Xabier Mikel Azparren. Euskalteleko txirrindularia

«Mentalitatea aldatu dut, eta txirrindulari ona naizela sinetsi»

Bigarren urtea du Azparrenek profesionaletan, eta «pozik eta harro» dago ematen ari den aurrerapausoarekin. Alentejoko itzulian lehen garaipena lortu ostean, gehiagoren gosez dago.

J. CALLADO.
enaut agirrebengoa
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Borrokalari petoa da Xabier Mikel Azparren (Donostia, Gipuzkoa, 1999). Ihesean bizi du txirrindularitza, ahal duen bakoitzean ateratzen baita tropelaren gerizpetik. Eta irabazlea ere bada, Alentejoko itzulian erakutsi duenez: lehen garaipena lortu zuen profesional gisa, eta liderraren elastikoa bereganatzeko zorian izan zen. Loraldi betean, Miguel Indurain Saria eta Euskal Herriko Itzulia izango ditu hurrengo helburuak.

Zer sentitzen da profesionaletan irabazita?

Lan askoren emaitza da, eta poztasun handia sentitzen da. Urteak daramatzazu lanean, sakrifizioak egiten, eta handia da esfortzu hori guztia biribildu ahal izatea. Helmuga igaro, Lobato besarkatu, eta negarrez hasi nintzen.

Zorion malkoak isuri zenituen. Etxera itzultzean, ordea, pena apur bat ere izango zenuen, sailkapen nagusiko garaipenak bost segundo eskasengatik egin baitzizun ihes.

Oso lehiakorra naiz, eta pena handia ematen dit erlojupekoa eta sailkapen orokorra irabazi ez izanak. Nire helburua irabaztea da beti. Baina orain, etxeko lasaitasunetik ikusita, balio handiagoa ematen diot lortutakoari. Hasi aurretik, ziur sinatuko nuela etapa bat irabazi eta lasterketa bigarren postuan bukatzea. Oso harro nago egindako lanaz, bai nire aldetik, baita taldearen aldetik ere. Lobatok azken etapa irabazi zuen, eta taldekide guztiek ahalegin handia egin dute ni babesteko. Garaipenek zapore berezia dute taldekideek beren helburuak alde batera utzi eta zuretzat lan egiten dutenean.

Probarik handienetan, ihesaldien borrokan jartzen duzue arreta. Baina lasterketen ardura hartzen ere badakizue, Alentejon ikusi denez.

Nire ustez, oso garrantzitsua da halako lasterketetan txipa aldatzea. Oso ondo dago Itzulian edo Vueltan ihesaldiak harrapatzea, baina World Tourreko talderik ez dagoen lasterketetan, garaipenen lehian sartu behar dugu. Ausardia izan behar dugu arriskuak hartzeko. Nire ustez, merezi du aurrerapauso hori egitea.

Batez ere, lider gisa hazten jarraitzen baduzu. Nola ikusten duzu txirrindulari gisa izaten ari zaren garapena?

Oso ondo egokitu naiz goi mailako txirrindularitzara. Pozik eta harro nago azken urte eta erdian egindako lanarekin eta aurten egiten ari naizen urratsarekin. Beste puntu bat eman zidan iazko Espainiako Vueltak, eta Algarveko Itzulia ere mugarria izan daiteke nire ibilbide profesionalean [hamaseigarren egin zuen sailkapen nagusian]. Mentalitatea aldatu dut azken lasterketetan, eta sinetsi txirrindulari ona naizela, eta ondo molda naitekeela astebeteko itzulietan. Ez nau gainditzen sailkapen nagusirako lehiatzeak dakarren presioak. Horrez gain, gogotsu nago garaipen gehiago lortzeko. Urrutitik egin behar dut eraso: ez naiz oso azkarra, eta, irabazteko, bakarka edo beste txirrindulari batekin iritsi behar dut helmugara.

Oso iaioa zara erlojupekoetan, Algarven erakutsi moduan: besteak beste, Jonathan Castroviejo eta Geraint Thomas baino azkarragoa izan zinen.

Bigarren etapan hasi zen dena, Foiako igoeran. Helmuga igarota, sentitu nuen apur bat estutuz gero aurrean sar nintekeela. Filosofia hori hartu nuen hurrengo etapetan. Neure buruarengan sinesten hasi nintzen, eta hori Malhaoko igoeran eta erlojupekoan islatu zen. Indar handia behar den saio luzeak dira egokienak niretzat. Hogei minututik gorako esfortzuan ateratzen dut onena. Alentejokoa nahi baino laburragoa eta tenteagoa zen, baina irabaztear izan nintzen. Espezialista bihurtu nahiko nuke estatu mailan; begiz joa dut Espainiako Txapelketa.

Ihesaldiz ihesaldi ibili zara. Gozatu egiten duzu tropeletik eskapo eginez, ezta?

Hori da taldearen filosofia. Gainera, ihesaldiak oso ondo etorri zaizkit denboraldi hasieran. Lesio bat izan nuen urtarrilean, eta erritmoa eta konfiantza hartuz joan naiz ihesaldiei esker. Bestalde, helmugan zer eginik ez dagoenean, tropeletik ihes egitea da norbere buruarekin gustura gelditzeko modua. Nik hala ikusten dut, behintzat. Itzulian ere zeresana ematen saiatuko naiz, ihesaldiak harrapatuta. Horrez gain, aurrean sartu nahiko nuke etaparen batean.

Zer beste helburu izango duzu denboraldi honetan?

Ilusio berezia egiten dit Miguel Indurain Saria korritzeak, nire familia inguruko herri batekoa delako. Postu on bat lortu nahiko nuke. Bestalde, Artic Race asko gustatu zitzaidan iaz, eta oso helburu polita izango litzateke sailkapen orokorrerako lehiatzea. Eta, Espainiako Vueltan, etapa garaipen bat dut amets. Egia bihur dadin, amestu egin behar da lehenik. Lehen gauza gonbidapena lortzea zen, eta lasaitua hartu dugu. Buru-belarri prestatuko dugu, lasterketa polita egiteko.

Noren lorratzari jarraitu nahiko zenioke, eta zer amets lortu nahiko zenuke etorkizunean?

Gorka Izagirre daukat ispilu. Oso langilea izan da beti, eta munduko ziklista onenetako bat bilakatu da. Haren antzeko txirrindularia izatera irits naiteke, korritzeko moduagatik batez ere. Konforme nintzateke hark lortutakoaren laurdenarekin. Ametsetan handiena, donostiarra izanik, Donostiako Klasikoa irabaztea izango litzateke, Boulevardeko helmugara bakarrik iritsita. Ospatzeko denbora izango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.