NBEri 847 milioi hitzeman dizkiote gobernuek, Afganistanera bidaltzeko

Talibanek txalotu egin dute NBEren egitasmoa, eta erakundeari esan diote ez dietela trabarik jarriko giza laguntzan jarduten dutenei

Arabiar Emirerri Batuetatik Kandaharko aireportura iritsitako elikagai eta sendagai kargamentu bat. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Talibanek boterea hartzeak eta, ondotik, nazioarteko funtsen iturria itxi izanak hondoratuta utzi du Afganistango ekonomia, eta horren ondorioak geroz eta larriagoak dira herrialdean. MB Munduko Bankuaren arabera, herrialde bat besteen menpekotzat hartzen da, bere BPG barne produktu gordinaren %10 gutxienez atzerriko laguntzetatik badatorkio. Bada, azken 20 urteetan, portzentaje hori %40 izan da Afganistanen, eta, talibanek agintea hartzeaz bat, kolpetik eten dira funts horiek. MBk, Nazioarteko Diru Funtsak eta AEBetako Erreserba Federalak funtsak eten izanaren ondorioz, Afganistango bankuek itxi egin behar izan zuten, eta kutxa automatikoetatik dirurik atera ezinda geratu ziren herritarrak.

Zabalik daude berriz banku gehienak, baina gehienez ere 20.000 afgani —196, 71 euro— eskuratu ditzake herritar bakoitzak astero. Ehunka lagunek gaua bankuen kanpoaldean igaro du egunotan, gainerako herritarrek dirurik gabe utzi aurretik beren funtsak erretiratzeko itxaropenez. Eta, bitartean, diruaren debaluazioari ahal bezala aurre egiten ari dira beste asko; haien ondasunak jatorrizko balioa baino askoz merkeago salduz, besteak beste.

Laguntza humanitarioa bideratzeko asmoa dutela behin eta berriz esan dute Mendebaldeko gobernuek, baina laguntza hori ez dute nahi talibanen eskuetan utzi. Hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak konferentzia bat egin zuen atzo, helburutzat jarrita 509 milioi euro biltzea Afganistanera bidaltzeko. Azkenean, zenbateko hori aise gainditu zutela jakinarazi zuen Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak, eta denera 847 milioi euro emateko prest azaldu zirela konferentzian parte hartutakoak.

Helburuarekin bat eginagatik, bertan parte hartzekoak ziren gobernu askoren kezka da nola inbertituko den diru hori, jakinda talibanen galbahea igaro gabe banatzea ia ezinezkoa dela.

Martin Griffiths NBEren Auzi Humanitarioetarako idazkariordeak atzoko bileran jakinarazi zuen talibanek erakundeari ziurtatu ziotela Afganistanen giza laguntza ematen lan egiten dutenei ez dietela trabarik jarriko, gobernuarekiko modu independentean lan egin ahalko dutela eta emakumeek ere egin ahalko dutela lan hori. Abdul Ghani Baradar Afganistango gobernuburuordeak bidalitako gutun baten bidez jaso zituen NBEk azalpenok.

Zabihula Muyahid talibanen bozeramaileak, bestalde, txalotu egin zuen NBEren asmoa, eta adierazi zuen «garden» arituko dela jasotako laguntzekin. Laguntza eskea luzatu zion, halaber, nazioarteari: «Munduak gurekin kolaboratu behar luke. Herrialdearen segurtasuna mantendu dugu, eta jendeak arazo ekonomiko handiak ditu; janaria eta sendagaiak falta dira».

Unibertsitatean, bananduta

Herenegun, talibanek ziurtatu zuten emakumeek unibertsitatean ikasi ahalko dutela Afganistanen, baina, betiere, gizonengandik banatuta eta hijaba jantzita. Abdul Baqi Haqqani Goi Hezkuntza ministroak iragarri zuen neurria, eta gaineratu zuen soilik emakumeek eman ahalko dizkietela klaseak. Neurria justifikatu zuen esanez gizonekin batera ikastea «islamaren eta Afganistango balio kulturalen aurkakoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.