertuak izateko aukera gehiago ere badituzte, eta horrek etorkizunean lan duin bat lortzeko aukerak murrizten dizkie. Gainera, pobrezian bizi direnen kopurua geroz eta handiagoa da; gaur egun, herritarren %50 bizi dira pobrezian, eta %40 muturreko pobrezian daude.

Ez da testuinguru erraza.

Ez. LGTB komunitatearen kasuan, sistema patriarkal eta matxistak ezarritako arauetatik kanpo bizi denez, etengabekoak dira jazarpena eta bazterketa. Alde horretatik, transexualen egoera da okerrena, haiek direlako ikusgarrienak, eta maiz ez zaielako geratzen prostituzioa beste lanik. Ez dugu ahaztu behar 2009tik 355 gorroto delitu egin dituztela, gay, lesbiana eta transexualen aurka: kasu horietatik %90etan zigorgabetasuna izan da nagusi; eta beste %10etik gehienak errugabetu egin dituzte. Gizarte zibilak aurkeztutako datuak, gainera, ez datoz bat estatuak aurkezten dituenekin, eta horrek frogatzen du akatsak daudela ikerketaren alorrean.

Lege babesik baduzue?

Horiek ere erabat baztertzaileak dira. Adibidez, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza erabat debekatua dago, eta ezin dute haurrik adoptatu. Horrez gain, badago Polizia eta Elkarbizitza Legea deritzona ere, zeinak eskumena ematen dien segurtasun indarrei «moralaren eta ohitura onen aurka» egiten duen edonor atxilotzeko. Hala, poliziek euren aurreiritziei kasu egiten diete transexualak legez kanpo atxilotu, torturatu eta bortxatzeko. Bestetik, genero identitateko legerik ez dagoenez, nahikoa da zure nortasun agiriko argazkia eta zure itxura bat ez etortzea polizia etxera eraman zaitzaten.

Testuinguru horretan, batere aldaketarik izan da azken urteetan?

Ez. Gobernua krimen hauen guztien konplize bilakatu da. Giza eskubideen alorrean egindako azken azterketan, Hondurasi hainbat aholku eman zizkioten, batez ere LGTB komunitatearen inguruan, eta horietatik soilik hiru landu dituzte orain arte, eta ez ditu gobernuak aztertu, gizarte zibileko erakundeek baizik. Egia da gobernuak diru laguntzak ematen dizkiela LGTB komunitatearekin lan egiten duten erakundeei, baina horrek ezer gutxi balio du, komunitateko kide guztiak ez baitira erakundeotako kideak edo ez baitute horietara jotzen.

Uneotan, erakundeak lanean ari gara berdintasun lege baterako proiektu batean. Transexualentzako genero identitateko lege batean ere ari gara lanean. Azkenean, halako egitasmoak gizarte zibiletik irteten dira, gobernuak ez duelako borondaterik erakusten bere kabuz ezer egiteko. Egia da Zigor Kodean badela artikulu bat dioena ezin dela inor baztertu bere genero edo ideologiarengatik, baina ez da betetzen. Aurkeztu dira salaketak banakoen, komunikabideen, elizen eta baita presidentearen beraren aurka ere, baina ez dituzte aintzat hartu

Zein da testuinguru honetan zuen eskari nagusia?

Asko ditugu, baina oraintxe kanpaina betean daude LGTB komunitateko kideen aurkako birmoldatze teknikak eta bideratze praktikak deitzen diren horiek, eta eskatzen dugu zigor ditzatela komunitate horren aurkako gorrotoa bultzatzen duten eta homosexualitatea gaixotasun gisa aurkezten duten erakunde erlijiosoak. Jada bildu ditugu 100.000 sinadura. Gu ez gara letra hutsak; pertsonak gara, eskubideak dituzten norbanakoak, eta prest gaude gure eta gure ondorengoen etorkizunaren alde borroka egiteko. Ez dugu belaunaldi galdua izan nahi; errealitatea aldatuko duen belaunaldia izan nahi dugu.

Lan handia egiten ari zarete, baina ez da erraza izango halako egoera batean lan egitea.

Hondurasen giza eskubideen alde ari garenok egunero jasan behar ditugu mehatxuak, xantaiak eta jazarpena. Inoiz ez dut ahaztuko iazko urriaren 10a. Orduan jaso nituen lehen mehatxuak, eta lau egun geroago nire lehengusua hil zuten, nire etxetik 150 metrora. Baina orain hemen gaude, Euskal Herrian, eta lan politikoa egiteko aukera dugu, hemengo erakunde eta instituzioekin elkarlanean aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.