Eliezer Zamora Perez. CNIko zinegotzia

«Bizitzaren Aldeko Itzuliarekin bat egitera deitzen ditugu herriak»

Nazioarteko enpresa handiak Mexikon egiten ari diren sarraskiak abiapuntu hartuta etorri dira CNIko kideak Euskal Herrira; baina Zamorak ohartarazi du kalteak mundu osoak pairatuko dituela.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa elizegi egilegor
Andoain
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistarekin etorri da Euskal Herrira CNI Batzar Nazional Indigena, eta hango zinegotzi den Eliezer Zamora Perez. Transnazionalak Mexikon egiten ari diren sarraskia salatzea eta ingurumena zaintzeko mundu mailako sare bat osatzea dute helburu, besteak beste. «Ideologiak baztertu, eta elkartu egin behar dugu, klima aldaketaren eta enpresa handi horien guztien aurka». Andoainen hartu duBERRIAk.

Espero zenuten babesa jaso duzue?

Bai. Ezagutu dugu jende asko gure antzera dagoena, eta bere lurraren alde eta ingurumenaren alde borrokatzeko prest dagoena. Bidaia amaitutakoan, CNIren batzar orokor batean bildu beharko dugu, ordezkaritzekin batera, eta jarraian gure herrietara itzuliko gara informatzera. Baina bidaia ez da hemen bukatzen. Prest gaude gonbidapen gehiagori erantzun eta mundu mailako bira honekin jarraitzeko.

Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek hauteskunde kanpainan esan zuen transnazionalak kanporatuko zituela, eta bere alde bozkatzeko eskatu zuen. Baina, irabazitakoan, baztertu egin zintuzten. Uste duzu bira honek jarrera aldaraziko diola?

Jatorrizko herriak Mexikotik irten baino lehenago genuen itxaropen hori. Orain, gure helburua ez da haren agintzeko modua aldatzea. Uste dugu honek oihartzuna izango duela mundu osoan. Larrialdi dei bat egiten dugu indigenek eta ez-indigenek bat egin dezagun goragoko agintariak mugiarazteko; dei egiten diogu NBEri ere [Nazio Batuen Erakundea], etor dadila ikustera zer egiten ari diren transnazionalak Morelosen [Mexiko], eta har ditzala neurriak klima aldaketa gelditzeko. Egin dezatela beren lana jatorrizko herriak hondamendietan desager ez daitezen, ez baita denborarik geratzen kutsatzen jarraitzeko. Erietxera hilzorian iritsi den gaixo bat dugu, berehalako tratamendua behar duena.

Herri aberatsei dagokie mugitzea?

Horiei ere badagokie zerbait egitea, haiei ere kalte egingo baitie honek guztiak. Datorren suntsitze honek ez ditu pobreak soilik joko edo aberatsak bakarrik; denok joko gaitu. Eta larri gaudela diot; izan ere, guk, indigenok, entzun egiten dugu ama lurrak deitzen gaituenean: ulertzen dugu ama lurra oso haserre dagoela, sumendiak pizten hasi direlako, poloak urtzen. Suntsitze horiek kontinente guztietan izango dute eragina, eta munduko teknologiarik aurreratuenak ez du balioko horri aurre egiteko. Guk bakarrik egin ahalko diogu aurre datorrenari. Ezin dugu esan bost edo hamar urte barru halako edo bestelako neurriak hartuko ditugula, ez; honi orain egin behar zaio aurre, urtebeteko epean. Horregatik, herri indigena gisa dei egiten diegu herri, estatu eta nazioei bat egin dezaten gurekin Bizitzaren Aldeko Itzuli honetan.

Ideologia orotako jendeari egiten diozue dei?

Argi dugu alde batera utzi behar ditugula ideologia, kolorea eta bestelako desberdintasunak. Kolonialismoa deitzen den hori kendu behar dugu gure azaletatik, baita patriarkatua ere, desberdin pentsarazten digutelako, sinetsarazten digutelako emakumea, beltza edo pobrea izateagatik besteek baino gutxiago balio dugula.

