Rosa Lavin. Konfekoopeko presidentea

«Kooperatiben artean elkartasun handia egon da pandemian»

Iazkoa urte gogorra izan zen, baina Lavin harro dago kooperatibek erakutsi duten sendotasunaz. Aldarrikatu du ekintzailetzarako apustu segurua direla, eta irtenbide aproposa lekukoa nork hartu ez duten enpresentzat.

KONFEKOOP.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Euskal kooperatibak pandemia garaitik «indartuta» irten direla esanez amaitu du urteko balantzea Rosa Lavinek (Sestao, Bizkaia, 1973). Eskarmentuz mintzo da, sustraietatik ezagutzen duen enpresa eredu bat delako. 1989an, ISS gizarte zerbitzu kooperatiba sortu zuen beste 29 emakumerekin, eta egun 500dik gora langile dira. 2019an hartu zuen Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lema, eta harro dago duten aberastasunaz: «Hemen industria dugu, nekazari elkarteak, ikastolak, euskaltegiak... Edozein sektoretan sor daiteke kooperatiba bat».

Kooperatibak pandemiatik indartuta irten direla esan duzu. Azaltzerik bai?

Iazkoa urte gogorra izan zen, baina enpresek ezagutza handia pilatu dugu. Kooperatibok ezohiko neurri asko hartu behar izan genituen: malgutasunaren inguruan, soldatetan... Baina kooperatibetan erabakiak hartzea ohikoa da, eta modu bizkor eta demokratiko batean hartzen ditugu. Pragmatismoz jardun dugu, erresilientziaz, eta horrek lagundu digu hemendik sendoago irteten. Konfekoopi dagokionez, positibotzat jo dugu urtea. 2.500 lanpostu berri ditugu elkartearen enpresetan, eta, kooperatiba batzuk desagertu diren arren, gehiago dira sorturikoak.

Aldi baterako erregulazioak, soldatak izoztea... Kooperatiba batean errazagoa al da halako neurriak hartzea?

Bai. Kooperatiba ez diren enpresetan, administrazio kontseilu bat dago, bertikalagoa da. Kooperatiba, aldiz, behetik gora doa; langileak daude erabaki organoetan. Horrelako une bat iristen da, eta horrelako prozesuak naturalagoak dira. Enpresa batzuetan eztabaidak egongo zirela? Ziur asko, bai: normala da.

Urtebete da kooperatiben legea aldatu zela. Nabaritu al duzue?

Enpresen aldetik ez da asko nabaritu, batez ere erabakiguneetan koronabirusa izan delako lehentasuna. Baina konfederazioaren aldetik lan handia egin dugu erreminta berri horiek azaltzeko: estatutuak aldatu, gidak egin...

Kooperatibak ez diren enpresekin bat egiteari atea ireki zaio. Izpiritua arriskuan al dago?

Bat egiteak, zatiketak, langile ez-kooperatibisten kopurua %30era handitzea... Malgutasun pixka bat behar genuen lehiakorrak izateko. Nazioarteko lehia gero eta zorrotzagoa da, eta behar genuen arnasa pixka bat. Baina guk ez dugu gure idiosinkrasia galduko. Gu gizarte transformaziorako apustua gara, eta horren oinarria pertsonekin lan egitea da.

Porrot eginez gero kooperatibisten ondasunak arriskuan ez egotea aldea da.

Ondasun erantzukizuna kapitalean sarturikora mugatzen da. Kooperatiben aurka erabiltzen zen argudio bat zen: «Mozkinak badaude, irabazi egiten duzu, baina galtzen baduzu...». Bada, orain, jarritako kapitalera mugatzen da. Ekintzaile askok jotzen dute kooperatiben bidetik, eta aldaketa hori garrantzitsua da haientzat.

2008ko krisiaren ondoren, asko ugaritu ziren kooperatibak. Antzeko zerbait espero duzue orain?

Hala izaten ari da. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, 50 kooperatiba sortu dira, eta, egoera ekonomikoa ikusita, ez da oso normala. Ekintzailetza kolektiboa irteera on bat da, eta ez bakarrik krisi garaian: ixtera doazen familia enpresak mantentzeko, negozio jakin batzuk biziberritzeko...

Enpresa elkarteek onartu dute familia negozio batzuk funtsen esku eror daitezkeela.

Hala da eta. Kooperatiba bilakatuz gero, lurraldean errotuko da. Funts bat badator, dirua kanpokoa da, eta auskalo non errotuko den.

Kooperatibak badu mistizismo moduko bat: elkartasuna, ardura soziala... 2021. urtean mantendu al daiteke halakorik?

Ez da mistika: balioak dira. Pandemian elkartasun handia egon da kooperatibetan, barnekoa zein kanpokoa. Postu bateko jendea beste batera igaro da, etakooperatiba handiek beste batzuetan tokirik gabe gelditutako jendea xurgatu dute. Nekazaritza kooperatibek salmenta kanal propioak partekatu dituzte.

Nolakoak dira kooperatiba berriak?

Zerbitzuen sektorekoak batez ere. Denetarik dago: eraikuntza, ostalaritza...

Kooperatibismoa Debagoieneko enpresa handiekin lotzen da. Hori aldatzen ari al da?

Eredua, ez. Industria sendo hori hor dago, eta iraun dezala. Egia da kooperatiba berriak ez daudela industrian. Erronka bat dugu: tailer txikiak, fabrikak, lekukoa hartuko duenik ez dagoelako ixtera doazenak... horietara iristea.

Kooperatibismoa ekonomia alternatiboarekin lotzen da egun.

Bai, beste eredu bat delako. Ez du zerikusirik ohiko enpresa ereduarekin. Sartzen denak egitasmoan pentsatzen du; ez duzu erortzen uzten. Nire kooperatiban ikusi dugu orain: gizarte zerbitzuen sektorean gaude, 500dik gora pertsona gara, eta iaz erabaki asko hartu genituen.

Zaila dirudi orain kooperatiba handi bat sortzeak: zurea bezalako bat, 500 lagunekoa.

Baina 32 urteko bidea dugulako da hori. Nire kooperatiba 1986an jaio zen, eta 30 emakume ginen. Hazi egin gara, dibertsifikatuz. Daudenei hazten laguntzea da bidea.

Lanbiden sartu nahi duzue, eta zuk esan duzu borondate politikorik eza dela traba.

Elkargin gaude, Osalanen, eta Lanbiden egon nahi dugu, Jaurlaritzarekin, Confebaskekin eta sindikatuekin. 2019an txosten juridiko bat eskatu genuen, eta hark dio eskubidea dugula. Nafarroako enplegu zerbitzuko kontseiluan bagaude, eta Euskadikoan ere egon gaitezke. Partidako epailearen borondatea falta da, eta epailea Jaurlaritza da. Ez diogu aulki bat kendu nahi Confebaski; guk gure iritzia eman nahi dugu, eta begirada berri batekin sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.