Dei egiten dugu mundu osoa suntsitzen ari diren transnazional horiek geldi daitezen. Honek ondorio larriak izango ditu eta. Horregatik eskatzen diegu NBEri eta nazioarteko beste erakundeei eser ditzatela herrialde horietako presidenteak, eta batez ere Mexikokoa. Morelosen jarri duten zentral termoelektriko horrek herriak eta nekazaritza suntsituko ditu, eta horregatik esan behar diote Mexikoko presidenteari zentral termoelektriko hori kendu egin behar duela hortik.

Morelosen eraiki duten zentral termoelektrikoa izan da Europara etortzeko arrazoietako bat, ezta?

Bai, baina Moreloskoa ez da bakarra; Mexikon mendi asko ari dira suntsitzen: Mexicalin ura kentzen ari dira, garagardotegi bat egiteko; Sonoratik litioa eta silizioa eramaten dituzte; Hidalgon ura ateratzen ari dira aireportu bat egiteko; Morelosen bertan meategi irekiak ditugu, Xochicalcoko gune arkeologikoen aldamenean; Jaliscon lurrak desjabetzen ari dira urre eta zilar meategiak zabaltzeko; Veracruzen frackinga erabiltzen ari dira gasa ateratzeko, eta lurra apurtzen; Pueblan, Danone enpresa ura kentzen ari zaigu; Oaxacan haize errotak ezarri zituzten, herriari galdetu gabe; Zacatecasen, zilar meategi bat jarri zuten, eta Salamanca herria desagertu egin zen; hor ditugu Campeche, Chiapas eta Quintana Roo ere, non tren maia ezarri zuten, herriari galdetu gabe, eta zenoteak ere desagertzen ari dira, baita mangladiak ere, hotelak eraikitzen ari baitira maien lurra izan zenean.

Beldurra baliatzen dute gu banatzeko, eta gaur ikusten dugu herrialde bakar batek ere ez duela protestarik egiten; ondo diseinatutako esklabotza mota bat da hori ere. Gure kontzientziak iratzarri behar ditugu, eta goikoei esan behar diegu euren gobernatzeko moduak ez duela balio, uste dutelako suntsitzea dela eurentzat hoberena. Horregatik dei egiten diegu gainerako herriei, bat egin dezaten gurekin eta EZLNren itzuliarekin.

Mexikoko hauteskundeetara aurkezteko asmorik baduzue, sistema barrutik aldatu ahal izateko?

Ezin dut esan berriz ere parte hartuko dugunik [2017ko bozetara aurkeztu ziren], halako erabakiak herrietan egiten diren kontsultetan hartzen baitira.

EZLNrekin batera etorri zarete zuek Europara, baina bidaia hau ez duzue esku hutsik egin: zuekin ekarri dituzue gobernu berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriak biltzen dituzten printzipioak ere.

Mexikoko 32 estatuak ordezkatzen ditugu, eta horregatik diogu gure herrietan gobernatu nahi duenak izan behar dituela ezaugarri jakin batzuk: zerbitzatu, eta ez nork bere buruaren alde lan egin; eraiki, eta ez suntsitu; ordezkatu, eta ez bestearen tokia hartu; konbentzitu, eta ez garaitu; eskatua egin, eta ez agindu; jaitsi, eta ez igo; proposatu, eta ez inposatu. Gure anaia zapatisten oinarriak dira horiek, eta guk horiei eusten diegu. Jatorrizko herrien hazia gara, eta esan nahi diegu haien konkistak ez zuela ezertarako balio izan, indigenok hemen baikaude oraindik, eta haziak banatzen ari baikara mundu osoan.

Desagertutako kideentzako justizia ere eskatzen dugu: Ayotzinapan [2014an] desagertutako 43 ikasleentzat; justizia eskatzen dugu Morelosen hil zuten Samir lagunarentzat ere [transnazionalen aurkako ekintzailea zen, eta etxe aurrean hil zuten].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.